Flatiron Building

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Flatiron Building
Flatiron building by day september 20004.jpg
Flatiron eraikinaren ikuspegirik ezagunena, ertza erakusten duena, alegia
Herria New York, Ameriketako Estatu Batuak
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Koordenatuak 40°44′28″N 73°59′23″W / 40.74111°N 73.98972°W / 40.74111; -73.98972Koordenatuak: 40°44′28″N 73°59′23″W / 40.74111°N 73.98972°W / 40.74111; -73.98972
Flatiron Building non dagoen adierazten duen New York-ko/-go/-eko mapa
Flatiron Building
Arkitektoa D.H. Burnham & Co.
Daniel Burnham
Frederick Dinkelberg
Flatiron Building gertuagotik
Empire State eraikinetik lortutako hegoalderanzko ikuspegi honetan, erdialdetik pixka bat behera agertzen da Flatiron Building

Flatiron Building New Yorkeko lehenbiziko etxe orratzetako bat da. Eraikitzen bukatu zutenean, 1902an, New Yorkeko eraikinik garaienetako bat zen.

Bere kokalekua triangelu-formako orube bat da, honako kaleek mugatzen dutena: Bosgarren Hiribidea, 23. kalea eta Broadway. Empire State Buildingek goiko aldean daukan behatokitik hegoalderantz begiratuta, oso erraz bereizten da Flatiron Buildingen itxura deigarria.

Eraikinak antzinako arropa-lisagailu baten itxura dauka, eta hortik datorkio "Flatiron" izena.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beaux-Arts estiloko eraikin hau Chicagoko Daniel Burnham-ek diseinatu zuen. Estilo klasikoko zutabe greko baten antzera, eraikinaren fatxada, kareharri-koloreko terrakota arkitektonikozkoa, hiru zati horizontaletan banatuta dago.

Altzairuzko eskeleto bat duten lehenbiziko eraikinetakoa zenez gero, 87 metroko altuerara iristeraino jaso ahal izan zen; garai hartako bestelako eraikuntza-metodoak erabiliz, nekez lortu ahal izango zen altuera hori.

Eraikinak daukan izkina biribilduan, eraikinaren zabalera soil-soilik 2 metrokoa da. Hogeita bi solairu dauzka, eta, nahiz eta sarritan Manhattanen zutik dirauen etxe orratzik zaharrena dela esaten den, egiazki Park Row Building (1899) zaharragoa da, bai eta altuagoa ere.

New Yorkeko Flatiron Building ez da tankera honetako lehenbiziko eraikina. Arropa-lisagailu baten forma duen hirugarren eraikina da (lehenbizikoa Torontoko Gooderham Building da, 1892an eraikia, eta bigarrena, Atlantan 1897an eraikitako beste bat). Baina bi eraikin horiek txikiagoak dira New Yorkeko Flatiron Building baino.

Eraikinak izandako oihartzuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eraikina egin zutenean, bere izen ofiziala "Fuller Building" izan zen, George A. Fuller-en omenez, eraikina finantzatu zuen konpainiaren fundatzailea, eraikina egin baino bi urte lehenago hil zena. Esan bezala, eraikina "Flatiron Building" gisa ezagun egin zen, hain zuzen, eraiki zeneko orubearen formak baldintzaturik arropa-lisagailu ("flat iron") baten antza zeukalako.

Eraikina berehala oso ezagun egin zen New Yorkeko biztanleen artean. Apustuak egin ohi zituzten, eraikinaren hondakinak noraino eroriko, haize-bolada batek jo eta lurreraino botatzen zuenean. Kontua da, dena den, gaur egun oraindik ere zutik dirauela.

XX. mendearen hasieran, eraikin honen inguruan haize-korronte bortitz samarrak sortzen ziren, gune honetan zenbait kale gurutzatzeak "haize-tunel" efektua eragiten zuelako. Horrela, ba, haizeak emakumeei garai hartako gona luzeak altxatzen zizkien, orkatilak agerian utziz, eta gizon ugari biltzen omen zen inguru hauetan, horrelako ikuskizuna ez galtzeko.

Flatiron Building gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1989an National Historic Landmark izendatu zuten (eraikin, toki, egitura, objektu edo distritu bati Estatu Batuetako Gobernuak ematen dion izendapena, duen balio historikoa aintzat harturik). Baina ez da ahaztu behar bulego-erabilerari eusten diola gaur egun ere. Laster zenbait argitaletxeren egoitza nagusia izango da.

Spiderman-en filmetan Daily Bugle egunkariak bere bulegoak zeuzkan eraikina balitz bezala agertzen zen. Telebistako iragarkietan eta dokumentaletan ere maiz ikusten da, New Yorkeko ikur bereizgarri gisa.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Flatiron Building Aldatu lotura Wikidatan