Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Teresa Kalkutakoa

Eduki-taula

Teresa Kalkutakoa.

Teresa Kalkutakoa moja katoliko bat izan zen, behartsuen alde lan egin zuena. Batez ere, Indiako Kalkuta hirian bizi eta lan egin zuen. Hil zenetik 20 urtera, Eliza katolikoak santu izendatu zuen.

Mazedonian jaio zen, 1910eko abuztuaren 27an, eta Kalkutan (India) hil zen, 1997ko irailaren 5ean, 87 urte zituela. Agnes Gonxha Bojaxhiu zuen egiaz izena.
1928an, Lorettoko Ahizpak izeneko moja-komunitate batean sartu zen. Aste batzuk geroago, Indiara joan zen. Hurrengo 17 urteetan Lorettoko Ahizpek zuzendutako eskola batean irakatsi zuen.

1946an, bere bizitza gaixoei eta pobreei laguntzeko eskaintzea erabaki zuen. Erizaintza ikasi zuen eta Kalkutako auzorik pobreenetan hasi zen lanean. 1948an, Karitateko Misiolariak izeneko kongregazioa sortu zuen, pobreei zerbitzatzen dien emakumeen erlijio-ordena; 50 urtez zuzendu zuen monjen kongregazio hori. Gainera, haurrentzako eskolak eta itsu, ezgaitu, zahar eta hilzorian zeuden pertsonak zaintzeko zentro batzuk ere ireki zituen.

1989an, infartua edo bihotzekoa izan zuen, eta geroztik, osasun txarra izan arren, lanean jarraitu zuen Kalkutan, 1997ko martxoan erretiratu zen arte. Hantxe hil zen 1997ko irailaren 5ean. Haren heriotzaren ondoren, Karitateko Misiolarien kongregazioak lanean jarraitu zuen eta gaur egun 90 herrialde baino gehiagotan dihardu.

Sari asko jaso zituen bere lanagatik. Haien artean, Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1979an.