Txikipedia:Rosalía de Castro

Wikipedia, Entziklopedia askea

María Rosalía Rita de Castro, Rosalía de Castro ezizenez ezagutua, (Compostelako Donejakue, 1837– A Coruña - 1885) galiziar idazlea izan zen. Galizieraz eta gaztelaniaz idatzi zuen, eta Erromantizismoaren garaikoa zen.

Eduardo Pondal eta Curros Enríquez idazleekin batera, Pizkundea bultzatu zuen. Bere lanik ezagunenak Cantares gallegos eta Follas novas dira. Emilia Pardo Bazánekin batera, idazle galiziarrik handiena da. Gainera, Espainiako poesia modernoaren aitzindarietako bat ere izan zen, Gustavo Adolfo Bécquer poetarekin batera.

Rosalía de Castro


Biografia

Ama baliabide ekonomiko gutxiko ezkongabea zuen. Aita, aldiz, apaiza zen. Zortzi urte bete zituen arte bere izeba batekin bizi zen A Coruñako herri txiki batean. Han ezagutu zituen Galiziako hizkuntza, ohiturak eta sinesmenak, bai eta Cantaren gallegos obran hainbesteko eragina izan zuten kantigak ere. 13 urte zituela amarekin bizitzera joan zen. Garai hartan, marrazketa eta musika ikasi zituen, garai hartako andereñoengan ohikoa zen bezala, eta kultura-ekitaldietan parte hartzen hasi zen, Santiago de Compostelako intelektual gazteekin batera.


Ezkontza

19 urte zituela, Rosalía de Castro Madrilera joan zen bizitzera, senitarteko batzuekin batera. Bi urte geroago, Manuel Murguíarekin ezkondu zen. Zazpi seme-alaba izan zituzten. Ekonomia arazoak izan zituzten. Gainera, de Castroren osasun makalak ez zuen laguntzen familiaren egonkortasunari. Madrilen eta Galizian bizi izan ziren. Rosalía de Castro 48 urterekin hil zen minbiziak jota. Gaur egun, Galego Gailenen Panteoian dago lurperatuta. Hil aurretik, ordura arte argitaratu gabeko lan guztiak erretzeko eskatu zien seme-alabei. Alabaina, azken horiek ez zuten amaren esana bete, eta Rosalía de Castroren obrak guregana arteko bidea egin ahal izan du.


Literatura-ibilbidea

Hamabost urterekin, gerorako obran eragin handia edukiko zuen krisi larri bat izan zuen. 1857an, bere lehen poema liburua eman zuen argitara, La Flor ("Lorea"). Molde erromantikoak aurrera eraman zituen. Hitz laua eta neurtua landu zituen. Gai nagusiak amodioaren penak, emakumea, herriaren miseria eta Galiziarekiko atxikimendua izan ziren.


Testuingurua

Cantares Gallegos obra galizieraz idaztean, Rosalía de Castrok prestigioa eman zion galiziar hizkuntzari, eta kulturan berpizten lagundu zuen. Cantaren Gallegos abesti kolektibo bat da, maila artistiko onekoa; komunitate galegoaren hizkuntzaren eta tradizioaren ispilu izanik, duintasuna ekarri zien galiziarrei.


Día das Letras Galegas

Galegoaren alde lan egiten duten pertsonak omentzeko egiten den Dia das Letras Galegas ekitaldia maiatzaren 17an ospatzen da, Rosalía de Castrok egun horretan argitaratu zuelako Cantares gallegos.

Obra

  • Olerkiak
   1857 La Flor
   1863 Cantares gallegos ("Galiziar kantuak"): galizierazko poema liburuak
   1863 A mi madre ("Nire amari")
   1880 Follas novas ("Hosto berriak"): galizieraz
  • Narratiba
   1859 La hija del mar ("Itsasoaren alaba"): eleberria, emakumearen bizimodua jasotzen du
   1861 Flavio
   1864 Contos da miña terra I edo Conto gallego (galizieraz)
   1863 El cadiceño
   1866 Ruinas
   1866 Las literatas
   1867 El caballero de las botas azules ("Bota urdineko zalduna")
   1881 El primer loco
   1881 El domingo de Ramos
   1881 Padrón y las inundaciones
   1884 En las orillas del Sar: gaztelaniazko olerkiak, gogoeta liriko eta erlijiosoak