Txikipedia:Nabarmendutako artikulua/2022/11

Wikipedia, Entziklopedia askea

Basoko suteak basoan edo landare ugariko lekuetan gertatzen diren kontrolik gabeko sute handiak dira. Suterik handienetako batzuk basoan gertatzen dira, erregai (zuhaitz eta sasi) asko dagoelako.

Zergatik gertatzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso-sute gehienak gizakiaren erruz gertatzen dira; batzuetan, nahi gabe gertatzen dira, mendian dabilen norbaitek zigarro bat piztuta botatzen duelako, janaria egiteko piztutako sua ez delako ondo itzaltzen edo nekazariek soroetako lastoa erretzeko piztutako suak kontrolik gabe zabaltzen direlako. Beste batzuetan, aldiz, norbaitek nahita pizten ditu suak basoan, norbaiti kalte egiteko, edo bestelako interes batengatik. Nahita eragindako baso-suteak delitua izaten dira.

Beste batzuetan, ordea, arrazoi naturalengatik gertatzen dira; adibidez, tximista batengatik. Dena dela, gure inguruan gertatzen diren baso-suteen % 80 inguru gizakiek eragindakoak izaten dira.

Nola hedatzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faktore askok laguntzen dute baso-sute bat zabaltzeko moduan eta haren larritasunean. Horien artean, ondoko hauek sartzen dira:

  • Eguraldia: Eguraldiak eragin handia du sute bat hedatzeko orduan. Adibidez, askoz errazago pizten dira suak eguraldia oso lehorra denean, belarra eta landareak lehor daudenean. Bestalde, haizeak ere sua hedatzen eta azkar handitzen lagun dezake. Aldiz, tenperatura baxuarekin eta hezetasun handiarekin, nekezago gertatzen edo hedatzen dira suak.