Carlos Andrés Pérez

Wikipedia, Entziklopedia askea
EnzaiBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 16:57, 16 apirila 2015
Carlos Andres Perez

Carlos Andrés Pérez Rodríguez (Táchira, Venezuela, 1922ko urriaren 27a - Miami, Ameriketako Estatu Batuak, 2010eko abenduaren 25a) batzuetan CAP eta El Gocho izenekin deitua, Venezuelako Lehendakaria izan zen 1974tik 1979ra eta 1989tik 1993ra. Bere lehenengo presidentetzari Venezuela Saudi izena eman zitzaion, ekonomiaren gorakada zela eta, batez ere petrolioaren esportazioa dela eta. Hala ere bere bigarren agintaldian krisi ekonomiko larrian bizi izan zuen eta Caracazo matxinadaz gain bi estatu kolpe jasan zituen 1992an. 1993ko maiatzan 250 milioi bolivar ebatsi zituela argudiatuta Auzitegi Gorenak bere kargutik kendu zuen. 1996an askatu zuten eta 2010eko abenduaren 25ean hil zen, Miamin, erbestean.

Bizitza

Carlos Andrés Pérez, bere lehen presidentealdian, 1945ean.

Oso gazterik hasi zen politikan: 15 urte zituela Partido Democrático Nacional (PDN) ezkutuko alderdian sartu zen (gero Acción Democrática, AD). 1939an familiarekin Caracasa aldatu zen, eta ikasle mugimenduan nabarmendu zen. 1945ean Batzorde Zibiko-Militar batek eskuratu zuen agintea, eta Andrés Pérez Lehendakaritzako Idazkaritzan sartu zen Rómulo Betancourten lehen agintaldian (1945-1948). 1946an Diputatuen kongresuko kide izendatu zuten, baina 1948an espetxeratu egin zuten Gallegosen gobernu konstituzionaleko zenbait ministrorekin batera, hura eraitsi zutenean. Kolonbiara eta Costa Ricara erbesteratu zen, eta 1953an, Marcos Pérez Jiménez diktadorearen kontra azaldu zelarik, erbestera ihes egin behar izan zuen berriro, 1958 arte.

Sorterrira itzuli ondoren, 1962an Kanpo Harremanetarako ministro izendatu zuten, eta handik hamabi urtera Errepublikako lehendakari, Acción Democrática alderdiaren eskutik. Lehenengo agintaldia 1974-1979 bitartean bete zuen, eta 1988-1994 bitartean berriro izan zen lehendakari. Neurri ekonomiko zorrotzak hartu zituen eta istilu asko eragin zituen bere politikak. Bigarren agintaldia amaitu ondoren epaitu egin zuten, eta bi urte igaro behar izan zituen etxetik irten gabe, baina 1997an politikara itzuli zen, Movimiento de Apertura y Participación Nacional alderdia sortuz. 1998an berriro atxilotu zuten, ordea, diru publikoa bere onurarako erabili izanaren salaketapean, eta adinagatik espetxeratu ez zuten arren, hurrengo hauteskundeetan ez zen senatari izan.

2010eko abenduaren 25ean hil zen, Miamin, erbestean.


Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Carlos Andrés Pérez Aldatu lotura Wikidatan