Udaberri 2024 plana

Wikipedia, Entziklopedia askea

Udaberri 2024 plana Eusko Jaurlaritzak Euskadiko eskoletan Euskal Herriko hurbileko historia kontatzeko egitasmoa da.

2021eko irailan Eusko Jaurlaritzak bizikidetza, giza eskubide eta aniztasunaren alorrean Udaberri 2024 izeneko plana onartu zuen. Egitasmoak iraganaren, batez ere ETAren, "gogoeta kritikoa" eskatu zuen eta espresuki aipatu eta gaitzetsi zituen presoei egindako 'ongietorriak', "indarkeriaren kultura politikoaren gorespen sinbolikoa eta biktimen bidegabekeria eta birbiktimazioa" omen zirelako.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aurkeztu zuen behin betiko plana, gobernu bilerak onartu ostean.

Sailburuaren esanetan, "asko landutako" plana zen. Azaldu zuenez, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko ordezkarien ekarpenak jaso zituzten, baita giza eskubideen alorrean aritzen ziren erakundeena ere. Horrez gain, bilerak egin zituzten Legebiltzarreko talde politikoekin, hedabideekin, beste erakunde batzuekin eta unibertsitateko pertsona garrantzitsuekin eta terrorismoaren biktimekin.

Behin betiko egitasmoa jaso zituzten berrikuntzen artean, kapitulu bat gehitu da, "Hurbileko testuingurua. Euskadi 2021: aukera-leihoa" izenekoa. Bertan ETAren amaierak "garai berria, agertoki berria, erronka berria" ireki zuela aipatzen da, aniztasunean elkarrekin bizitzeko. Dena dela, ohartarazten da "gainditu gabeko hainbat gai" daudela: "Itxaropenezko begirada hori kezkaz beterikoa bihurtzen da gure inguruan indarkeriazko adierazpenak, intoleranteak edo sektarioak ikusten ditugunean". Hori aipatzen ziren, hain justu, presoei egindako 'ongietorriak'.

Dokumentuak "iraganaren begirada kritikoa" eskatu du, eta "ETAren terrorismoa eta indarkeria erabili, justifikatu eta testuinguru batean jarri zuten horiek interpelatu" behar zirela azpimarratzen zuen. Horren ildoan, "jarrera berria" galdegin die "mende erdi honetan terrorismoaren eta indarkeriaren alorrean erantzukizun zuzena edo zeharkakoa izan duten horiei".

"Neguaren amaierak eta egunsenti berri batek aitorpen etiko, politiko eta demokratikoa eskatzen dute: bidegabea izan zen", azpimarratu du sailburuak Udaberri hitzaren esanahiari erreferentzia eginez.

Etorkizunari begira, planak gazteak jarri zituen bizikidetzaren erdigunean. "Indarkeriaren eta haren ondorioen esperientzia traumatikoa zuzenean bizi izan ez duena. "Bizikidetzari buruzko hausnarketak eta eztabaidak ezin dute izan eta ez dute izan behar indarkeriaren zikloko belaunaldien monopolioa", esan zuen Artolazabalek[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. https://www.eitb.eus/eu/albisteak/politika/osoa/8329491/jaurlaritzak-ongietorriak-espresuki-gaitzetsi-ditu-bizikidetza-plan-berrian/