Kolonbia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kolonbiako Errepublika
'República de Colombia'
Kolonbiako bandera
Bandera

Kolonbiako armarria
Armarria

Goiburua: Libertad y Orden
(Askatasuna eta Ordena)
Nazio ereserkia:
Himno Nacional de la República de Colombia
Kolonbia: kokalekua
Hiriburua
(eta hiri handiena)
Bogota
4°39′N 74°3′W / 4.650°N 74.050°W / 4.650; -74.050Koordenatuak: 4°39′N 74°3′W / 4.650°N 74.050°W / 4.650; -74.050
Hizkuntza ofiziala(k) Gaztelania
Gobernua
Presidentea
Presidenteordea
Errepublika presidentzialista
Juan Manuel Santos
Angelino Garzón
Independentzia
- Aldarrikatua
- Onartua
Espainiatik
1810 uztailaren 20
1819 abuztuaren 7
Eremua
• Guztira
• Ura

1.141.748 km² (26.)
% 8,8%
Biztanleria
• Zenbatespena (2011-05-03)
• Errolda (2005)
• Dentsitatea

Herritarra

45.959.809[1] (29.)
42.888.592[1]
40 biztanle/km² (173.)

kolonbiar
Dirua Kolonbiako Pesoa (COP)
Ordu eremua
 • Udan (DST)
UTC (UTC -5)
Ez (UTC -5)
Interneteko domeinua .co
Telefono aurrezenbakia +57

Kolonbia, ofizialki Kolonbiako Errepublika, Hego Amerikako ipar-mendebaldean dagoen estatua da. Ekialdean Venezuela eta Brasilekin du muga, hegoaldean Ekuador eta Perurekin, iparraldean Ozeano Atlantikoarekin (Karibe itsasoa) eta mendebaldean Panama eta Ozeano Barearekin. Karibe itsasoan Panama, Costa Rica, Nicaragua, Honduras, Jamaika, Haiti, Dominikar Errepublika eta Venezuelarekin ditu itsas mugak eta Ozeano Barean Panama, Costa Rica eta Ekuadorrekin[2]. Hiriburua Bogota da.

1.141.748 km²-ko azalera du eta 45.959.809 biztanle (2011ko zenbatespena)[1]. Beraz Hego Amerikako laugarren herrialderik handiena da, Brasil, Argentina eta Peruren ondoren, eta bigarren populatuena, Brasilen ondoren.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kolonbiako historia»

Espainiarrak gaur egungo Kolonbiako lurraldera iritsi zirenean, indiar herriak bizi ziren bertan, beste batzuen artean, karibeak Atlantikoan, arawakak eta guajiroak ekialdeko ordokietan, kitxuak mendebaleko eta erdiko mendietan, etab. Ekialdeko mendietan txibtxa indiarrak bizi ziren, politika eta gizarte antolakuntza aurreratua zutenak. Txibtxen hiriburua Bacata zen, gaur egungo hiriburuaren inguruetan.

Espainiar konkista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1499an iritsi ziren espainiarrak gaur egungo Kolonbiaren itsasertzera, Alonso de Ojeda eta bere taldekideak Guajira penintsulara heldu zirenean. Handik urte batzuetara lurraldea esploratzeko espedizioak antolatu eta lehen hiriak sortu ziren (Santa Marta, 1525; Cartagena de Indias, 1533; Cali eta Popayan, 1536). Garai hartakoak dira El Dorado lurralde ustez aberatsaren lehen berriak. 1536an, Gonzalo Jiménez de Quesadaren gidaritzapean, El Dorado aurkitzeko espedizioa antolatu zen. 1538an, gudaroste urri batekin lurralde zabal bat hartu eta Santa Fe de Bogota hiria sortu zuen txibtxa indiarren hiriburuaren ondoan, eta Granada Berria izena jarri zion lurraldeari. Han elkartu ziren Venezuela eta Ekuadorretik sartu ziren beste bi espedizio, eta 1550ean Granada Berriaren gobernua (audiencia) antolatu zuten.

XVI. mendearen bukaeran, kolonoen gehiegikeriak eta gaixotasunak sortutako izurriteak zirela eta, biztanleria asko urritu zen. Denbora gutxiren buruan hango kultura moldeak erabat aldatu ziren: erlijio katolikoa ezarri zen, bertako hizkuntzak galdu ziren, arrazak nahastu ziren, eta Afrikako esklaboak inportatu ziren lanerako.

Granada Berriko Erregeorderria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Granada Berria Peruko Erregeorderriaren administrazioaren mendean egon zen harik eta 1740an Granada Berriko Erregeorderria sortu zen arte (1717-1723 bitarteko aldi laburraren ondoren). Erregeorderriak gaur egungo Kolonbia, Ekuador, Panama eta Venezuelako lurraldeak hartzen zituen.

XVIII. mendearen bukaerako eta XIX. mendearen hasierako gertaera batzuek burujabetasuna lortzera bultzatu zituen bertan jaiotako espainiarren ondorengoak (kriolloak). Arrazoi horien artean hauek aipa daitezke: zergen igoera eta horrek ekarri zituen matxinadak, bertako kulturaren garapena, Frantziako Iraultzaren ideien zabaltzea eta Espainiako Independentzia Gerra.

Independentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Simón Bolívar, Francisco de Paula Santander eta independentziaren beste heroi batzuk.

1810ean hasi zen independentzia lortzeko ahalegina Granada Berriko Erreinuko Batzorde Gorena sortu eta erregeordea kargutik kendu zutenean. 1813an Granada Berriko Probintzia Batuen askatasun osoa onartu zen. Hala ere, abertzaleak ez zetozen denak bat. Izan ere, mendeetako bakartasunaren ondoren hiri eta probintzia bakoitzak bere ezaugarriak zituen, eta gerra zibila piztu zen zentralisten (kontserbadoreak) eta federalisten (liberalak) artean. Hala, Probintzia Batuetan giro nahasia bizi zen bitartean, Fernando VII.a Espainiako erregeak gudarostea bidali zuen eta, zapalkuntza latz baten ondoren, Bogotara iritsi eta Erregeorderria ezarri zuen berriro lurraldean (1816). Baina Simon Bolivarrek abertzale guztien indarrak bildu eta erregearen gudarostea menderatu zuen Boyacan, 1819ko abuztuaren 7an. Bi egun geroago hiriburuan sartu zen eta abenduaren 17an Kolonbia Handiko Errepublika onartu zen. Kolonbia Handiak Granada Berria, Venezuela, Panama (1821az gero) eta Ekuador (1822az gero) hartzen zituen.

Bolivar izan zen lehen lehendakaria, baina Perura jo zuen bere gudarostearekin eta Santanderren eskuetan utzi zuen aginpidea. 1826an espainiarrak kontinentetik egotzi ondoren Bogotara itzuli zenean, Bolivarren zentralismoa eta Santaderren federalismoa aurrez aurre topatu ziren. Bolivarrek diktadore baten ahalmena eskuratu zuen, baina kargua utzi behar izan zuen 1830ean. Hilabete gutxiren buruan Kolonbia Handia hiru estatu independentetan banatu zen: Venezuela, Ekuador eta Granada Berriko Errepublika (gaur egungo Kolonbia eta Panama).

Independentziaz geroztik Kolonbiako historia kontserbadoreen eta liberalen arteko lehia gogorraren mendean izan da, eta aginpidea eskuratzeko lehia horrek gobernu aldaketa ugari eta, askotan, gerra zibilak ekarri ditu. Kontserbadoreak zentralistak eta klerikalak ziren, eta elizaren pribilejioak gordetzearen aldeko. Liberalak, aldiz, federalistak eta antiklerikalak ziren, erlijio askatasunaren aldekoak.

XIX. mendean, urte gutxitan, behin baino gehiagotan aldatu zen estatuaren egitura politikoa: 1858an Granadako Konfederazioa, 1861ean Kolonbiako Estatu Batuak eta 1886an, azkenik, Kolonbiako Errepublika.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wisconsingo bake itunaren sinatzeak eman zion amaiera Mila Eguneko Gerrari.

1894tik 1903ra bitarteko gerra zibila (Mila Eguneko Gerra) lazgarria izan zen, eta herria ahitua utzi zuen. 1914an Kolonbiak Panamaren independentzia onartu zuen eta 25 milioi pesotako saria jaso zuen, haren ordainez, Estatu Batuetatik.

1953an Gustavo Rojas jeneralak estatu kolpea jo zuen. 1958an, Sitgeseko Itunean, hurrengo lau agintalditan (16 urte) lehendakaritza txandakatzea eta gobernua kontserbadoreen eta liberalen artean banatzea hitzartu zuten bi taldeek, Fronte Nazionala eratuz.

1960ko hamarkadan gerrillari taldeak sortu ziren. 1974ko hauteskundeetan alderdi bakoitzak bere aldetik jo zuen, hautesleen konfiantza berreskuratzearren. Liberalak izan ziren garaile, eta haiek izan ziren agintari 1980ko hamarkadara arte. Tarte horretan izugarri areagotu zen gerrillen jarduera eta haien kontrako zapalkuntza.

XX. mendearen bukaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerrillarien eta gobernuaren arteko negoziaketak, su-etenak eta amnistiak gorabehera, gerra giroan bizi izan zen. Bestalde, kokainaren trafikoaren aurkako neurriek gerra ekarri zuten gobernuaren eta kokaina merkatarien artean.

Nevado del Ruizen erupzioak 25.000 pertsonen heriotza eragin zuen Armero herrian.

1982an Belisario Betancur kontserbadoreak lortu zuen lehendakaritza. Bakearen aldeko eta narkotrafikoaren kontrako politika egin zuen (su-etena sinatu zuen M-19, FARC eta ELN gerrillekin, besteak beste) eta urrats garrantzitsuak egin zituen bai nazioarteko politikan eta bai politika sozialean. Baina neurri haietako batzuek huts egin zuten (gerrilla batzuek berriro ekin zioten borrokari). Hurrengo agintaldian, Virgilio Barco liberalaren lehendakaritzapean, gerrillari talde gehienak Simon Bolivar batasunean bildu ziren. 1985eko azaroaren 13an Nevado del Ruiz sumendiak laba egotzi eta izozgune bat urtu zuen, luizi bat sortuz eta Armero herria (Andeetako eskualdea) estaliz. 25.000 lagun inguru hil ziren[3].

1989an M-19ak armak utzi eta hurrengo urteko hauteskundeetan parte hartu zuen. Halaber, batasun horretako gerrillari talde gehienek bide berbera hartzea lortu zuen. Urte horretan droga trafikatzaileen aurkako neurriak hartu zituen gobernu liberalak, eta drogaren mafien erantzun gisa, zenbait hilketa gertatu ziren, besteak beste Luis Carlos Galán lehendakaritzarako hautagai liberalarena. Larrialdi egoera aldarrikatu zen, eta gobernuak hainbat trafikatzaile estraditatu zituen Estatu Batuetara, egoera baretzearren. Harrezkero ere etengabeak izan ziren liskarrak. Gobernuak neurriak hartu orduko drogaren kartelek indarkeriaz erantzuten zuten.

1990ean hitzarmen bat sinatu zuten Peru, Kolonbia eta Nikaraguak, kokainaren hiru ekoizle nagusiek, eta Estatu Batuek, kokaina kontsumitzaile handienak, Estatu Batuetatik laguntza ekonomikoa eta militarra jasotzearen truke droga trafikoari aurre egiteko. Bestalde,César Gaviria lehendakari liberalak (1990) konstituzioa eraberritu zuen 1991n eta garrantzizko aldaketak sartu zituen. Droga trafikatzaileekiko liskarrak baretzeko neurriak ere hartu zituen, eta egoera orokorrak hobera egin zuen. Arazo nagusiak, sakonean, konpondu gabe zeuden, ordea.

1994ko hauteskundeetan Ernesto Samper liberala atera zen lehendakari, baina agintaldi oso nahasia eta ustela izan zen, hauteskunde kanpainarako kolonbiar narkotrafikoaren laguntza jaso zuelako salatu baitzuten, Caliko kartelarena hain zuzen, Andrés Pastrana kontserbadorea bezalaxe. Horrez gainera, eta egoera lasaitzeko berriro ere larrialdi egoera ezarri zen arren, ez zen bakerik lortzen gerrillekin (ez FARCekin eta ez ELNrekin) eta erabateko gerra sortu zen gerrillen eta talde paramilitarren artean: 1997ko datuen arabera, milioi bat kolonbiar inguru zegoen beren etxeetatik alde eginda, talde paramilitarren ekintzen beldur zirelako batez ere, eta gobernuaren arabera, gerrillek 750 milioi dolar garbi eskuratzen dituzte urtean (kafeak ematen duen dirua baino gehiago, baina Medellin eta Cali kartelena baino gutxiago betiere).

1998ko hauteskundeetan Indar Demokratiko Berria alderdi kontserbadoreko Andrés Pastrana hautatu zuten lehendakari, eta horrela eman zitzaion amaiera liberalen 12 urteko agintaldiari. Pastranak gerrillarekin indarkeriaren amaiera hitzartuko zuela agindu zuen, eta estatuko erakundeak berritzeko hitza ere eman zuen. Bake elkarrizketak hasi ziren, baina 1999an une zailak bizi izan ziren, gerrillak talde paramilitarrak desegitea eskatu baitzion gobernuari. Aipatzekoa da 1999an Armenian 1.500 lagun hil eta 150.000 etxerik gabe utzi zituen lurrikara handia.

XXI. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002an bukatu zen Pastranak FARC gerrillarekin abian jarritako bake prozesua, eta urte horretan bertan Álvaro Uribe izendatu zuten lehendakari. 2006ko hauteskundeetan ere Uribe izan zen irabazlea eta ezkerreko Polo Democrático Alternativo nagusitu zitzaion oposizioan alderdi liberalari. Uribek erreforma ekonomiko batzuk egin zituen eta gogor egin zion aurre gerrillari, baina eskuineko taldeetako paramilitarrekin harreman estua izatea egotzi zioten. 2006an, gobernuko eta legebiltzarreko goi mailako hainbat kideren eta paramilitarren arteko lotura aurkitu izanak eskandalu handia sortu eta auzibidea zabaldu zuen. 2008an, armadak hainbat operazio gogor egin zituen FARCeko gerrillaren aurka, eta hainbat bahitu erreskatatu zituen, haien artean, Ingrid Betancourt lehendakarigai ohia. Urte horretan, manifestazio jendetsuak izan ziren FARCen kontra.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolonbiako mapa fisikoa.
Sakontzeko, irakurri: «Kolonbiako geografia»

Kolonbia Hego Amerikako ipar-mendebaldean dago. 1.141.748 km²-ko azalera du, hots, Hego Amerikako laugarren handiena eta munduko 26.a.

Orografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolonbiako lurraldean bi parte nagusi bereiz daitezke:

Andeetatik bereiz dagoen mendi nagusia Sierra Nevada de Santa Marta izeneko granitozko multzoa da. Iparraldeko muturrean dago, eta bertan dago, itsasbazterretik 40 kmra, Kolonbiako mendirik garaienak: Pico Cristobal Colón (5.775 m) eta Pico Simón Bolívar (5.775 m). Kolonbiako sumendiek bizirik dute sua, eta hondamendi handiak eragiten dituzte.

  • Andeetatik ekialdera lurraldearen erdia baino gehiago hartzen duten ordoki zabalak daude, Amazonas eta Orinoco ibaien arroetaraino direnak. Bestalde, iparraldean, Andeetako azken mendien eta Karibe itsasbazterraren artean Magdalena ibaiaren beheko ibilguak eratzen duen ordoki zabala dago.

Hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibai asko daude Kolonbian. Ozeano Barean isurtzen direnak gutxi, laburrak eta ur emari handikoak dira. Ande mendien hegotik iparralderako lerrokadura dela eta, mendiotan biltzen den ur asko iparralderantz jaisten diren Magdalena (1.700 km inguru) eta honen adarra den Cauca ibaiek Karibe itsasoan isurtzen dute. Kolonbiako ibai gehienak, ordea, ura Ozeano Atlantikoan isurtzen duten Orinoco eta Amazonas ibaien adarrak dira: Meta, Vichada, Guaviare eta Inirida ibaiak, batetik, eta Vaupes, Anaporis, Caqueta eta Putumayo, bestetik. Aintzira txiki asko daude Andeetan, eta istingadiak ordokietako behe aldeetan.

Kontinenteko lurraz gainera, Kolonbiak uharte txiki batzuk ere ditu. Horien artean Karibeko San Andrés eta Providencia, eta Ozeano Bareko Malpelo uharteak dira nagusiak. Itsasertzak 2.900 km ditu guztira, 1.600 km Karibe aldean eta Ozeano Barean gainerakoa.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolonbiako klima ekuatoriala da, beroa eta hezea, alde batetik bestera asko aldatzen dena. Ozeano Bare aldean beroa eta euritsua da; Atlantiko aldean, tropikala, sasoi lehor batekin; Orinocoren aldeko arroan (Los Llanos), berriz, euri eta lehor aldiak tartekatzen dira; Amazonas aldean oso hezea da. Andeetako klima, garaieraren arabera aldatzen da: 1.000 m bitartean hezea da, 1.000-2.000 m artean samurragoa, 3.000 mtik gora Atlantiko aldekoa, eta 4.570 mtik gora, urtzen ez diren elur-izotzak izaten dira.

Landaredia ugaria eta askotarikoa da Kolonbian. Ozeano Bare aldean mangladiak daude, eta Guajirako eremu idorretan karduak eta lur lehorretara egokitutako landareak. Los Llanos ordokian larre sabanak eta baso tropikalak daude, Atlantiko itsasoaren aldeko ordokietan palmondoak, eta Amazonas eta Choco aldeetan, berriz, ekuatore aldeko oihan sarriak. Ande mendiek dute landare ugaritasun handiena; beste askoren artean, jakaranda, ebanoa eta zedroa dira zuhaitz nagusiak, eta kopaiba, endalaharra eta kina sendabelar ezagunenak. Gorago, elurra bitarteko zatia elkorra da, landare urri duena.

Eskualde naturalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kolonbiako eskualde naturalak»

Herrialdean sei eskualde natural bereizten dira: Andeetako eskualdea, Karibeko eskualdea, Orinocoko eskualdea, Amazonaseko eskualdea, Pazifikoko eskualdea eta Uharteetako eskualdea).

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Departamenduak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Kolonbiaren banaketa administratiboa»

Administratiboki Kolonbia 32 departamendu eta Hiriburu Barruti batean banaturik dago.

Departamendua Hiriburua
1 Flag of Amazonas (Colombia).svg Amazonas Leticia
2 Flag of Antioquia Department.svg Antioquia Medellín
3 Flag of Arauca.svg Arauca Arauca
4 Flag of Atlántico.svg Atlantiko Barranquilla
5 Flag of Bolívar (Colombia).svg Bolívar Cartagena de Indias
6 Flag of Boyacá Department.svg Boyacá Tunja
7 Flag of Caldas.svg Caldas Manizales
8 Flag of Caquetá.svg Caquetá Florencia
9 Flag of Casanare.svg Casanare Yopal
10 Flag of Cauca.svg Cauca Popayán
11 Flag of Cesar.svg Cesar Valledupar
12 Flag of Chocó.svg Chocó Quibdó
13 Flag of Córdoba.svg Córdoba Montería
14 Flag of Cundinamarca.svg Cundinamarca Bogotá
15 Flag of Guainía.svg Guainía Inírida
16 Flag of Guaviare.svg Guaviare San José del Guaviare
17 Flag of Huila.svg Huila Neiva
Departamendua Hiriburua
18 Flag of La Guajira.svg La Guajira Riohacha
19 Flag of Magdalena.svg Magdalena Santa Marta
20 Flag of Meta.svg Meta Villavicencio
21 Flag of Nariño.svg Nariño Pasto
22 Flag of Norte de Santander.svg Norte de Santander Cúcuta
23 Flag of Putumayo.svg Putumayo Mocoa
24 Flag of Quindío.svg Quindío Armenia
25 Flag of Risaralda.svg Risaralda Pereira
26 Flag of San Andrés y Providencia.svg San Andrés eta Providencia San Andrés
27 Flag of Santander (Colombia).svg Santander Bucaramanga
28 Flag of Sucre (Colombia).svg Sucre Sincelejo
29 Flag of Tolima.svg Tolima Ibagué
30 Flag of Valle del Cauca.svg Valle del Cauca Cali
31 Flag of Vaupés.svg Vaupés Mitú
32 Flag of Vichada.svg Vichada Puerto Carreño
33 Flag of Bogotá.svg Hiriburu Barrutia Bogotá

Hiri garrantzitsuenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bogotá: 7.363.782 biztanle. (2010eko zenbatespena[4])
  2. Medellín: 2.343.049 biztanle.
  3. Cali: 2.244.639 biztanle.
  4. Barranquilla: 1.186.640 biztanle.
  5. Cartagena de Indias: 944.250 biztanle.
  6. Cúcuta: 618.310 biztanle.
  7. Soledad: 535.417 biztanle.
  8. Ibagué: 526.547 biztanle.
  9. Bucaramanga: 524.112 biztanle.
  10. Pereira: 457.103 biztanle.
  11. Soacha: 455.992 biztanle.
  12. Santa Marta: 447.857 biztanle.
  13. Villavicencio: 431.476 biztanle.
  14. Bello: 413.107 biztanle.
  15. Pasto: 411.706 biztanle.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kafe sailak Quimbayan (Quindío).

Kolonbia baliabide aberatseko herrialdea da. Bertan daude Latinoamerikako harrikatz erreserba handienak, eta badira petrolioa, urrea, esmeraldak (munduko finenetakoak) eta beste zenbait mea ere (zilarra, nikela, platinoa). Dena dela, meatzaritzaren aurretik nekazaritza da oraindik Kolonbiako jarduera nagusia (munduko laugarren kafe ekoizlea da[5]), eta abeltzaintzak indar handia du. Kanpo merkataritza liberalizatzeko eta bertako ekonomia zabaltzeko neurriak hartu ziren 1990eko hamarkadaren hasieran, eta neurri horiek eragin handia izan zuten bertako industrietan. Industriak eraberritzeko, modernizatzeko eta sendotzeko bidea eman baitzuten jarrera horrek erakarritako atzerriko inbertsioek. Horrela, Kolonbia munduko herrialde azpigaratuen sailean sartu izan den arren, nekazaritzarekin eta meatzaritzarekin izandako loturetatik askatzen ari da azken urteetako industrializazioari eta aurreramendu teknologiko berriei esker (barne produktu gordinaren % 20 inguru hartzen du).

Cannabis eta koka landare asko lantzen dira Kolonbian, nahiz eta legez kanpoko jarduera den. Gai horien lanketa eta bilketak, salerosketak, banaketak eta kontsumoak herrialde barruan eta kanpoan arazoak sortu ditu, eta hilketa ugari eta politika ustelkeria ekarri dizkio Kolonbiari, baina oraindik ere jarduera horiek dira atzerriko diru sarrera gehien erakartzen dutenak. Kafea da diru gehien ematen duen legezko jarduera, baina diru gehiago ateratzen da kokainaren pasta lantzetik eta saltzetik (barne produktu gordinaren % 5 hartzen du gutxi gorabehera).

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hispanofonia»

Hizkuntza ofizial bakarra gaztelania da, 1499an espainiarrek Mundu Zaharretik eramanda Kolonbian sartu zutena eta 500 urte baino gehiagotan zehar bertako hizkuntzak ordezkatu dituena. Hala ere herrialdean oraindik 65 mintzaira indigena existitzen dira, 1991an konstituzioaren bidez lehenengo aldiz ofizialki onartu zituztenak. Gaur egun biztanleen %3ak indigenak dira, eta horietatik 800.000-850.000 hiztun propioak dira.

Besteak beste, eta 2001eko datuen arabera, hauek dira hiztunen kopuruak eta euren geografia:

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Amerikako literatura» eta «Gaztelaniazko literatura»

Gabriel Garcia Marquez (1927) kolonbiar idazle ezagunena da. 1982an Literaturako Nobel Saria jaso zuen. Beste idazle aipagarri batzuk Jorge Isaacs (1837-1895), José Eustasio Rivera (1888-1928), Baldomero Sanín Cano (1861-1957), Manuel Mejía Vallejo (1923-1998) eta Álvaro Mutis (1923) dira.

Beste batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatzekoak dira Ramón Torres Méndez (1809-1885) eta Alejandro Obregón (1920-1992) margolariak, Fernando Botero (1932) eskultore eta margolaria, Sergio Cabrera (1950) eta Victor Gaviria (1955) zinema-zuzendariak eta Carlos Vives (1961), Juanes (1972) eta Shakira (1977) abeslariak, besteak beste.

Hedabideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zientzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Departamento Administrativo Nacional de Estadística 2011ko maiatzaren 3an kontsultatua
  2. Tratados Internacionales limítrofes de Colombia
  3. Nevado del Ruiz sumendia lehertu zen Paperekoa.berria.info
  4. Censo General 2005: Proyección población 2010
  5. 2010eko kafe ekoizpena Faostat.fao.org

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kolonbia Aldatu lotura Wikidatan


Amerikako herrialde eta lurraldeak
Ipar Amerika eta Karibea
LocationNorthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu BatuakAntigua eta BarbudaBahamakBarbadosBelizeCosta RicaKubaDominikaDominikar ErrepublikaEl SalvadorGrenadaGuatemalaHaitiHondurasJamaikaKanadaMexikoNikaraguaPanamaSaint Kitts eta NevisSanta LuziaSaint Vincent eta GrenadinakTrinidad eta Tobago


Dependentziak: Groenlandia (Danimarka) • GuadalupeMartinikaSaint BarthelemySaint MartinSaint Pierre eta Mikelune (Frantzia) • Aruba · Holandarren Antillak (Herbehereak) • Aingira · Bermuda · Birjina uharte britainiarrak · Kaiman uharteak · Montserrat · Turkak eta Caicoak (Erresuma Batua) • Puerto Rico · Birjina uharte amerikarrak (Ameriketako Estatu Batuak)

Hego Amerika
LocationSouthAmerica transparent.png
Estatu burujabeak: ArgentinaBoliviaBrasilTxileKolonbiaEkuadorGuyanaParaguaiPeruSurinamUruguaiVenezuela


Dependentziak: Guyana Frantsesa (Frantzia) • Falklandak (Erresuma Batua)