Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ninive 1853. urteko margolan batean, margolariaren irudimena erabilita.

Ninive (𒌷𒉌𒉡𒀀) Asiria inperioko antzinako hiri bat da, Mesopotamian sortu zena. Asiriako hiriburua izan zen duela 2.700 urte inguru eta orduan munduko hiri handienetakoa izan zen.

Tigris ibaiaren ertzean kokaturik zegoen. Mediterraneo itsasoaren eta Ozeano Indikoaren arteko pasabidea zen. Niniveren hondarrak gaur egun Irak herrialdean daude, Mosul hiriaren alboan.

Niniveko harresia.

Ninive izena lehen aldiz duela 3.800 urteko agirietan agertzen da. Ixtar jainkosaren tenplua zegoela esaten da idazki horietan.

Duela 2.700 urte Senaquerib erregeak Asiriako inperioko hiriburu bihurtu zuen. Niniven bizi izan zen errege handiena Asurbanipal izan zen. Jauregi dotoreak eraiki zituen eta harresi handia ere bai. Niniveren garai oparoak ez zuen asko iraun, ehun urte beranduago etsaiek suntsitu egin zutelako. Asiriako inperioa ere orduan amaitu zen.

   Ba al dakizu   
Asurbanipalen lehoi ehiza erliebeak aurkitu zituzten Niniven, baina orain Londresen daude ikusgai.

XIX. mendean aurkitu zituzten Niniveren hondarrak. Harresia aurkitu zuten lehenengo eta ondoren jauregiak. Asurbanipalen liburutegia ere aurkitu zituzten eta han 22.000 buztinezko taulatxo zeuden. Taulatxo horiei esker jakin zuten Ninive zein garrantzitsua izan zen.

Asurbanipalen jauregian lehoi ehiza ikusten den erliebeak aurkitu zituzten.