Hyôga Beltxargakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hyôga Beltxargakoa
Datu biografikoak

Hyôga Beltxargakoa Masami Kurumadak idatzi eta marraztutako manga eta animea den Saint Seiyako eta honen jarraipen ofiziala den Saint Seiya Next Dimension mangako pertsonaia bat da. Bere jatorria Siberian du, Beltxargaren armajantzia lortzeko bere prestakuntza egin zuen tokia ere badena. Mangan bere irakaslea Camus Akuariokoa da, animean Kristal Zalduna den bitartean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizko istorioan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamabi etxeen aurretik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizko istorioan, lehen aldiz, Lehiaketa Galaktikoan agertzen da, Santutegiak, armajantziak euren onura propiorako erabiltzen ari diren brontzezko zaldunak zigortzeko bidalia.

Ikki Fenixekoa eta Zaldun Beltzen aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehiaketa Galaktikoa amaitu ondoren, Ikki Fenixekoak Sagitariuseko urrezko armajantzia lapurtzen du. Armajantzia berreskuratu beharra zegoela eta, brontzezko zaldunak bere bila doaz eta, Ikkiren morroietako batzuk garaituz, armajantzia osatzen duten bederatzi zatietatik lau berreskuratzen dituzte. Baina oraindik zaldun beltzen aurka borrokatu behar dute. Seiya Pegasokoa Atenaren etxetik gertuko baso batean dago, eta, bapatean, elurra hasten da, Beltxarga Beltzak eragindakoa. Seiya Beltxarga beltzarekin borrokan hasten da, baina berehala iristen dira gainontzeko brontzezko zaldunak eta zaldun beltzak, eta, azkenean, Hyôga da Beltxarga Beltzaren aurka borrokatzen duena. Hasieran, badirudi Beltxarga Beltza dela nagusi borrokan, baina, azkenean, Hyôgak garaitzen du. Azpisaga honen amaieran, Hyôgak Ikkiren aurka borrokatzen du. Fenixeko zaldunak Mamu Kolpearekin erasotzen du, baina Hyôgak, bere kosmosarekin kristalezko harresi bat sortuz itzuli egiten dio erasoa. Azkenean, Ikkik bihotzean zauritzen du Beltxargako zalduna.

Hamabi etxeetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hyôga, Shun, Seiya eta Saori hegazkinean iristen dira Santutegira. Han Shiryu Dragoikoarekin topo egiten dute. Apur bat aurrerago, Ptolemy Gezikoarekin topo egiten dute. Lehenengo tenplua den Ariesekorantz abiatuta, Ptolemyk Atena erasotzen du, eta bere gezietako bat jainkosaren bihotzean sartzen da, eta brontzezko zaldunei Atena salbatzeko hamabi ordu baino ez dituztela esaten die. Lau brontzezko zaldunak, orduan, Arieseko tenplurantz abiatzen dira. Shiryu da Mu Ariesekoari aurre egiten diona, baina honek erraz kentzen du gainetik Dragoiko Zalduna. Arieseko zaldunak bere ikasle den Kiki Ariesekoari brontzezko zaldunei hauen armajantzien kalteak erakusteko agintzen dio, halaxe egiten duen bezala, eta Muk armajantziak konpontzea eskaintzen die lau zaldunei, hauek, azkenean, onartuz. Ordu bete ematen du Arieseko zaldunak armajantziak konpontzen, eta, lau zaldunek, lana amaitzean, santutegiko ordularia ikusten dute, Arieseko sua jada itzali dela ikusiz. Euren armajantziak berriz jantzi eta brontzezko zaldunek Arieseko tenplua zeharkatzen dute.

Ondoren Tauruseko tenplura iristen dira. Hyôgak, Shiryuk eta Shunek aldi berean erasotzen dute tenpluko zaindaria den Aldebaran Taurokoa, baina honek erraz kentzen ditu gainetik bere Adar Handi teknikarekin, eta Seiyaren aurka borrokatzen du, azkenean honen aurka galduz eta lau zaldunek tenplua zeharkatuz. Geminiseko tenplura iristean, bi tenplu daudela ikusten dute. Seiya eta Shiryu batetik doaz, eta Geminiseko zaldunaren irudi bat ikusten dute. Shiryu, nahiz eta itsu egon, berehala ohartzen da hori ilusio bat dela, eta tenplua zeharkatzea lortzen dute. Shun eta Hyôga, berriz, bestetik doaz, eta eurek ere ikusten dute Geminiseko zaldunaren irudia, baina, kasu honetan, benetakoa zen zalduna, eta Andromeda eta Beltxargako zaldunek Geminisekoaren aurka borrokatu behar dute. Honek Hyôga bere Beste Dimentsio Bat teknikarekin beste dimentsio batera bidaltzen du, baina Shunek, dimentsioak zeharka ditzakeen bere katea erabiliz, patriarka bera erasotzen du, Geminiseko zaldunaren erasoa geldiaraziz. Honen ondorioz, Hyôgak Librako tenpluan amaitzen du.

Librako tenpluan bere irakasle den Camus Akuariokoarekin topo egiten du, eta bere aurka borrokatu behar izaten du, baina Hyôgak oraindik ez du bere zazpigarren zentzua piztu, eta Camus da garaile, honek, azkenean, bere ikaslea kristalezko zerraldo batean ehortziz. Gainontzeko brontzezko zaldunek, Librako tenplura iristean, Hyôga kristalezko zerraldoan ehortzita ikusten dute. Une horretan, Librako armajantzia agertzen da euren aurrean. Hyôga salbatu nahirik, Shiryuk ezpata bat hartu eta zerraldoa mozten du, Hyôga zerraldotik ateraz. Shun bere gainean jartzen da eta bere berotasuna eta kosmosarekin salbatzen du Beltxargako zalduna.

Ondoren, Hyôga, bere kideak baino apur bat beranduago, Eskorpioko tenplura iristen da. Eta bertan, Milo Scorpiusekoaren aurka borrokatzen du. Behin eta berriz jasotzen du Miloren Orratz Gorrindol erasoa, azkenekoa den Antaresekin batera, baina Hyôgak Eskorpioko zaldunaren armajantzia kaltetzen du bere Diamante Hauts erasoarekin. Eta, azkenean, Milok Beltxargako zalduna salbatzen du.

Sagitariuseko tenpluan Aioros Sagitariusekoaren testamentua ikusten dute, behin Sagitariuseko armajantziak, bere gezi bat hormara bidaltzen duenean. Testamentuaren atzean, azkenean, irtenbidea agertzen da eta Capricorniuseko tenplurantz abiatzen dira. Capricorniusekoan sartzean, Atenea soldadu bati Exkalibur ezpata eskaintzen ikusten dute, soldadu hori Atenearekiko leialena delarik. Tenplutik irtetzen dira, eta, hasieran zaindaririk ez duela uste badute ere, Shiryu berehala ohartzen da hori ez dela hala, eta Shura Kaprikorniokoaren presentzia nabaritzen du, bere lagunei, Shuraren erasoaren aurrean, jauzi egiteko eskatzen dielarik. Shiryu Shuraren aurka borrokatzen geratzen da, beste hiru kideek Akuarioko tenplurantz jarraitzen duten bitartean. Hyôgak, sarreran, bere irakaslea den Camus ikusten du. Honek Seiya eta Shuni zeharkatzen uzten die, Hyôga bere irakaslearen aurka borrokatzen geratzen den bitartean.

Akuarioren tenpluan bere irakaslearen aurka borrokatzen du. Camusek bere ikasleari honen ama hil zen itsasontzia berak hondoratu zuela esaten dio, borrokan sentimenduak alde batera utzi behar direla erakusteko. Bien arteko borrokan lehenik Camus nagusitzen da nabarmen, eta honek izotz zaldunen arteko borroka batean, bere airearen tenperatura zero absolututik gertuen jaurtitzea lortzen duenak irabazten duela azaltzen dio. Camusek, Librako tenpluan egin bezala, bere ikaslea kristalezko zerraldo batean ehorzten du, baina, oraingo honetan, Hyôgak zerraldo hori barrutik haustea lortzen du, Camus hori sinetsi ezinik geratuz. Borrokaren amaieran, Camus Aurora Exekuzioa teknikarako prestatzen da, eta Hyôgak gauza bera egiten du. Biek jaurtitzen dute euren teknika eta, azkenean, biak izoztuta hiltzen dira.

Behin Shun eta Afroditaren arteko borroka amaitu ondoren, Seiya patriarkaren aretora iristen da, eta Saga Geminisekoaren aurka borrokatzen du, honek behin eta berriz lurrera botatzen duelarik, bost zentzumenak ere kenduz. Azken ahalegin baten, Seiya Atenearen tenplura iristen da, zentzumen guztiak galduta eta soilik bere kosmosaren laguntzarekin, eta Atenearen estatua ikusten du. Ezkutua hartu eta altxatu egiten du, baina Saga heltzen da une horretan eta oreka galarazten dio, ezkutuaren argia norantza ezberdinetan mugituz, azkenean Ateneagan geratzen delarik, jainkosa salbatuz. Behin Atenea salbatu ondoren, hau tenpluetan zehar igotzen hasten da, bizirik geratutako urrezko zaldun bakarrak diren Mu Ariesekoa, Aldebaran Taurokoa, Aioria Leokoa, Shaka Virgokoa eta Milo Scorpiusekoarekin batera igoz eta bidean geratu diren brontzezko zaldunak ere berpiztuz. Saga honen amaieran, Seiyak, Shunek, Ikkik, Shiryuk eta Hyôgak euren kosmosak batzen dituzte Saga Garaitzeko, eta Geminiseko zalduna airean bidaltzen badute ere, hau kalte handirik gabe itzultzen da, bost brontzezko zaldunak ahituta lurrean geratuz.

Atenea bera da bere zaindari diren brontzezko zaldunen tokia, eta, hasieran, esku batekin Saga Atenea erasotzen saiatzen bada ere, beste eskuarekin Atenearen zetrua heltzen du, Geminiseko zaldunak bere buruaz beste eginez, une horretan bertan bere alde onera itzuliz.

Asgarden[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asgardeko saga Toei Animationek Masami Kurumadari Poseidonen saga amaitzeko astia emateko eginiko saga bat da, eta, beraz, ez du oinarririk jatorrizko mangan. Saga honetan, hasiera batean, badirudi Hyôga Asgardeko Jainko Gerlarietako bat dela, baina gero hala ez dela erakusten du, eta gainontzeko brontzezko zaldunekin batera Hilda Polarisekoaren esanetara dauden Jainko Gerlarien aurka borrokatzen du. Horietako lehena Thor Phecdakoa da. Seiyak Hyôgari eta Shuni Hildagana jarraitzeko esaten dien arren, Thorren mailuek bete betean jotzen dituzte Andromeda eta Beltxargako zaldunak, konorterik gabe utziz.

Hyôgaren lehen aurkaria Hagen Merakekoa da, izotzaz gain sua ere kontrolatzen dakiena. Honen aurka, Asgarden dagoen toki bero bakarra den leize baten borrokatzen du, magma zuena, eta Hyôgak ezin izan zuen behar bezala borrokatu. Orduan Fler iritsi eta bi borrokarien artean jartzen da, baina Hagenek biak erasotzen ditu. Hyôgak, jeikitzean, bere Aurora Exekuzioarekin erasotzen du Hagen, garaipena lortuz, eta, horrekin batera, Hagenek bere armajantzian zuen zafiroa.

Alberich Megrezekoaren aurka ere borrokatzen du, baina honek, Naturaren erasoarekin garaitzen du brontzezko zalduna, une horretan Shiryu agertzen delarik, beltxargako zalduna amatista zerraldoan ehortzita geratzetik salbatuz, eta, ordutik aurrera Dragoiko zalduna arduratuz Alberichen aurkako borrokaz. Saga honetako azken aurkaria Sigfrido Dubhe Alfakoa da, Jainko Gerlarien burua eta hauen artean boteretsuena, Hyôga nahiko erraz garaitzen duena. Borrokaren amaiera aldera, Seiya Odinen estatuaren aurrera doala, Hyôga da Seiya Hildaren erasoetatik babesten dutenetako bat, zazpi zafiroak Odinen estatuak onartzen dituelarik. Hala, Odinek bere armajantzia eskaintzen dio Seiyari eta Hildaren aurka borrokatzen du, azkenean aztikeriatik libratuz.

Poseidonen sagan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Poseidonen sagan, lehenik, Isaak Krakenekoaren aurka borrokatzen du, bere ikaskidea izan zena Siberian beltxargaren armajantzia lortzeko helburuarekin. Isaak Ozeano Artikoko zutabearen zaindaria da, eta Hyôgak berehala ezagutzen du. Honek beltxargako zaldunari Siberian ikaskide zeneko garaiak gogorarazten dizkio, eta nola salbatu behar izan zuen izotzpeko korronteetatik bere amaren bila joan zenean, eta nola, salbamendu horretan, Isaakek begi bat galdu zuen korronteen ondorioz izotz zati baten aurka jo ondoren. Hyôgak begi bat kentzeko baimena ematen dio bere lagun ohiari, eta halaxe egiten du itsas generalak. Honek, behin eta berriz erasotzen du beltxargako zalduna Aurora Boreala erasoarekin, horietako baten, lepoko zauria berrirekitzen diolarik. Eta izotzeko horma baten aurka ere botatzen du, Hyôga, une batez konorterik gabe geratuz. Une horretan iristen da Kiki, Mu Ariesekoaren ikaslea Librako armajantziarekin, eta laster altxatzen da Hyôga, bere Aurora Exekuzioarekin bere lagun ohia garaitzen duena. Honek, hil aurretik, traidorea nor den esaten dio, Saga Geminisekoaren anaia bikia den Kanon Geminisekoari erreferentzia eginez.

Kaça Lemnadesekoaren aurka ere borrokatzen du, baina honek, bere aurkarien pertsona maiteenen itxura har dezakeenez, Hyôgaren kasuan bere amaren itxura hartzen du, eta hala garaitzen du. Gauza bera egiten du Shun, Shiryu eta Seiyarekin ere. Azkenean Ikki arduratzen da arerio honetaz.

Azkenik, saga honetan zuzenean Poseidonen aurka borrokatzen du, Shiryu, Shun, Seiya, eta Shaina Ofiuchusekoarekin batera. Seiya Poseidonen aurrera iristen da bera bakarrik, eta bere meteoroekin erasotzen du jainkoa, baina honek itzuli egiten dizkio, Pegasoko zalduna kaltetua geratuz. Honek gauza bera egiten du, emaitza bera jasoz. Handik gutxira bere lagunak iristen dira, Hyôga, Shiryu, Shun eta Shaina. Aiorosek bere Sagitariuseko armajantzia bidaltzen dio. Seiyak gezia jaurtitzen dio jainkoari, baina honek itzuli egiten dio, gezia urrezko armajantzian sartuz. Bigarren aldiz ere saiatzen da geziarekin, emaitza bera lortuz, baina oraingoan gezia Shainaren bizkarrean sartzen du. Hirugarrenez ere bai, oraingoan gezia Shiryuren bularrean sartuz. Laugarren aldian, zaldun guztiek euren kosmosa batzen dute geziaren inguruan, eta, oraingoan, jainkoa zauritzea lortzen dute, honen kosmos ikaragarria une batez desagertaraziz.

Bost zaldunak erdiko zutabearen parera iristen dira, baina berehala jasotzen dute bere kosmosa areagotua duen Poseidonen erasoa, lurrera eroriz. Orduan, Dohkok eta Camusek euren urrezko armajantziak bidaltzen dituzte Shiryu eta Hyôgarentzat. Hyôgak Poseidon bere Aurora Exekuzioarekin erasotzen du, baina Poseidonen erasoa indartsuagoa da, eta, azken unean, Shiryu agertzen da bien artean, Librako armajantziko bere ezkutuarekin Poseidonen erasoa geldiarazten duena. Handik gutxira, Ikki iristen da, eta bera da Poseidonetaz arduratzen dena, Seiya, Hyôga eta Shiryu erdiko zutabea suntsitzeko prestatzen diren bitartean. Hasieran Librako armajantziko ezkutu batekin saiatzen dira, baina ez da posible. Eta Seiyak, hori ikusita, bere bi lagunei Dragoi Sorkaria eta Aurora Exekuzioarekin bera bultzatzeko eskatzen die. Halaxe egiten dute eta Seiyak erdiko zutabea suntsitzea eta Atenea salbatzea lortzen du, sagaren amaiera bezala Poseidonen izpiritua pitxerrean gordez berriz.

Hadesen sagan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teknikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izotz zaldun bezala, honakoak dira bere teknikak, Camusengandik ikasitakoak:

  • Diamante Hautsa (Diamond Dust): Hau da istorioan zehar Hyôgak gehien erabilitako teknika. Hasieran, dantza moduko bat eginez hasten da, aurkaria eraso aurretik teknika airera botaz, eta, azkenik, bi eskuak gorputz aurrean elkartuta, bi aldiz jaurtitzen du teknika aurkariagana.
  • Aurora Tximista
  • Aurora Exekuzioa (Aurora Ejecution): Teknika hau Hamabi Etxeetan ikasten du, bere irakaslea den Camusen aurkako borrokaren amaieran. Eskuak buru gainean elkartzen ditu batak bestea bilduz, eta, azkenean, gorputz aurrera eramaten dira, teknika jaurtiz.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]