Kontabilitate

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Antzinako kontableak bulegoan lan egiten.

Ekonomian, kontabilitatea edo kontularitza enpresa bateko informazio ekonomikoa jaso eta aztertzen duen teknika da. Zehatzago, kontabilitateak erakunde ekonomiko batek une jakin batean duen ondarea eta, ondare hau gutxituz edo gehituz, denboran zehar burutzen dituen erakunde barneko zein kanpoko trukaketak jaso, egiaztatu, sailkatu, laburtu, aztertu eta azaltzen dituzten tekniken multzoa da. Hastapenetan, kontabilitatearen helburu soila enpresako egitate ekonomiko arruntak jasotzea izan bazen ere, kontabilitatea bazkide, bezero, ogasun, mailegatzaile eta orohar gizartearen aurrean enpresaren egoera, emaitza eta kudeaketa azaltzeko funtsezko informazo-iturri bilakatu da gaur egun. Azaltzen dituen datuei esker, enpresako kudeaketa bera hobetzeko tresna garrantzitsua ere bada.

Kontabilitatea maila ezberdineko erakunde ekonomikoetan garatzen da. Familia eta enpresetan, aurrekontuak, erosketak, salmentak, ordainketak eta bestelako eragiketak jasotzen dira, baliabideen kontrola zorrotz, zehatz eta eguneratua izateko. Helburutzat irabaziak handieneratzea izaten ez duten erakundeetan ere, Gobernuz Kanpoko Erakundeak kasu, behar beharrezkoa da kontabilitatea eskuratutako baliabideak eraginkortasunez erabiltzeko. Nazio eta nazioarteko mailako kontabilitatea ere egiten da, oinarrizko erakundeek emandako datuetatik agregatu ekonomikoak osatuz. Agregatu ekonomiko hauen kontabilitatea funtsezkoa da politika ekonomikoak modu egokian erabakitzeko.

Beste alde batetik, kontabilitatea arau jakinak eta zehatzak jarraitu behar dituen jarduera da. Erakunde ekonomikoek azaltzen duten informazioa ulergarria eta fidagarria izan dadin, kontabilitatea arautzen duten lege eta bestelako xedapenak daude. Arau hauek nazio batetik bestera aldatzen badira ere, nazioartean normalizazio prozesu bati ekiten zaio, egungo harreman ekonomiko globalak era egokian azaltzeko. Kontabilitatea aurrera nola eraman behar den zehazten duen oinarrizko arautegi bat Kontabilitate Plan Orokorra da.

Kontabilitatea prozesu moduan azal daiteke. Egitate ekonomikoak jaso eta erregistratu egiten dituen kontabilitatearen oinarrizko arloa liburu eramailetza da: kontabilitate-liburuetan enpresak bere barnean edo kanpoko eragileekiko izan dituen harreman eta trukaketak idatzirik geratzen dira, enpresak izandako eragiketa guztien berri izan dezan. Egitate ekonomikoak eta horiei dagozkien idazpenak egiaztatzeko, enpresak fakturak, ordainagiri eta bestelako dokumentuak jaso eta gorde behar ditu. Informazioa bildu eta irudikatzeko, kontabilitateak tresna kontzeptualak (kontabilitate-kontuak, balantzea) eta materialak ditu (tresna informatikoak, kontabilitate-liburuak) ditu. Kontabilitateak jasotako datuak kontabilitate-egoerak edo urteko kontuak izeneko laburpenetan biltzen dira. Kontabilitatea ez da, ordea, datuak erregistratzera mugatzen eta datu eta laburpen horiek aztertu egin behar ditu, zuzendaritzari erabakiak hartzen lagundu, zergen ordainketarako ogasunari emaitzen berri eman eta bazkide, mailegatzaile eta bestelako hartzekodunei enpresaren egoera jakinarazteko. Kasu guztietan, kontabilitateak azaltzen duen informazioa osoa, ulergarria eta fidagarria izan behar da. Azkenik, enpresan bere kontabilitate-kontuen egiaztapena burutu behar da, azaldutako informazioa fidagarria dela ziurtatzeko, barne eta kanpoko kontu-ikuskaritza baten bitartez.

Historian zehar, ekonomia sortu zen une berean sortu ziren kontabilitaterako lehenengo tresnak ere. Hala ere, XV. mendean bizi izan zen Luca Pacioliri zor zaio egun gehien erabiltzen kontabilitate-metodoa: kontu-sail bikoitza. Kontzeptu sistema horren barnean, kontabilitate-tresnen garapen eta estandarizazioa nabarmena izan da azken hamarkadetan, informatikaren bultzadarekin batera. Horrela, kontabilitatea ekonomiaren egonkortasun eta garapenerako funtsezko informazio-sistema bilakatu da, eragile ekonomikoen informaziorako eredu homogeneo bat eskainiz.

Kontabilitate-adarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Finantza-kontabilitatea edo kanpo kontabilitatea unitate ekonomikoak beste unitate ekonomikoekin dituen harreman eta trukaketei begira informazioaren bilketa eta azterketa egiten duen kontabilitatea da. Finantza-kontabilitateak une jakin batean enpresak duen ondaretik abiatu, ondoren beste enpresa edo unitate ekonomikoekin izandako trukaketak edo harremanak (produktu edo zerbitzuen salmenta eta erosketa, alokairuak, maileguak) jaso eta horien ondorioz amaierako une jakin batean duen ondarea zehaztu beharko du berriz ere, izandako irabaziak eta galerak kalkulatuz horrela, modu fidel eta objektibo batez.

Kudeaketarako kontabilitatea, kontabilitate analitikoa edo kostuen kontabilitatea da kontabilitatearen beste adar bat. Enpresako barne-kontabilitatea da, enpresaren produktu eta zerbitzuak ekoizteko prozesuan zehar, enpresako baliabideen erabilerari buruzko informazioa biltzen duena. Erabilitako lehengai, egindako lanordu, makinen funtzionamendu-ordu eta bestelako kostuei buruzko kontabilitatea egiten du, produktuaren kontu totala eta enpresako sail bakoitzeko kostuak zenbatestearren. Produktibitatea aztertzeko funtsezko tresna da eta besteak beste eskaera berriei ezarri beharreko prezioa erabaki edota ezarritako plangintzaren kontrola egiteko oinarrizkoa da.

Kontabilitate publikoa erakunde publikoetan egin beharreko kontabilitatea. Bere oinarrizko tresna aurrekontua da, non diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena egiten den epe jakin baterako. Diru-sarrera nagusiak fondo publikoak direnez, fondo horien erabilerari buruz kontrol zorrotza behar duten erakundeak dira gainera. Erakunde hauen helburua etekina maximotzea izaten ez bada ere, baliabideak modu eraginkorrenean erabili behar dituzte ere eta beraz, enpresa pribatuen kontabilitate-tresnak ere beharrezko dituzte.

Makrokontabilitateak unitate ekonomiko ezberdinen baterako kontabilitatea egiten du, agregatuak osatuz. Honen barnean, nazio-kontabilitateak nazio bateko aldagai makroekonomikoak zenbatesten ditu, Barne Produktu Gordina eta ordainketa-balantza esaterako. Erregio-mailako kontabilitatea ere egin daiteke. Industria eta sektore ezberdinen arteko harreman produktiboak aztertzen duen kontabilitate-mota bat ere badago, input-output ereduaz garatzen dena.

Kontabilitate-metodoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontabilitate-metodoak egitate ekonomikoak interpretatu, jaso, erregistratu eta bateratzeko modua ezartzen du. Kontabilitatean nagusi den metodoa kontu-sail bikoitza da. Metodo hau eragiketa ekonomiko bakoitzaren izaeran oinarrizten da: fluxu ekonomiko orok jatorri bat eta helmuga bat du. Horrela, enpresa batek 1000€ko makina bat erosten badu eskudirutan, bi elementu ekonomiko dira eragiketa horretan parte hartzen dutenak: makina, helburua dena, eta dirua, jatorria dena. Makineriak gehikuntza bat jasotzen du, diruak gutxikuntza jasotzen duen bitartean. Horrela, makineria eta dirua edo kutxa izeneko bi kontu edo elementuen arteko harreman edo idazpen batez adieraz daiteke eragiketa makina erosten duen enpresaren kontabilitatean [1]:

                 ZOR              HARTZEKO
Makineria        1000  
Kutxa                              1000  

Horrela, eragiketa bakoitzean zor aldea eta hartzeko aldea berdinak izan behar dira. Idazpen hauek liburu Nagusian jasotzen dira, urtearen buruan idazpen hauek bildu eta ondarearen aldaketak jasotzeko.

Ondarea eta balantzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpresako ondarea aktiboak, pasiboak eta ondare garbiak osatzen dute. Aktiboa finantzatzeko erabiltzen dira pasiboko finantza-iturriak eta ondare garbiko ekarpenak.

Une jakin batean enpresa edo bestelako erakunde ekonomiko batek dituen ondasun eta baliabideek, horretarako erabilitako finantza-iturriekin batera, ondarea osatzen dute. Berezko ondarea enpresa bateko ondasunak ken zor dena da. Horrela, ondarea honako sail hauetan banatzen da: aktiboa, enpresaren ondasun eta eskubideek osaturikoa; pasiboa, aktiboa finantzatzeko zorrek osatzen dutena eta ondare garbia, enpresaren berezko fondoak (bazkideen ekarpenak edo kapital soziala funtsean). Balantzea enpresa bateko ondarea, aktibo eta pasiboko sailetan bereizirik, zehazten duen agiria da, une jakin batean enpresak duen egoeraren berri emanez[2]. Aktiboan enpresaren ondasunak eta eskubideak, enpresak daukana edo enpresaren inbertsioa biltzen da. Pasiboan eta ondare garbian enpresaren aktiboaren finantza-iturriak eta obligazioak biltzen dira: besteekiko obligazioak eta bazkideekiko obligazioak, hurrenez hurren.

Aktiboa eta pasiboa atal ezberdinetan banatzen dira, ondare-elementuen izaeraren arabera:

Kontabilitate-zikloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpresaren jarduera jarraia bada ere, kontabilitateak aldiroko zikloa, gehienetan urtebetearekin bat datorrena, burutzen du, kontuak irekiz hasieran eta liburuak itxiz amaieran, bi une horietan aldiko eragiketa guztien laburpena egin eta ondarea zehaztuz. Kontabilitate-zikloaren aldi bakoitzari ekitaldi ekonomiko deritzo.

Kontabilitateari dagokionean, ekitaldi ekonomikoa inbentarioarekin abiarazi behar da, non urteko kontuek adierazitako ondarearen egiaztapena egin behar den. Ondoren, kontuak ireki behar dira aurreko ekitalditik hartutako saldoak ezarriz. Ekitaldiko eragiketak jasota, ekitaldi amaiera aldera erregularizazio-prozesu bati ekin behar zaio, euskarri materialik (nominak, fakturak) ez duten eragiketak erregistratuz eta ekitaldi honetan sortu baina hurrengo ekitaldietan ere eragina duten eragiketen azterketa edo aldizkapena egin behar da, indarreango ekitaldiari dagokion eragiketaren zenbatekoa esleituz sortzapen-printzipioaren arabera. Amaieran, kontuak itxi, balantzea eta beste urteko kontuak osatu eta ekitaldiko galera-irabaziak kalkulatuko dira, irabaziak bazkideen artean banatu edo berriz ere inbertitu erabakitzeko eta administrazio publikoei ordaindu beharreko zergei begira.

Kontabilitate-egoeren analisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egitate ekonomikoen erregistroa eta urteko kontuen eraketak enpresari buruzko informazio zehatza eta zabala ematen badu. Kontabilitate-egoeren analisiaren bitartez informazio honen interpretazio egokia egiten da, erabakiak hartzeko baliagarria dena. Horretarako, finantzazio-koadroa, diruzaintza-egoera eta bestelako tresnak daude.

Ondare-analisiak enpresaren balantzea aztertzen du. Aktiboa, pasiboa eta ondare garbia osatzen duten atal ezberdinen artean oreka bat izan behar da. Horrela, aktiboaren sailkapen nagusiak aktibo zirkulatzailea eta aktibo finkoa bereizten ditu, bertako elementuak epe laburrera saldu eta diru bihurtu behar diren. Era berean, pasiboan epe laburrerako pasiboa eta epe luzerako pasiboa bereizten dira, zorrak epe labur batean ordaindu beharrekoak diren. Horrela, atal ezberdinen artean oreka izateko, epe luzerako pasiboak aktibo finkoa eta aktibo zirkulatzailearen zati bat finantzatzeko erabili behar da. Epe laburreko pasiboa aktibo zirkulatzailea baino handiagoa bada, berriz, enpresa ordainketa-etendura izeneko egoera teknikoan dago[4]. Pasiboa aktibo finkoa eta zirkulatzailea batera baino handiagoa denean, enpresa porrot egoeran dago. Enpresaren ondarearen egoerari buruz azterketa zehatzagoa ere egin daiteke, ondareko taal ezberdinen arteko erlazioak azaltzen dituzten finantza-ratioen bitartez.

Galera eta irabazien kontuak ere enpresako kudeaketaren berri ematen du, galera edo irabazien jatorriari buruzko xehetasunak emanez. Adibidez, ustiapenaren etekina eta etekin gordina bereizi behar dira, ustiapen etekinak finantza-gastuak kendu gabe baititu.

Kontabilitatea eta informatika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontabilitateak burutzen dituen idazpen eta bestelako lan errepikakorrak modu eraginkor eta fidagarrian egiteko, informatika tresna garrantzitsua da. Egun, kontabilitate konputagailuz egiten da enpresa guztietan, enpresako informazioa berehala jakiteko moduan. ContaPlus eta Navision dira enpresa txiki eta ertainentzat gehien erabiltzen diren kontabilitate-softwareetako bi. Kontabilitatean aditu ez direnen eskuetan, kontabilitate-softwareak fidagarritasun eskaseko informazioa eman dezakeela aipatu da, ordea. Informazio ekonomikoa jasotzeaz gainera, kontabilitate-softwarean enpresako informazioa modu antolatu eta integratuan ulertzeko joera zabaldu da, zuzendaritzaren tresna moduan eta enpresako helburuak lortzeari begira [5].

Kontabilitatearen historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontabilitate-erregistroak gordetzen dituen antzinako buztinezko taula bat. Susa, K. a. 3200-2700. Louvre museoa.

Kontabilitatea zibilizazioa bezain zaharra da. Orain dela 10.000 urte inguru, nekazaritza eta abelzaintzaren garapenak soberakina sorrarazi eta merkataritza-trukaketak ugaldu zituen. Aberastasunaren gehikuntzak kontabilitatearen sorrera eragin zuen. Ekialde Hurbilean garai hartako buztinezko aleak aurkitu dira, eite eta tamaina ezberdinetakoak, inbentarioa eta merkataritza-trukaketen erregistroa egiteko erabiltzen omen zirenak, Euskal Herriko toki batzuetan helburu berdinarekin erabilitako taiak izeneko adasketan egindakoen antzera. Kontabilitaterako ikurrak dituzten buztinezko taula txikiak ere aurkitu dira. K. a. VII. mendean lehenengo txanponak sortu ziren. Diruaren sorrerak merkataritza garatu zuen. Grekoek eta erromatarrek ekonomia-sistema konplexua eratu zuten. Horrela, jarduera ekonomikoen erregistroa egiten duten agiriak ugari ziren. Zibilizazio hauen gainbeheraren ondoren, mila urte beranduago emango zuen kontabilitateak beste pauso bat aurrera. Erdi Aroan, hiriak garatu ahala, hiri barneko eta hirien arteko merkataritza garatzen hasi zen. Urrutiko lurraldeetako gaiak agertzen ere hasi ziren. Giro horretan, kontu-sail bikoitzaren metodoa garatu zen Italian 1200-1350 urte bitartean. Garai hartako Rinierie Fini (1296-1305) eta Farolfi (1299-1300) konpainietako kontu-sail biko kontabilitate-erregistroak gorde dira. Luca Pacioli frantziskotar matematikariak Summa de Arithmetica, Geometria, Proportioni et Proportionalità idatzi zuen 1494 urtean, non garaiko kontabilitate-tekniken bilduma egiten den kapitulu batean, kontu-sail bikoitza izeneko metodoa barne [6].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Makina saltzen duen enpresaren kasuan, idazpena alderantziz liteke.
  2. Esan ohi da, balantzeak enpresaren argazkia dela une jakin batean.
  3. Bestelako sailkapenak egin daitezke, aktibo materiala eta inmateriala bereiziz esaterako.
  4. Egoera teknikoa dela esatean, de facto egoera horretan dagoela adierazi nahi bada. Ordainketa-etendura epaile batek ezar dezakeela ere hartu behar da kontuan.
  5. (Ingelesez)   Gelinas, Ulric J.; Dull, Richard B., Accounting Information Systems, 11. orrialdea, http://books.google.es/books?id=_AnCDf-9ZfgC&printsec=frontcover&source=gbs_v2_summary_r&cad=0#v=onepage&q&f=false .
  6. (Ingelesez)   Accounting History Page, From the Ancient World to the Enlightement, Mays Business School at Texas, http://acct.tamu.edu/giroux/AncientWorld.html. Noiz kontsultatua: 2010-04-25 .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikiesanetan artikulu bat dago honi buruz:
Kontabilitate
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kontabilitate Aldatu lotura Wikidatan
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: kontabilitate .