Arantzibia etxea

Koordenatuak: 43°11′57″N 3°03′04″W / 43.199133°N 3.051189°W / 43.199133; -3.051189
Wikipedia, Entziklopedia askea
Arantzibia etxea
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaGueñes
Koordenatuak43°11′57″N 3°03′04″W / 43.199133°N 3.051189°W / 43.199133; -3.051189
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XX. mendea
Arkitektura
EstiloaEuskal estiloko arkitektura
Ondarea
EJren ondarea54

Arantzibia etxea Gueñesko Sodupe auzoko lursaila da, barnean Yermo Jauregia, etxe-zaindarien etxea, ukuiluak eta lorategia dituena.

2010eko abenduaren 17n Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[1].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sodupe Goikoa auzoan, Arantzibiako finka itxia dago. Finkaren barruan, eraikin nagusiaz gain, jauregiaz gain, alegia, bigarren mailako eraikin gisa, ukuilu-usategia, jauregiari lotutako etxebizitza txiki bat eta etxe-zaindarien etxebizitza daude; denak ere lorategi-finka zabal batek inguratzen ditu, eta horrek balio handia ematen die paisaia aldetik.

Arantzibiako jauregia bizitzeko eraikin bat da, arkitektura kultukoa; estilo erregionalistako eklektizismoari dagokio, eta xehetasun modernista txiki batzuk ditu. Eraikin exentu bat da, oinplano angeluzuzenekoa eta oso handia; beheko solairua, lehenengo solairua eta txapitula-formako bigarren solairua ditu. Estalkia arabiar teilakoa eta hegal handikoa da, eta oinplano osoa estaltzen du, malda-plano ugarirekin joko konplexu bat egiten duela, fatxaden ingerada agerian utziz.

Fatxada nagusia ekialdera eta sarrerako plazatxora begira dago, eta bi atal bereizten dira hor: sarrerako gorputz nagusia, miru-buztan gailur txertatu tipikoarekin errematatua; eta eskuinaldean, dorretxo-moduko beste gorputz bat, albo banatan estilo modernistako motibo geometriko originalekin landutako harrizko tximiniak dituena.

Fatxada honetan, sarbide nagusi berezi bat dago, arku-zuzena eta alboetan biko zutabe toskanarrak dituena. Sarreraren gainean, zeramikazko plaka bat dago, hitzez hitz honako hau dioena:

« «esta casa que hicieron los Yermo la restauró Carlos Palacio Avellaneda en el año de 1912»
(Yermotarrek egin zuten etxe hau, eta Carlos Palacio Avellanedak berritu zuen, 1912. urtean).
»


Bi tximinia trinkoen artean, lehenengo solairuaren parean, balkoi jarraitu bat dago, forjazko aurrealdea eta inguruan kuxindurak dituen bao arku-zuzenak dituena, eta, erremate gisa, goiko solairuan erdi-puntuko arku-galeria bat dago, adreiluzko hondoaren gainean.

Iparraldeko fatxada bi isurkikoa da, eta miru-buztanaren formako alaka bat du. Beheko solairuan, leihate handiko bolumen bat irteten da, dekoraziozko erdizutabe batzuek banatuta. Gorputz horrek, lehenengo solairuan, terraza handi bati ematen dio bide; terrazak forjazko balkoia du, eta bolazko erremateak beheko solairuko erdizutabeetan. Fatxada horren eskuinaldeko saihetsean, karrerape atxiki bat dago; karrerape horrek arku beheratu bat du beheko solairuan, eta, gainean, Zaballaren armarria nabarmentzen da, bigarren solairuaren parean.

Alboko eta atzeko fatxadak mendebaldera eta hegoaldera begira daude hurrenez hurren, eta itxura erregularragoa dute, bao arku-zuzenen lerrokaduren bidez eta fatxadarekin paralelo dagoen estalkiko isurki triangeluarraren bidez. Lehenengo solairuko teilatupea bereiziz, inposta molduratu bat dago, eta horren gainean, teilatupeko leihoek erdi-puntuko arkuen forma hartzen dute.

Fatxada landuak dira, zarpiatuak gehienak, eta oso apaingarri aberatsak dituzte: harriz landutako xehetasun ugari, harlanduzko paramentuak izkinetan, inguru landuak baoetan, inpostak, terrazak, adreiluzko bilbadura duten guneak, arkuak, dekoraziozko azulejuak eta kontraleiho vienarrak. Landare-ornamentazioa fatxadari arretaz atxikia dago, eta horrek ere eraikina ederragotzen laguntzen du.

Finkaren barrualdean, jauregitik 100 metro eskasetara, Arantzibiako ukuiluak daude. Eraikin hori finkaren goiko aldean dago, eraikuntzaren aurreko eta atzeko aldeen artean kokatua, hango malda berdintzen duela. Nahiz eta eraikin funtzionala izan, hau da, nahiz eta ukuiluak, zalditegia eta usategia jartzeko eraiki zuten, estilo eklektizistako arkitektura interesgarri eta landua du, eta eragin neomenditarra du.

Hain zuzen ere, eraikin exentu bat da, oinplano laukizuzenekoa eta dorre atxiki bat duena; beheko solairua, lehenengo solairua eta dorrea ditu. Estalkia teila zeramiko zapalez egina da; bi isurki ditu, gailurra alboko fatxadekin paraleloan dauka, eta dorreak hausten du, zeina nabarmendu egiten baita eraikinean.

Fatxada nagusia iparraldera begira dago. Hiru atal bereizten dira hor: ezkerreko saihetsean, lau isurkiko estalkia duen dorre bat dago; eskuineko saihetsean, harlangaitzez luzitutako eta izkinak harlanduzkoak dituen gune bat; eta bi atal horiek elkartuz, erdigunea, itxura arinagokoa, beheko solairuko karrerapeari esker; karrerape horrek zutabe toskanar bat du erdian, eta horren gainean bermatzen da lehen solairuko forjatua, egurrezkoa eta egurrezko bilbatura duen itxiturakoa.

Dorrearen paretak harlangaitzezkoak dira, eta harlandua izkinetarako eta baoen erremateetarako gordetzen du. Beheko solairuan, sarrera gisa, erdi-puntuko landa-arku handi bat du, harrizko lauzaz egina. Dorrearen azken solairuan, «usategiko» hiru leiho ñimiño dituen bistako adreiluzko gune bat dago, adreilu-dentikuluzko hiru ilararekin egindako leiho-barrenaren gainean. Dorrearen saihets baten parean irteten den elementu originala nabarmentzen da, gainean pinakulu bat duen dorretxo zirkular batekin errematatua.

Ekialdeko fatxadan, albo-sarrerako atearen burua nabarmentzen da; hiru piezaz osatua dago, eta fatxadarekin paraleloan ipinitako petxinazko bi albo-mentsularekin zurkaiztua dago.

Finkako hormari atxikia, jauregiaren atzeko aldean, villari lotutako beste eraikin berezi bat dago: etxe-zaindarien txaleta, finkako zaindariei eta haien familiei ostatu emateko egina.

Txaleteko fatxada nagusia finkaren barrualdera begira dago; fatxada zaindua da, asimetrikoa, bi isurkiko estalkia du, eta arku beheratua duen sarbide zentratu bat. Lehenengo solairuan, balkoi handi bat dago, fatxadaren arrasean, eta egurrezko mallorkina pertsianak ditu. Estalkia teila zeramiko zapalez egina da, eta gainerako fatxadetako isurki triangeluarrak horiekin paraleloan daude.

Hego-ekialdeko fatxada hormari atxikia dago, eta errepidearekin egiten du muga; zerbitzu-patio txiki batetik ere sar daiteke horra. Bigarren mailako sarbide hori dekoratuta dago horman, estilo modernistako xehetasun kurbatuak dituen forjazko arku baten bidez. Finkaren kanpoaldetik, teila zapalezko estalkiak izkinan egiten duen kurbatura originala begiztatzen da.

Fatxadak adreiluz eginak dira, eta luzituta eta okre koloreekin margotuta daude; bao ugari dituzte, irtenguneen bidez markoztatuak, zokaloen gisan, beheko solairuan.

Arantzibia etxeko lorategia itxia eta zabala da (3,1 ha. gutxi gorabehera), paisaia-izaerakoa, eta zuhaitz handi eta ertainek markoztatzen dute paisaia. Jauregiko lur-zatiaren egitura zuhaitz-multzoen eta horien arteko tarteen bidez antolatuta dago. Espezie botaniko ugari daude, hala hemengo espezieak nola kanpo-espezieetako zuhaitz exotikoak.

Lorategia hainbat eremutan antolatuta dago: jauregiaren atzeko aldeak konposizio formalista du, eta bideen eta landarezko forma geometrikoen bilbe batek egituratzen du; jauregiaren saihetsean, egoteko leku bat dago, zoladura gogorrekoa; finkaren barruko aldea jolastoki gisa antolatua dago, eta tenis-pista txiki bat du; fruta-arbolak landatuta daude gune batzuetan, eta gainerakoa gune ireki bat da eta soropilak eta zuhaitzak daude. Hori dena bidezidorrek, zuhaixkek eta zuhaitzek egituratzen dute.

Lorategian elementu bereziak kontserbatzen dira, erabateko bizitegi-giroa lortzeko diseinatuak, hala nola harrizko elementuz jantzitako altzariak, harrizko banku jarraituak, pasealekuaren amaieran platano izugarrien lerrokaduraren artean dagoen egontokia, terrazak, iturria, urmaela, eskultura, ukuiluen saihets bateko putzua, bai eta harri-zolazko bideak ere.

Finkaren itxiturari dagokionez, esan daiteke harlangaitzezko pareta eder bat dela eta errepidearen maldari egokitzen zaiola. Horma horretan daude finkara sartzeko hiru sarrerak, eta horien artetik sarrera nagusia nabarmentzen da, sarrera plazatxotik daukana: sarrera bat dator jauregiaren konposizioarekin; bi zutabe ditu egurrezko ate handiaren albo banatan, eta Muxikaren armarria saihets batean, tenplete batean kokatua, bi ostiko dituen erlaitz baten gainean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa