Txikipedia:Uranio

Wikipedia, Entziklopedia askea

Uranioa elementu kimiko bat da, U ikurra eta 92 zenbaki atomikoa dituena. Elementu naturalen artean zenbaki atomikorik handiena duena da. Naturan bi isotopo ditu: 238U (ugariena) eta 235U. Taula periodikoan 7. periodoan eta 6. taldean aurkitzen da.

Ezaugarriak Tenperatura normaletan uranioa metal grisa da. Nahiz eta filmetan kontrakoa jarri, uranioak ez du berez argirik igortzen. Oso metal astuna da, bere dentsitatea 19,1 g/cm3 izanik. Uranioaren atomo guztiak ezengonkorrak dira, eta denboran zehar atomo txikiagoetan puskatzen dira, baina hala ere denbora asko behar da honetarako.

Historia Uranioaren izena Urano planetaren ohorez dator, honek aldi berean jainko greziar baten izena duelarik. Martin Heinrich Klaproth kimikari alemanarriak identifikatu zuen 1789an, garai horretan Urano planeta aurkitu zelako jarri zion izen hori. Uranioak ez zuen erabilera handiegirik izan arma eta zentral nuklearrak agertu arte. Adibidez, lehen kristal fosforeszente batzuk erabiltzeko erabiltzen zen.

Aplikazioak Uranioaren aplikaziorik nagusiena gaur egun energia nuklearraren ekoizpenean da. Zentral nuklearretan uranio-235 isotopoa puskatuarazi egiten da beste atomo batzuetan, fisio nuklearra deritzon prozesuan, eta honen ondorioz bero asko askatzen da. Energia hau helburu militarretan ere erabili daiteke, arma nuklearrak eginez. Uraninita edo pekblenda dira bere meheak.

Segurtasuna Uranioa erradioaktiboa izateagatik da ospetsua, baina benetan, igortzen duen erradioazioa nahiko baxua da, musuko eta eskularru batzuekin manipulatu daiteke. Hala ere, metal astuna da eta irentsi ezkero oso toxikoa, giltzurrunei kalte egiten die batez ere. Gaur egungo zentral nuklearretan arazorik nabarmenena hondakin nuklearrena da, erradioaktiboak direnez gorde egin behar direnak.