Txikipedia:Medusa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Medusa by Carvaggio.jpg

Medusa greziar mitologian Fortzis eta Zetoren (azpimunduko uretako munstroak) hiru alabetako ederrena da. Esteno eta Euriale dira bere ahizpak, eta hirurak batera Hiru Gorgonak dira. Greziar mitologiako izaki famatuenetako bat da, nahiz eta jainkosa ez izan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Medusak erlazio ona zuen jainko askorekin, Zeus eta Hades tartean, baina guztiz birgina zen, nahiz eta gizon asko zituen atzetik. Horregatik, Atenearen tenpluan apaiz egitea erabaki zuen, birgintasuna aprobetxatuz.

Bertan zegoenez, egunero jende gehiago hurbiltzen zen tenplura, errezatu beharrean neska ikusteko, eta Atenea jainkosa oso jeloskor jarri zen, baina ez zuen neurririk hartu.

Egun batean Medusa hondartzan paseatzen zebilela, Poseidon agertu zen, eta neskarekin maitemindu zen, Medusak ez zuen inolako interesik adierazi, baina Poseidonek ez zuen amore eman, eta egun batean tenpluraino jarraitu zuen, eta Medusak nahi ez zuen arren, tenpluaren barruan bortxatu egin zuen.

Atenea oso haserre zegoen, bere tenpluan pasatu zenagatik, eta Poseidonen errua izan arren Medusa zigortu zuen, jainkoak zigortzea gaizki zegoelako, eta gizonengan jarrera normaltzat hartzen zelako Poseidonek egin zuena. Beraz, Medusari madarikazio bat bota zion, eta arrain buztaneko pizti itsusi bihurtu zuen lehen hain ederra zen neska. Gero, Afroditak ilea sugez bete zion, Medusaren ilearen inbidia zuelako. Medusaren begietara begiratzen zuen guztia harri bihurtzen zuen, eta azpimundura bidali zuten.

Urteak igarota, heroi anitz saiatu ziren Medusa hiltzen, baina ez zen inor itzuli bere kobazulotik. Medusak jaso zuen abusuarengatik haurdun zegoen, eta  Atenea oraindik gehiago haserretu zenez, bere aginduetara Perseo heroia bidali zuen, Medusa hiltzeko. Sorgin moduko Graiek erran ziotenagatik, burua moztuta lortuko zuen Medusa hiltzea, Ateneak emandako ezpata, ezkutua (Medusaren begirada saihesteko), Hadesen kaskoa (ikusezina bihurtzeko), eta Hermesen sandalia hegadunei esker.

Perseok nahi zuena lortu zuen, eta Medusa hil egin zuen. Bere lepotik Pegaso zaldia eta Krisaor erraldoia jaio ziren. Ateneak piztiaren odola gorde zuen, ezkerreko aldeko odola pozoi indartsu bat zen, eta eskuinekoak botere handiak zituen, hilak berpizteko balio zuen.

Nahiz eta Medusaren istorioa oso bidegabea den, gizona zigortu beharrean emakumea zigortzeagatik, kondaira batek dio Ateneak Medusari jarri zion zigorra neskari gizonek min gehiago ez egiteko izan zela, hau da, Medusa babesteko eta Poseidonekin gertatu zen berdina inoiz gehiago ez gertatzeko.