Kriket

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gazteak kriketean jokatzen Gasteizen

.

Kriketa (ingelesezko cricket izenetik eratorria) hamaika jokalariz osatutako bi taldek batez eta pilotaz elkarren aurka jokatzen duten kirola da. Kriket partidak obalo itxura daukan belarrezko zelaian jokatzen dira. Zelaiaren erdian joko-eremua den 22 yardako (20,12 metro) zoru zerrenda errektangular bat dago, pitch deitzen dena. Pitcharen buruetan, wicket izeneko zurezko hagatxoz egindako leihatila bana jartzen da.

Kriketak ehunka urteko historia duela uste da, bai eta munduko bigarren kirolik hedatuena dela ere. Nazioarteko Kriket Federazioak 100 herrialde baino gehiago biltzen ditu. Kirolaren forma modernoa Ingalaterran garatu zen eta oso arrakastatsua da Commonwealtheko kideen artean. Indian, Pakistanen, Bangladeshen, Sri Lankan eta Australian, kirolik sonatuenetakoa da.

Jokoaren dinamika

Jokoaren dinamikari dagokionez, talde bateko jaurtitzaileak ukabila baten tamainako pilota gogor bat jaurtitzen du pitcharen mutur batetik bestera, aurkako taldearen wicketa jotzeko helburuarekin. Bateatzaile batek wicketa babesten du zurezko bate batekin. Gehienetan, pilotak bote bat ematen du zoruan, aurkarien bateatzailearenganaino iritsi aurretik. Artean, jaurtitzailearen taldeko gainerako kideak, zelai-jokalari deitzen direnak, zelaiko toki estrategikoetan kokaturik daude. Bateatzaileak pilota kolpatzen badu, ahalik eta urrutien bota behar du, lasterka egin eta pitcharen aurkako muturrera iristeko beta izan dezan. Horrela, bere taldeak lasterketa bat irabazten du. Zelai-jokalariek pilota harrapatu behar dute eta bateatzaileak lasterketa burutu dezan eragotzi behar dute, pilota pitcharen bi muturretako edozeinetara botaz. Horrez gain, aurkako taldearen bateatzailea kanpora dezakete. Partidaren talde irabazlea lasterketa gehien egiten dituena da.

Munduko txapelketa

Munduko Kriket Txapelketa 1975etik lau urtetik behin (salbuespen batzuekin) antolatzen den norgehiagoka da. Orain arteko irabazleak hauek izan dira (parentesien artean. txapeldunordea agertzen da):

  1. 1975: Mendebaldeko Indiak (Australia).
  2. 1979: Mendebaldeko Indiak (Ingalaterra).
  3. 1983: India (Mendebaldeko Indiak).
  4. 1987: Australia (Ingalaterra).
  5. 1992: Pakistan (Ingalaterra).
  6. 1996: Sri Lanka (Australia).
  7. 1999: Australia (Pakistan).
  8. 2003: Australia (India).
  9. 2007: Australia (Sri Lanka).
  10. 2011: India (Sri Lanka).
  11. 2015: Australia (Zeelanda Berria)

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kriket Aldatu lotura Wikidatan