Eztabaida:Done Mikel Aralarkoaren santutegia

Orriaren edukia ez da onartzen beste hizkuntza batzuetan.
Wikipedia, Entziklopedia askea

San Mikel edo Done Mikel izan beharko luke[aldatu iturburu kodea]

Euskaltzaindiaren arauei jarraituz, San Mikel edo Done Mikel izan beharko luke. Ikus Euskaltzaindiaren «Santutegiko izen ohikoenak» eta «San, santu, done eta besteren erabilera» arauak. --Xabier Armendaritz(nirekin hizketan egiteko) 19:58, 14 Maiatza 2010 (UTC)

Ze bitxia "Santutegiko izen ohikoenak" araua! San Mikel!!! Hala ere, faltan bota dut arau horretan hasierako "F" letra "P" bihurtzen deneko kasua ez dutela iruzkindu. Txutxumutxu bat: nire herrian emakume zahar bat hil zen duela hilabete, eta nire aitak uste zuen "Pilar" deitzen zela, bere familiakoek "Pili" deitzen ziotelako. Ba ez, "Felipa" deitzen zen karnetean, eta bere etxean, ba "Pelipa" edo "Pilipa" edo horrelako zerbait esaten zioten, eta laburtzeko "Pili". Euskaltzaindiaren arau horretan izen horiek "F"-rekin utzi dira: Fermin/Permin, Fernando/Pernando, Felisa/Pelisa, Filipa/Pilipa... Ez dakit zein irizpide erabili duten, jakin nahiko nuke... --Assar; (erantzun hemen) 12:53, 15 Iraila 2010 (UTC)

Egia bide da, bai, garai batean euskarak ez zuela /f/ fonemarik. Aitzineuskarako hitzetan ez duzu inoiz ere fonema hori aurkituko. Hala ere, erdaretatik hartutako hitzetan /f/ fonemaren ordez /p/ ezartzea ez da beti gertatu: familia, faltsu, falta, fede... (Frai Bartolome kenduta, inor gutxik idatziko zituen horiek «p» letrarekin, XX. mendea baino lehen).

Erdaretatiko hitzetan /f/ hori sistematikoki /p/ bihurtzea fenomeno berria da (XX. mendeko moda), eta ez euskara osoan gertatua, gainera: batez ere Bizkai-Gipuzkoetan izan du indarra, eta ahozko hizkeran bereziki (idatziz, ez du hainbesteko indarrik izan). Beraz, ez dirudi ordezkatze hori euskara baturako hartzeko modukoa denik. --Xabier Armendaritz(nirekin hizketan egiteko) 14:08, 15 Iraila 2010 (UTC)

paltsu, pamilia, palta :D Baina egia, ez dirudi oso arrunta denik hitz horietan... Izen batzuetan ere uste dut ez dela ohikoa: Faustino, Flora, etab. --Assar; (erantzun hemen) 19:16, 15 Iraila 2010 (UTC)

Neronen euskalkian ere apari, pesta, peri, alper eta beste hainbat ditugu (euskalki honetako hitz batzuetan, baina, /f/ fonemadunekin alternantzia dugu —afari ere esaten da, eta aditzerako afaldu, afaltzen... da forma bakarra—; bakanak dira palta, paltsu, pamili; eta pede, pabore inoiz ez dut entzun, nahiz eta bigarren hori erabili duenik ere izan den). Eta egia da hasierako /f/ fonema zuten erdal hitzak euskarara ekartzeko erabilitako bideetako bat izan zela, Erromatarren garaiaren inguruan (ez, ordea, bide bakarra), hala nola fagus → pago, ficus → piku (baina baita fago, phago —/h/ hasperendunarekin—, bago eta biku ere).

Kontua da /f/ → /p/ bide bakar eta sistematikotzat hartu zela aldi jakin batean, geografia eremu jakin batean eta erabilera maila jakin batean (XX. mendean, Bizkai-Gipuzkoetan eta lagunartean, gehienbat). Horrekin ez dut esan nahi ezabatu beharreko erabilera denik, jakina: gaur egun ere, Bizkai-Gipuzkoetako euskalkietako lagunarteko hizkerarako, horixe da naturalena (esango nuke, hala ere, XXI. mende honetan joera hori atzeraka doala eta /f/ gero eta gehiago erabiltzen dela Bizkai-Gipuzkoetako herri hizkeretan).

Hori guztia aintzat hartuta, santuen izenetarako eta beste edozein erabilera zaindutarako, bada, ez dirudi /f/ → /p/ denik biderik egokiena; eta are gehiago santuen izenak tradizioan gehienbat nola idatzi izan diren begiratzen badugu. --Xabier Armendaritz(nirekin hizketan egiteko) 22:30, 15 Iraila 2010 (UTC)

San Mikelen santutegia ala San Mikel Aralarkoaren santutegia?[aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian San Mikelek ez du beste santutegirik, baina beharbada zehaztea komeni litzateke, atzerrietakoekin ez nahastearren. --Xabier Armendaritz(nirekin hizketan egiteko) 09:39, 16 Iraila 2010 (UTC)

Euskaltzaindiak San Mikel eta Done Mikel ditu onartuak euskara baturako. Artikulu honetan aurretik lanean ibili direnek San Migel ipinia zutenez, forma horretatik hurbilena hartu nuen, izenburua euskara batura ekartzeko. Geroztik, hala ere, ikusi dut, santutegi hori aipatzean, inguruko nafarrek joera handia dutela «done» eta antzekoak erabiltzeko:
- Santutegiko anaidiak «Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradia» du euskal izena (sabinotar deun horrekin).
- Jose Maria Satrustegi arruazuar euskaltzainak done Mikel darabil bere idatzietan.
- Altsasuko institutuak Done Mikel Aralarkoa du euskal izena:
« Done Mikel Aralarkoa deitzen da Altsasu Institutua. 'Aralarko Mikel Donea' zuen hasierako izen ofiziala, eta "euskarazko izendapena oso zuzena ez zelakoan", bertako arduradunen hitzetan, aholkua eskatu zitzaion Euskaltzaindiari 1995eko irailaren 15ean. Hori dela eta, Onomastika batzordearen gomendioz ipinitako izena da oraingo Done Mikel Aralarkoa. »

—Jose Maria Satrustegi[1]


Horiek guztiak ikusita, badirudi «Done Mikel Aralarkoaren santutegia» dela izenburu egokiena. --Xabier Armendaritz(nirekin hizketan egiteko) 11:33, 20 Iraila 2010 (UTC)


  1. Jose Maria Satrustegi (1999): «Santutegiko done forma Hegoaldeko tradizioan», Euskera, 44. zenbakia, 1999, 2.