Wikipedia, Entziklopedia askea

Wikipedia

Wikipedia


Wikipedia eduki askeko entziklopedia bat da, lankidetzan editatua, eleanitza, Interneten argitaratua, Wikimedia Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundeak sustengatua. Wikipedia mundu osoko boluntarioek idazten dute. Internetera konektatutako edonork parte har dezake Wikipediako artikuluetan, aldatu lotura sakatuz. 2015ko azaroaren bostean, 291 hizkuntzatako edizioak zituen, eta horietatik 275 zeuden aktibo. Proiektuaren xedea da ahalik eta hizkuntza gehienetan idatzitako entziklopedia sortu eta hedatzea. Guztira 37 milioi artikulu ditu, horietatik 392.249 euskaraz eta bost milioitik gora ingelesez.

Wikilaria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikipedian parte hartzen dutenei wikilari deritze. Desadostasunik sortuz gero, iritzia eman duten wikilarien gehiengoaren aukera gailentzen da. Bere antolamenduaren alde ona da etengabe eguneratzen, handitzen eta zuzentzen ari dela, eta hutsegiteak zuzentzea erraza dela. Aitzitik, Euskal Wikipediari dagokionez, zehaztasun falta izaten du hainbat artikulutan (edozein artikulutan, artikuluan landutako gaian aditu ez direnek ere parte har baitezakete), eta hizkuntzaren aldetik badira oso zuzenak ez diren artikuluak. Hala, bada, Euskal Wikipedia gorabeheratsua da kalitatez. Elhuyar Fundazioak 2011n egindako balioztapenak erakutsi zuenez, Euskal Wikipedian artikulu bikainekin batera, badira oraindik aski kaskarrak direnak.

Hala ere, Ingeles Wikipedia munduko entziklopedia hoberenen parekoa dela erakutsi zuen 2005ean Nature aldizkariak wikipedia horretako zientzia artikuluei buruz egindako ikerlan batek.

Helburua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikipediaren helburua doako entziklopedia fidagarria sortzea da. Gainera, proiektua nazioartekoa den heinean, ahalik eta hizkuntza gehienetan idatzia egotea ere. Proiektuaren sortzailea den Jimmy Walesek, deskribapen honekin azaltzen du Wikipedia: Kalitate oneneko entziklopedia askea sortzeko ahalegina da, munduko edozein erabiltzaileri bere hizkuntzan zuzendua.

Wikipediaren sortzaileak ez du nahi Wikipediak publizitaterik izatea, baina geroz eta zailagoa egiten zaio. Izan ere, geroz eta jende gehiagok bisitatzen du Wikipedia, eta horren ondorioz zerbitzari gehiago behar dira Wikipediaren edukiari ostatu emateko. Wikipediaren finantza beharrei, gaur egun, dohaitzen bidez erantzuten zaie.