Antigorputz monoklonal

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Antigorputz monoklonalak lortzeko erabilitako metodologia.

Antigorputz monoklonala zelula hibrido batek (hibridomak) ekoiztutako antigorputz espezifikoa da. Hibridoma hori zelula-ama bakar batetik datorren B linfozitoen klon baten eta zelula tumoral baten arteko bat-egitearen ondorioz sortzen da (mieloma baten zelulak izanik hibridoma sortzeko erabiltzen diren tumore-zelulak).

B linfozitoak dira antigorputzak sortzen dituzten immunitate-sistemaren zelulak. Linfozito hauek ez dira ongi hazten "in vitro", zelula-kultura batean hil egiten baitira. Mieloma-zelulekin bat egiten dutenean, aldiz, zelula-kulturetan ondo hazten diren zelula hibridoak (hibridomak) sortzen dira, antigorputz monoklonalak ekoizten dituztenak.

Laborategiko animalia bati antigeno bat sartzen zaionean bere immunitate-sistemak antigorputzak sortzen ditu. Antigeno gehienek determinante antigeniko ugari dituztenez, sortutako antigorputzak ez dira berdinak, zelula plasmatiko desberdinetatik eratorriak baitira (antiserum poliklonala agertzen da, hainbat antigorputzez osatua). Linfozito B bakarra isolatzen bada animalia honengandik, aldiz, eta linfozito horren kopia asko egiten badira, sortutako antigorputz guztiak berdinak izango dira (antigorputz monoklonalak).

Hibridomak lortzeko teknika B linfozito normala eta mielomaren zelula bat batzean datza (mieloma B linfozitoz osatutako tumorearen ondorioz agertzen den minbizi mota da). B linfozito normala eta tumoralaren arteko batasun horrek hibridoma bat sortzen du, jatorrizko zelulen bi ezaugarriak dituena: etengabe ugaltzeko ahalmena (mielomaren zelularena) eta antigorputzak sortzeko ahalmena (B linfozito normalarena). Jatorrizko bi zelula horiek polietilenglikolarekin tratatu behar dira hibridoma lortzeko (molekula horrek zelulen mintzak fusionatzen baititu).

Antigorputz monoklonalak oso erabiliak dira medikuntzan, diagnostikorako zein terapiarako (minbizi mota batzuk detektatzeko eta tratatzeko, esaterako, eta hainbat gaixotasun autoimmuneen tratamenduan).