Broadway

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Broadway

Broadway New Yorkeko hiribide ospetsu bat da, Manhattanen kokatua. Uhartea iparraldetik hegoalderaino zeharkatzen duen errepiderik zaharrena da, hiriak New Amsterdam izena zueneko garaitikoa. Berez, Broadway izena nederlanderazko "Breede weg"-etik ingelesera eginiko itzulpen bat da, eta "bide zabala" esan nahi du. Broadway hiribidearen tarte bat Estatu Batuetako antzerki-industriaren muina da. Manhattaneko kale eta hiribide elkarrekiko perpendikularrek osatzen duten sarean, Broadway salbuespena da, bere ibilbideak ez baitu lerro zuzen bat egiten, baizik eta biribildua eta bihurgunetsua da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Broadway jatorrizko amerikarrek eginiko bide gisa sortu zen ("Wickquasgeck Trail" gisa ezagutua). Hasiera batean, bide horrek paduren eta haitzen artetik zeharkatzen zuen Manhattan uhartea. Herbeheretarrak iritsi zirenean, bide hori laster bihurtu zen uharteko errepide nagusia, New Amsterdametik ateratzen zena, uhartearen hegoaldeko erpinetik.

Hiribidearen nondik norakoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Broadwayk Manhattan oso-osoa zeharkatzen du, hegoaldetik iparraldera, hegoaldeko Bowling Green-etik Inwood-eraino, iparraldean.

Diagonalki zeharkatzen ditu Manhattaneko kaleak, 1811ko plan bati jarraituz antolatuak (Commissioner's Plan), eta hiribideekin gurutzatzen den puntuetan forma irregularreko plaza edo espazio ireki batzuk sortzen dira (Union Square, Madison Square, Herald Square, Times Square eta abar). Gurutzadura horiek direla-eta, orube batzuek forma berezia daukate, eta horren ondorioz zenbait eraikin interesgarri sortu dira, hala nola Flatiron Building eraikin entzutetsua.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Broadway Aldatu lotura Wikidatan