Txikipedia:X izpiak

Wikipedia, Entziklopedia askea
X izpiak egiteko makina.
X izpiz eginiko erradiografia bat.

X izpiak (horrela idazten da, X maiuskulaz) argi berezi batzuk dira, gizakion begiak ikusi ezin dituenak. Modu teknikoagoan esanda, uhin elektromagnetikoak dira, energiaz beteak. Berezitasun bat daukate: izaki bizidunak eta objektuak zeharkatzen dituztela. Horregatik, medikuntzan asko erabiltzen dituzte X izpiak, horiei esker erradiografiak egiten direlako, eta, horrela, gorputzaren barrualdea ikus daitekeelako.

X izpien asmatzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wilhelm Röntgen fisikari alemanak sortu zituen X izpiak, 1895ean. Kasualitatez, gainera: aurkitu zituenean, ez zekien zer ziren, horregatik deitu zien X.

X izpien erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

X izpiak erradiografiak egiteko erabiltzen dira, eta erradiografiak oso lagungarriak dira medikuntzan, batez ere hezurrak ikusteko aukera ematen dutelako. Horregatik, oso baliagarriak dira eskeletoarekin lotutako arazoak hautemateko.

X izpien arriskuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erradiografia gutxi batzuk egitea edo jasotzea ez da arriskutsua, baina behin eta berriro egitea edo jasotzea bai. Erradiografiak egiten hasi ziren aurreneko sendagileek ez zuten inolako babesik erabiltzen, eta ohartu ziren X izpi asko jasotzeak erredura larriak sortzen zituela, eta, luzarora, minbizia eragin zezakeela. Horregatik, gaur egun, babes egokia erabiltzen dute.