Kapsula (botika)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gelatinazko kapsula zurrunak

Gelatinazko kapsula zurrunak ahobidetik ematen diren dosifikazio forma solidoak dira. Bi zati zilindrikoz osatuta daude, zatietako bakoitzak alde bat irekia eta bestea esfera erdiaren formakoa du, eta bi zati zilindrikoen alde irekiak bata bestearekin ahokatzen dira. Laburragoa den eta diametro handiagoa duen zati zilindrikoari estalkia edo burua deritzo, eta luzeagoa eta diametro txikiagoko zatiari errezeptakulua edo gorputza; azken hori betetzen da farmakoa edo printzipio aktiboa daraman hautsarekin, eta ondoren, estalkiarekin ixten da kapsula ontziratua izan dadin.

Abantailak eta desabantailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abantailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Farmakoaren babesa handiagoa da. Farmakoa inguruneko hainbat aldagaitik (argia, oxigenoa, hautsa…) babesten du, baina ez du babesten hezetasunetik eta ondo kontrolatu beharreko faktorea da. Gainera, oso erresistentzia fisiko handia dute.
  2. Barneko edukiaren zapore eta usain txarrak estaltzen dituzte.
  3. Identifikazioa errazten duen kolorea eta serigrafia dute.
  4. Ekoizpen sinplea dute. Erraz prestatzen dira eta konprimatuek baino eszipiente gutxiago dituzte.
  5. Egonkortasun ona dute. Osagai gutxi dituzte eta prozesuan ez da urik erabili behar (bateraezintasunak errazago kontrolatzen dira eta egonkortasun arazo gutxiago aurkezten dute). Gai bateraezinak erabiltzeko aukera ematen dute.
  6. Ezaugarri organoleptiko onak dituzte. Kapsulek ez dute ia zaporerik eta labainkorrak direnez ondo irensten dira.
  7. Egokitzapenak egiteko aukera eskaintzen dute. Arruntak ez diren dosietan eman behar diren farmakoentzako erabilgarriak dira. Kapsula berean konprimatu txiki desberdinak eman daitezke. Farmakoaren edo farmakoen dosi desberdinak aldi berean administratzeko ere erabili daitezke.
  8. Irentsi ondorengo tolerantzia ona da.
  9. Farmakoaren bioerabilgarritasuna ona da. Gelatina urdailera iritsi eta azkar disolbatzen denez, farmakoaren askapena bizkorra da eta erraz xurgatzen da.

Desabantailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ekoizpen etekin txikiagoa eta kostu handiagoa dute konprimatuekin alderatuz. Gelatinazko kapsula zurrunak ekoizle bereziei erosten zaizkie, eta industria farmazeutikoan kapsulak bete edo dosifikatu besterik ez dira egiten.
  2. Biltegiratzeko arreta berezia izan behar da. Kapsulak kontserbatzeko ezinbestean tenperatura 30ºC baino txikiagoa izan behar da, eta hezetasunetik tentu handiz babestu behar dira. Gelatina lehortzen denean oso hauskorra da, eta beroarekin eta hezetasunarekin bigundu egiten da.
  3. Hainbat muga dituzte administratzeko garaian: ezin dira zatitu dosi txikiagoa behar denean, eta ezin dira irensteko arazoak dituzten gaixoekin erabili. Horrez gain, erraz itsasten dira heste gorriaren edo esofagoaren hormetan (farmako erasokorrek lesioak eragin ditzakete)
  4. Zenbait muga dituzte edukiari dagokionez. Gai batzuk ezin dira kapsularatu aurrez diluitzen edo mikrokapsularatzen ez badira. Adibidez: printzipio aktibo solidoak, efloreszenteak, higroskopiko delikueszenteak eta eutektikoak eratzen dituztenak, eta, bereziki gelatinarekin erreakzionatzen duten gaiak: gelatina disolbatzen dutenak, gelatina bustitzen dutenak edo gelatinan hedatzeko gauza direnak. Kapsularatu beharreko bolumenak ere kapsularen tamaina mugatzen du.

Kapsulen konposaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gelatina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapsula gelatinakara zurrunak nahiz elastikoak egiteko erabiltzen diren materialak antzekoak dira. Kasu guztietan, ur desmineralizatuarekin egindako gelatina disoluzio bat prestatzen da, eta, gero, kapsularen elastikotasuna handitzeko, glizerola edo beste plastifikatzaileren bat eransten zaio. Horrez gain, kapsularen erabileraren arabera, koloratzaileak, kontserbatzaileak edo beste eszipiente laguntzaile batzuk gehitu daitezke.

Gelatina jatorri naturaleko produktua da, kolagenoa hidrolizatuz lortzen da. Kolagenoa animalien larruazal, tendoi, hezur eta kartilagoetako ehun konektiboaren proteina euskarri nagusia da. Gelatinaren hidrolisia azidoa denean PharmagelR A nahaste urtsua lortzen da, eta basikoa denean PharmagelR B nahaste urtsua. Bi nahaste horiek puntu isoelektriko ezberdina dute.

Gelatina da kapsulen oinarrizko osagai bakarra, ez baita propietate egokiak dituen besterik aurkitu oraingoz. Ez da toxikoa (elikagaien industrian asko erabiltzen da), oso erraz disolbatzen da fluido biologikoetan eta mintz eratzaile ona da (0,1 mm-tik gorako lodiera duten mintzak eratu ditzake).

Kapsula egiteko erabiliko den gelatinak kalitate onekoa izan behar du, eta farmakopeako arauak bete behar ditu: mikroorganismo-edukia, ahalmen gelifikatzailea edo trinkotasuna, likatasuna, pHa, errauts kantitatea, artsenikorik eza eta metal astunen eduki oso baxua (<15 ppm). Trinkotasuna eta likatasuna propietate funtsezkoak dira kapsulagintzan. Trinkotasuna gelatinaren zurruntasunaren neurri bat da; kapsula bigun edo elastikoen kasuan, trinkotasun txikiagoko gelatina erabiltzen da. Gelatinazko disoluzioaren likatasunak, aldiz, kapsularen lodieran eragingo du.

Gelatina nahaste urtsuaren osagaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Plastifikatzailea: kapsula zurrunen hormak kapsula bigunenak baino trinkoagoak dira plastifikatzaile proportzio askoz baxuagoa daramatelako.
  • Koloratzailea: kapsulari kolorea emateko edo estaldurari opakotasuna emateko eransten dira. Koloratzaileak disolbagarriak edo pigmentu disolbaezinak izan daitezke.
  • Kontserbatzailea: ekoizpen prozesuan bakterio eta onddorik ez hazteko gehitzen da. Kontserbatzailearen kontzentrazioak ez du 1.000 ppm-tik gorakoa izan behar (<%0,15).
  • Zaporetzailea: esentziak.
  • Hezetzaileak: Laurilsulfatosodikoa (LSS).

Kapsulen ekoizpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekoizpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapsulak ekoizteko, gelatina nahastea 50-60ºC-tan berotzen da. Kapsula itxurako moldeak gelatinan murgildu eta gelatina moldeari itsatsita gelditzen da. Moldeak altzairu erdolgaitzez osatutako hagatxoak dira. Moldeei horizontalki bira emanez gelatina molde osoan zehar era homogeneoan banatuko da eta tantak ez dira eroriko. Ondoren lehorketa tunelean sartzen dira 22-27 ºC-tan; bertan gelatina hoztu eta gogortu egingo da. Jarraian, matxarda batzuen laguntzaz kapsulen zatiak moldeetatik atera eta luzera egokian ebakitzen dira. Azkenik, kapsularen bi zatiak ahokatzen (itxi) dira; izan ere, bi prozesu desberdinetan sortzen da zati bakoitza eta amaieran biak elkartzen dira kapsula osatzeko.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezetasuna kontuan hartu beharreko faktorea da. Hezetasun gutxiegi badago kapsula hauskorrak sortuko dira, eta hezetasuna gehiegizkoa bada kapsula bigunegiak lortuko dira. Tenperatura 30ºC-tik behera egotea komeni da.

Kapsula motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kolore desberdinetako kapsulak

Kolorea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapsula eratzeko erabiltzen den gelatinazko nahasteari kolore desberdineko koloratzaileak gehitu dakizkioke, baita opazifikatzaileak ere, gardentasuna kendu eta kolorea finkatzeko.

Ixteko sistema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Presioz ixten direnak: burua gorputzera presioz ahokatzen da.
  • Ixteko sistema bereziak (Coni-Snap®): gorputzak eta buruak arraildura/koska batzuk dauzkate eta bi atalak ixterakoan airea ateratzea ahalbidetzen dute. Ixte sistema seguruagoa da; irekitzen saiatuz gero kapsula apurtu egiten da.
  • Prezintoa edo bandinga: batez ere likidoentzat erabiltzen da. Kapsula itxi eta elkartze puntuan gelatinazko banda bat jartzen da, eta gelatinazko banda gogortzean likidoa kapsulatik ateratzea ekiditen da.
  • Autozigilatuak (Licaps®): alkohol nahastea daraman soluzio bat atomizatzen da ixteko gunean. Sistema hori likidoak dosifikatzeko erabiltzen da.

Tamaina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapsula tamaina bakoitzean eszipiente bolumen (v) jakin bat sartu daiteke. Kapsula zenbat eta tamaina handiagokoa izan, zenbaki txikiagoarekin izendatzen da. 000 zenbakiduna da txikiena, eta 5 zenbakiduna handiena. 000 eta 00 zenbakidunak oso gutxi erabiltzen dira oso handiak direlako, eta 5 zenbakiduna ere oso gutxi erabiltzen da txikiegia delako eta manipulazioa nahiko zaila delako. Kapsuletan dosifikatu beharreko hauts kopuruaren arabera tamaina bat edo beste bat aukeratzen da.

Kapsula zenbakia 000 00 0 1 2 3 4 5
Bolumena (mL) 1,36 0,95 0,67 0,48 0,37 0,27 0,20 0,13

Formulazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eszipienteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diluitzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dosifikatu nahi den farmako hautsaren bolumena handitzea beharrezkoa denean erabiltzen dira, printzipio aktiboaren dosia oso txikia denean adibidez. Gehitzen den diluitzailearen ehunekoa oso altua izaten da (%95-98 inguru). Diluitzaile nagusiak:

  • Laktosa
  • Zelulosa mikrokristalinoa (Avicel®)
  • Arto lehorraren almidoia
  • Manitola
  • Sorbitola
  • Kaltzio fosfatoa

Lubrikatzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsaspena eragozteko eta antiestatiko (energia elektrostatikoa eragozteko) gisa erabiltzen dira. Hautsa gaizki labaintzen denean edo agregatuak eragiten dituzten karga elektrostatikoak dituenean lubrikatzaileak erabiltzen dira. Igurzketa frikzioa gutxituz, marruskaduraren aurkako eragina dute. Lubrikatzaile nagusiak:

  • Mg esteratoa
  • Esterato kaltzikoa
  • Azido estearikoa
  • Talkoa
  • Polietilenglikol (PEG) 4000
  • Polietilenglikol (PEG) 6000
  • Siliziozko oxido koloidala (Aerosil®)
  • Almidoia

Tentsioaktiboak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Farmakoaren bioerabilgarritasuna handitu nahi denean erabiltzen dira. Kapsularatutako hautsaren hezetze propietateak hobetzen dituzte. Farmakoak ura hartzea eragiten dute, disoluzioa azkartuz eta ondorioz farmakoa azkarrago xurgatzen da, bioerabilgarritasuna handituz. Gehien erabiltzen den tentsioaktiboa Laurilsulfatosodikoa (LSS) da.

Disgregatzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tentsioaktiboak bezala beharrezkoak direnean soilik gehitzen dira. Kapsuletan normalean hautsa trinkotu gabe dagoenez ez dira erabiltzen. Disgregatzaile nagusiak:

  • Krospobidona
  • Glikolato sodikoa (Primojel)
  • Kroskarmelosa sodikoa

Eszipienteen betebeharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Inerteak izatea: inolako eragin farmakologikorik ez izatea.
  • Bolumen konstantea izatea: kapsulak bolumetrikoki betetzen direlako.
  • Labaintzeko ahalmen ona izatea: kapsularen betetzea errazteko. Hautsa ez bada ondo labaintzen lubrikatzaile gehiago gehitu behar zaio.
  • Printzipio aktiboarekin bateragarria izatea.
  • Pazientearen ezaugarrietara egokitzea: zenbait eszipiente prospektuan deklaratu behar dira.
    • Laktosari tolerantzia eza.
    • Azukreak. Diabetikoentzako deklaratu beharrekoak.

Eszipiente unibertsala (printzipio aktiboa diluitzeko prestatutako eszipienteen nahasketa)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Eszipiente unibertsala:
    • Zelulosa mikrokristalinoa (Avicel®) %98,05
    • Silize koloidal anhidroa (Aerosil®) %1,95
  2. Eszipiente unibertsala
    • Arto almidoia %96
    • Estearato Mg %1
    • Talkoa %3

Eszipienteen hautaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Formulatzerakoan printzipio aktiboari gehituko zaion eszipientea aukeratzeko irizpide teknologikoak (kapsulagailuarekin lotutakoak) eta irizpide biofarmazeutikoak hartu behar ditra kontuan.

Ezaugarri teknologikoen artean, eszipientearen higroskopikotasuna eta labainkortasuna ezaugarri garrantzitsuak dira. Ezaugarri horiek baldintzatzen dute kapsulagailuan dosifikatzeko hautsak fluxu egokia izango duela eta ez dela itsatsiko. Bestalde, irizpide biofarmazeutikoei dagokienez, printzipio aktiboaren disolbagarritasuna kolokan jarriko ez duten ezaugarriak dituen hautsa osatu behar da. Lubrifikazio ona duten eszipienteek eta tentsoaktiboek (LSS) prozesu hau errazten dute, betiere printzipio aktiboaren ezaugarri fisikokimikoak kontuan hartuz.

Kapsulen betetze metodoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskuzko kapsulagailua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarri moduan lau hanka ditu, eta euskarriaren gainean zulodun bi plaka daude. Kapsulak betetzeko prozesuan ondorengo pausuak eman behar dira. Lehendabizi, zulodun bi plaketan kapsula hutsak sartzen dira. Bigarrenik, plakak banandu egiten dira eta kapsulak irekita geratzen dira. Hirugarrenik, beheko plakan gelditu diren kapsulen gorputzak arrasean jartzen dira eta espatula baten laguntzarekin bete egiten dira. Azkenik, bi plakak berriro elkartzen dira, eta kapsulak itxita geratzen dira.

Kapsulagailu industrialak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Likidoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ponpa bolumetrikoen bidez dosifikatzen dira eta ixte sistema bereziak erabiltzen dira: zigiliatuak, banding, Licaps…

Erdisolidoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ponpa bolumetrikoen bidez dosifikatzen dira. Zenbait kasutan dosifikazioa zehatza izan dadin nahastea berotu egin behar da, nahaste termobigunduak lortuz errazago dosifikatzen baita (berotuta biskositatea jaisten delako). Nahasketa tixotropikoen kasuan, irabiatuta lortzen da biskositatea jaistea; horrela, dosifikazioa homogeneoa izango da.

Hautsak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Diskaren sistema: Sistema hau bi atal desberdinetan banatzen da; diskaren atala, kapsularen gorputza kokatzen den gunea, eta kalapatxaren atala, kapsulak betetzeko hautsa kokatzen dena. Metodo honetan kapsulak grabitatearen bidez betetzen dira.
  • Amaigabeko torlojuaren sistema: Kapsulak kalapatxaren parean pasatzen direnean torlojuak hautsaren fluxua eta dosifikazioa errazten du. Hezetasuna dagoenean eta hautsaren fluxua oso ona ez denean, torlojuaren sistema egokia da.
  • Pistoi bidezko sistema: Diskan dagoen kapsula hutsa birritan pasatzen da kalapatxaren atalaren azpitik. Beraz, kapsula birritan betetzen da, eta hautsa trinkotzen denez, kapsularen edukian galerarik ez izatea lortzen da.
  • Elikatze konpresorearen sistema: Dosifikatzeko hodi mikrometro bat erabiltzen da (muturra ebakita duen xiringa baten modukoa). Lehendabizi, hodiak kalapatxan sartu eta hautsa hartzen du; ondoren, hodia beheraino jaisten da hautsa trinkotuz; jarraian, hodiak gorantz eginez trinkotutako hautsa jasotzen du; eta azkenik, hodia hauts trinkotuarekin diskaren atalera mugitzen da eta bertan dagoen kapsula hutsa dosifikatzen da. Sistema honek dosifikazio zehatzagoak egitea baimentzen du.

Kapsulen kontrolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkaturatu baino lehen kapsulek kalitate kontrolak gainditu behar dituzte:

  • Ezaugarri organoleptikoak: itxura, kolorea, tamaina, … deskribatzen dira. Zentzumenekin aztertzen diren ezaugarriak. Kapsulen kasuan, batez ere kolorea eta tamaina begiratzen dira.
  • Printzipio aktiboaren identifikazioa: teknika analitiko egokien bidez (HPLC edo espektrometria) kapsulek dagokion printzipio aktiboa daramatela frogatzen da.
  • Printzipio aktiboaren balorazioa edo printzipio aktiboaren edukia: Kontrol kuantitatiboa da, kapsulek zenbat printzipio aktibo daramaten kontrolatzen da.
  • Edukiaren uniformetasuna: Kapsulei banakako azterketa egiten zaie, guztiek printzipio aktiboaren kantitate berdina daramatela frogatzeko.
  • Pisu uniformetasuna: kapsulek onarpen tarte batzuen barruan pisu berdina dutela frogatzen da.
  • Disgregazioa: kapsulak desegiteko behar duen denbora neurtzen da.
  • Disoluzioa: denbora jakin batean disolbatzen den printzipio aktiboaren kantitaea neurtzen da.
  • Hezetasun edukia: hautsak duen hezetasuna neurtzen da.
  • Ezpurutasunak edo degradazio produktuak: printzipio aktiboaren degradazio produkturik dagoen aztertzen da.
  • Kontrol mikrobiologikoak: kapsulak aho bidez zuzentzen direnean ez dira esterilak izan behar, baina kontrol mikrobiologikoari dagokinez gutxieneko eskakizun batzuk bete behar dituzte.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Martínez Pacheco, R. Tratado de Tecnología Farmacéutica. Volúmenes I, II y III Ed. Síntesis. Madrid. 2016.
  2. Lozano, C., Córdoba, D., Córdoba, M. Manual de Tecnología Farmacéutica. Ed. Elsevier. Barcelona. 2012.
  3. Vila Jato. Farmazia-Teknologia. II liburukia. Forma Farmazeutikoak. Unibertsitateko argitalpen zerbitzuak (UPV/EHU), Bilbo 2007.
  4. Aulton, M.E. Pharmaceutics. The Science of dosage form design. 2ª Edición. Churchill Livingstone. New York. (2002). Gaztelanierara itzulita. Elsevier España. Madrid 2004.
  5. Farmakopea espainiarra:https://www.aemps.gob.es/profesional-sanitario/farmacopea/?lang=eu
  6. Farmakopea europarra: https://www.edqm.eu/en/european-pharmacopoeia-ph-eur-10th-edition-
  7. USP (U.S. Pharmacopeia): https://www.usp.org/
  8. Formulario nacional: https://www.aemps.gob.es/formulario-nacional/

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]