Wikipedia, Entziklopedia askea

Psikologia

Eduki-taula

Animaliekin ere egiten dira giza psikologiari buruzko esperimentubatzuk.

Psikologia pertsonen pentsatzeko, sentitzeko eta portatzeko moduaren azterketa zientifikoa da. Antropologia eta soziologia bezala, psikologia ere zientzia soziala da. Zientzia horretan trebatutako pertsonei psikologo deitzen zaie. Psikologoek giza gogoa eta giza emozioak aztertzen dituzte, pertsonen ekintzen atzean dauden arrazoiak ulertzeko.

Psikologiaren barruan hainbat adar daude eta psikologia klinikoa da adarrik handiena. Psikologo klinikoek gaixotasun mentalak eta arazo emozionalak dituzten pertsonak tratatzen dituzte. Psikologiaren beste adar batzuetan lan egiten duten psikologoek esperimentuak eta ikerketak egiten dituzte. Pentsatzen eta sentitzen dugunean gure burmuinean zer gertatzen den aztertzen dute batzuek. Beste batzuek, berriz, besteen aurrean nola erreakzionatzen dugun ikertzen dute. Psikologo konparatiboek giza adimena beste animalia batzuen adimenekin alderatzen dute, bereziki, tximinoen adimenarekin.

Psikologoak lanean ari direnean, pertsonak behatu edo aztertu ohi dituzte. Adibidez, psikologo bat haurrei begira egon daiteke jolasten ari diren bitartean, beraien artean nola portatzen diren ikusteko. Psikologoek galdera batzuei erantzuteko edo zeregin batzuk egiteko ere eskatzen diete batzuetan pertsonei. Jendearen ekintzak eta erantzunak alderatu eta askotan errepikatzen diren eredu edo patroiak aurkitzea espero izaten dute psikologoek. Patroi horiek jendearen pentsaera edo portaeraren arrazoiak azaltzeko lagungarriak izan daitezke.