Saskibaloi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Saskiratze bat.

Saskibaloia kirol azkarra eta zirraragarria da, baloi bat erabiliz jokatzen dena. Bost jokalariz osatutako bi talderen artean jokatzen da, eta talde bakoitzak aurkako taldearen zelaian dagoen metalezko uztai batean baloia sartu behar du puntuak lortzeko. Uztaiari saskia ere deitzen zaio eta oso goi dago, altuera handian. Jaurtiketaren distantziaren arabera, taldeak bi edo hiru puntu lortzen ditu, eta helburua beste taldeak baino puntu gehiago lortzea da.

Saskibaloia XIX. mendean Estatu Batuetan sortu zen, baina beste herrialde askotan ezaguna da gaur egun. James Naismith izeneko gorputz-heziketako irakasle batek sortu zuen 1891n, ikasleek neguan estalpean jokatzeko kirol bat asmatzea eskatu ziotenean. Lehenengo partida muxika-saskiak erabiliz jokatu zen, eta hortik dator saskibaloi izena. Metalezko uztaia ez zen 1906. urtera arte asmatu.

Saskibaloia oso azkar egin zen ezaguna Estatu Batuetan, eta 1980ko hamarkada hasieran gizon eta emakume asko unibertsitate-mailan jokatzen hasi ziren. Estatu Batuetako lehen saskibaloi liga profesionala 1898an sortu zen. 1949an NBA sortu zen, gaur egun Amerikako Estatu Batuetako saskibaloi profesionaleko liga nagusia.

Estatu Batuetatik kanpo, berriz, kirol hau nahiko astiro zabaldu zen. Gizonezkoen saskibaloia 1936an iritsi zen Olinpiar Jokoetara,baina emakumezkoena, berriz, 1976an. Nazioarteko lehiaketei dagokienez, 1950ean hasi ziren gizonezkoentzat, eta 1953an emakumezkoentzat.

Pista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saskibaloia pista edo kantxa angeluzuzen batean jokatzen da. Jokaleku profesionala 8,7 metro luze eta 15,2 metro zabal da.

Jokalekuko mutur bakoitzean saski bana dago. Saskia metalezko uztai bat da, azpian sare bat zintzilik duena, eta beira hauskaitzez egindako taula bati lotuta dagoena. Saskiaren ertza lurretik 3 metrora dago.

Nola jokatzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saskibaloi talde bakoitzak bost jokalari ditu: bi erasotzaile, bi defendatzaile eta pibota.

Jokoaren hasieran, arbitro edo epailea jokalekuaren erdian jartzen da, erdiko zirkuluaren barruan, talde bakoitzeko jokalari banaren artean. Orduan, epaileak baloia gorantz botatzen du eta bi jokalariek salto egiten dute, baloia jo eta haien taldeko beste jokalari bati helarazteko. Beste jokalariak erdiko biribiletik kanpo egon behar dute, baloia harrapatzeko prest. Baloia hartzen duen taldeak kontrako zelaira joan behar du, baloia sartzen saiatzera. Eraso egiten duen taldeko jokalariek baloia kontrako taldearen saskira eraman behar dute, eta horretarako jokalekutik mugitu behar dute baloia, edo jokalarien artean pasatu. Baina ezin dute nolanahi korrika egin, baloiak lurrean bote egin behar duelako korrika egin bitartean.

Baloia duen edozein jokalarik jaurti dezake saskira. Jaurtiketa gehienak saskitik gertu egiten dira, eta saskiratuz gero, bi puntu lortzen dira. Jaurtiketa 6 m baino gehiagora dagoen marra batetik egiten bada, hiru puntu lortzen dira.

Baloia ez denean saskian sartzen, bi taldeek baloia berreskuratzen saiatu behar dute, eta jokaldi hori errebote izenez ezagutzen da. Kontrako taldeak errebotean baloia lortzen badu, beste jaurtiketa bat egin dezake. Defentsan dagoen taldeak lortzen badu, berriz, erasoari ekingo dio, baloia kontrako taldearen saskira eramanez.

Arbitro talde batek ziurtatzen du jokalariek arauak betetzen dituzten ala ez; ez badituzte betetzen, taldea zigortzen dute. Adibidez, jokalari batek baloia bote egin gabe aurrera eramaten badu, arbitroek baloia beste taldeari ematen diote. Zigorretako batzuek falta izena dute, eta gehienak jokalari batek beste batekin talka egiten duenean gertatzen dira, adibidez, defentsa batek beste jokalari bat bultzatzen duenean. Orduan, falta jaso duen jokalariak jaurtiketa librea egin dezake, eta jaurtiketa bakoitzean puntu bat lortu.