Izakin

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Izakinak produktu bukatuak, erdibukatuak eta lehengaiak dira.

Izakinak[1], edo nazioartean stock direlakoak, enpresa batek une jakin batean dituen gai materialak, ekoizpen prozesuan sartu eta eraldatzeko erabili beharrekoak, eta salmentarako prest dauden produktu bukatuak dira. Beraz, lehengaiak, tarteko produktuak zein enpresak ekoiztutako produktuak biltzen dira izakinetan. Izakinak biltegi izeneko toki eta gordailuetan gordetzen dira. Adibidez, altzariak ekoizten dituen enpresa baten izakinak zuhaitz enborrak, enborrak eraldatuta altzariak osatzeko behar diren oholak eta salmentarako prest dauden altzariak izan daitezke, besteak beste. Izakinak enpresako aktibo zirkulatzailearen atal bat osatzen dute, iraunkortasun handiagoa duten ibilgetua (eraikinak, makinak, ...) ez bezala.

Izakinek ekoizpen prozesua ahalbideratu, lehengai eta produktu erdibukatuen bitartez, eta bezeroen eskariei erantzun egin behar diete, produktu bukatuen kopuru egokia edukiz. Helburu hau eraginkortasunez bete behar da, izakinen kopuru egokia edo hobezina izatea: gehiegizko izakin kopuru batek enpresako eta bezeroen beharrak asetzen ditu baina biltegi kostuak nabarmen igotzen ditu, gutxiegizko maila batek beharrak asetu gabe utz ditzake. Dena den, egun izakinen kopurua txikieneratzeko joera dago enpresetan, esaterako Just in time izeneko ekoizpen-antolakuntzari jarraiki, produktua eskaera dagoenean bakarrik ekoiztuz eta izakinen sarrera beharrezko denean eginez. Oro har, izakinen kopuru hobezina eta izakinen eskaerak jasotzeko une egokia ezartzen dituzten metodoek, MRP eta ERP kasu, izakinen kudeaketa osatzen dute.

Bestalde, garrantzitsua da izakinen kontabilitatea edo inbentarioa modu fidagarri eta eguneratuan izatea. Inbentarioa egiteko modu ezberdinak dute, izakinen sarrerak eta irteerak kontabilizatzeko moduaren zein den. Horrela, besteak beste FIFO eta LIFO izakinen balorazio-metodoak daude eskura.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]