Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ozeanoak ekarritako zaborra Hawaii uharteetako kostaldean.

Ozeano Barearen zabor orbana Ozeano Barearen iparraldean dagoen zabor-pilaketa erraldoia da. Ez da ozeanotako zabor multzo bakarra, baina bai handiena. Gainera, "zabor uhartea", "plastiko zopa", "plastiko orbana" eta "plastikozko kontinentea" izenez ere ezagutzen da.

Itsaslaster ozeanikoen mugimendu zirkularren ondorioz, plastikoak, zabor kimikoak eta beste hainbat hondakin-partikula pilatu dira eta horrela sortu da "uharte" hau.

Azken kalkuluen arabera, 700.000 eta 15 milioi km² arteko tamaina izan dezakeela uste da. Hau da, zabor multzoa ia Iberiar penintsula baino hiru aldiz handiagoa da. Okerrena da egunetik egunera handiagoa dela, plastikoak itsasora isurtzen jarraitzen delako.

Zabor-pilaketa hau 1997. urtean deskubritu zuen Charles J. Moore izeneko ozeanografoak. Sateliteetatik ez da ikusten, urarekin nahastuta dagoelako.

Ozeano Bareko plastiko-orbana.

Nondik atera dira plastikoak?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orban hauetan pilatutako plastiko gehienak ibaietatik iristen dira itsasora. Kalkulatu da mundu osoan 100 tona plastiko iristen direla segundo bakoitzean itsasoetara ibaietatik. Beste era batera esanda, urte bakoitzean 100 - 130 milioi tona bitartean irits daitezke mundu osoko itsasoetara.

Horregatik, oso garrantzitsua da plastikoaren erabilera gutxitzea, eta hori guk geuk ere egin dezakegu geure bizitzan, hainbat modutara:

  • Plastikoan bildutako produkturik erosi gabe.
  • Proteinetatik ateratako plastiko biodegradagarria erabiliz, erraz eta azkar deskonposatzen delako, naturari kalterik egin gabe.

Nolako kalteak eragiten ditu?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasteko, honelako zabor ugaria pilatzen denean, ura bera kutsatu egiten da, eta horrek hainbat espezierentzat kaltegarria da; izan ere, plastikoak denborarekin apurtzen joaten dira eta mikroplastikoak sortzen dira. Mikroplastiko horiek arrainen eta bestelako itsas bizidunek irensten dituzte, eta haietako asko gaixotu eta hil ere egiten dira horren eraginez. Adibidez, itsas dortokek plastikoak jaten dituzte marmokak direlakoan. Baleek ere irensten dituzte, hainbat eta hainbat kilo irentsi ere, eta gehienetan gaixotu eta hil egiten dira. Ezin da ahaztu, gainera, gizakiak arrain kutsatuak jatean mikroplastikoak sartzen direla haren organismora, eta osasun-arazo larriak gerta daitezke horren ondorioz.

Bestetik, arrain, dortoka, marrazo eta beste hainbat animalia ere harrapatuta geratzen dira plastikoetan, eta hori tranpa hilgarri bat izaten da haietako askorentzat.

Azkenik, ozeanoetako zabor horietako asko hondartzetara iristen dira itsaslasterren eraginez, goiko argazkiak ikus daitewkeen bezala.