Zehar-galdera

Wikipedia, Entziklopedia askea

BERRIETAKO EDUKIA[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zehar-galdera ZER galderari erantzuten dion perpaus konpletibo mota bat da, -EN markaren bidez adierazten dena. Zehar-galderaren marka -EN da. Beraz, zehar-galdera guztiek beharko dute atzizki hori aditzari itsatsia. Zehar-galderak perpaus konpletiboak dira, predikatu baten osagarri izateaz gainera, ZER galderari erantzuten baitiote:

  • a. Zenbat urte nituen galdetu zidan. (ZER galdetu zizun?)
  • b. Ez dakit noiz etorriko naizen. (ZER ez dakizu?)
  • c. Ez dit esan etorriko den. (ZER ez dizu esan?)

Zehar-galderak, ‘galdera’ bereziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpaus txertatu mota hauei zehar-galdera baderitze ere, gehienetan ez dira benetako galderak izaten. Izan ere, galdera informazio-eskea bada, goiko perpaus horietan, (a) bakarrik da bere barnean egiazko galdera duen perpausa. Perpaus horretan, GALDETU aditz nagusiaren osagarria, jakina, galdera da, galderak galdetzen baitira. Baina beste bietan, JAKIN eta ESAN aditzen osagarriak ez dira egiazko galderak, ez dira egiazki informazio-eskariak. Perpaus horietan esaten dena ez da galdera bat, galdera ustezko bati legokiokeen erantzuna baizik. Alegia, galderak ez dira jakiten, jakiten direnak, galderen erantzunak izan daitezke. Baina denek dute, hala ere, zerbait elkarrekin. Denek, erreferentzia zehaztu gabea duen sintagma bati buruz dihardute. Horregatik, guztiz bidezkoa da perpaus hauei ‘zehar-galdera’ deitzea, gramatiketan deitzen zaien bezala.

Zehar-galdera motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpaus txertatu gabeetan aditzera ematen diren gainerako galderetan bezala, hiru galdera-mota bereiziko dira hemen ere: (1) zati-galderak, (2) aukera-galderak eta (3) bai-ez erako galderak.

(1) Zati-galderak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • a. NORK esan dizu hori? (perpaus lokabea, galdera zuzena)
  • b. Hori NORK esan dizun laster jakingo dut. (perpaus txertatua)

Hori norbaitek esan duelarik, norbait horren erreferentzia zehaztea eskatzen da (a)-koen moduko galderetan. Eta (b)-n ere bai: norbaitek esan duelarik, norbait horren erreferentzia zein den jakingo dudala esaten dut. Zati-galdera deritzen hauetan, beti galde-hitzen bat ageri da: NORK, ZENBAT, NOIZ, NON, etab. Galde-hitz horiek aditzaren aurrean, eta ondo-ondoan, agertu behar dute.

b) Aukera-galderak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • a. Ardoa ala sagardoa eskatuko dut? (Galdera zuzena)
  • b. Ardoa ala sagardoa eskatuko dudan jakin nahi luke tabernariak. (Zehar-galdera)

Horrelakoetan, ALA juntagailuaren bidez juntatutako bi sintagma izango dira. EDO juntagailua ere zilegi da horrelakoetan. Kasu honetan, galdera egitea bi aukeraren artean erabakitzea izan ohi da, hautapena egitea alegia. ALA-ren bidez juntatutako sintagma horiek bi perpaus ere izan daitezke:

  • a. Zinera joango gara ala paseatzen segituko dugu? (Galdera zuzena).
  • b. Zinera joango garen ala paseatzen segituko dugun ez dakigu. (Zehar-galdera)

Kontuan izan juntaduran bi adizki jokatu badira, trinkoak edo laguntzaile eta guztikoak, biek behar dutela zehar-galderetako -EN marka.

c) Bai-ez erako galderak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek, egiazki, aukera-galderen azpisail bat besterik ez dira. Baina, oraingoan, egin behar den aukera baiaren eta ezaren artekoa da, edo baiezko perpaus baten eta hari dagokion ezezkakoaren artekoa:

  • a. Zuk erosi al duzu? (= zuk erosi al duzu, bai ala ez?). (Galdera zuzena)
  • b. Zuk erosi duzun galdetuko dizute. (Zehar-galdera)

Zehar-galderak onartzen dituzten aditzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zehar-galdera hitzari eman zaion interpretazioa hori delarik, logikoa da pentsatzea aditz guztiek ez dituztela osagarritzat zehar-galderak onartuko. Aditz batzuek bakarrik ametitzen dituzte horrelako osagarriak. Alde horretatik, ESAN, GALDETU, JAKIN, AHAZTU eta abar zehar-galderak onartzen dituzten aditzetarikoak dira. Baina beste batzuk: USTE IZAN, SINISTU, EGIA IZAN eta abarrekin, nekez agertuko dira osagarri gisa zehar-galderak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]