Lur fosfatikoak Naurun

Wikipedia, Entziklopedia askea

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nauru herri kolonizatua izan zen urte luzez; hainbat potentzia ezberdinen menpe egon zen. Aipatu behar da Nauru lurralde irrikatua zela, bertan aurkitzen ziren lur fosfatikoak zirela eta.

1888an tropa alemaniarrek Nauru okupatu zuten. Hala ere, Lehen Mundu Gerra garaian, Alemaniaren ahultasunak bide emanda, Australiak bereganatu zuen lurraldea. Behin gerra amaitu zenean, Versaillesko Itunak (1919) Britainiar inperioaren esku utzi zuen Nauru. Honek irlaren mandatu edo agintea Australiak izango zuela erabaki zuen. Bigarren Mundu Gerrarekin bat lurraldea berriz ere okupatu zen; oraingoan Japoniak hartu zuen.

Bigarren Mundu Gerraren amaierak Nazio Batuen erakundearen sorrera ekarri zuen, honek, aldi berean, egoera kolonialen nazioarteko arautze juridikoaren etapa berri bat ekarri zuen. Kontuan izan behar da nazioarteko komunitateak herri edo lurralde kolonialekiko izan dituen jarrerak ugariak izan direla eta nazioarteko ordenamendu juridikoa garatu ahala, erregimen kolonialen menpeko lurraldeen egoera juridikoa ere aldatuz joan dela.

1947an, Nazio Batuen Gutunaren xedapenekin bat, Naururi administrazio fiduziarioko eraentza aitortu zitzaion Batzar Nagusiaren 140 (II) ebazpenaren bitartez. Britainia handia, Zeelanda Berria eta Australia ezarri ziren agintaritza administratzaile gisa, hala ere, agintaritza eta erantzukizuna Australiak izango zituela erabaki zuten.

Nazioartean herrien libre determinaziorako eskubidea onartzen denean, 60ko hamarkadan, administrazio fiduziarioaren menpe dauden lurraldeen egoera egonkortzeko edota hauek egoera berrira hurbiltzeko saiakuntzak hasten dira. Testuinguru honetan, Australiak Nauruko biztanleak Curtis uhartera lekualdatzea proposatzen du; horrela, Nauru fosfato-meatze batera murrizteko eta honen herri edo kolonia izaera atzean uzteko. Ez da akordiorik iristen, izan ere, nauruarrek baldintza bezala finkatzen dute Curtis irlaren subiranotasuna eskuratzea eta Nauruko meategien probetxu eta mozkinak eskuratzea.

Beraz, Batzar Nagusiaren 2111 (XX) ebazpenaren bitartez, Naururen independentziaren zutabeak finkatzen dira eta hau lortzeko bideari ekiten zaio. Hiru potentzia administratzaileen ordezkarien eta uharteko ordezkarien arteko elkarrizketak hasten dira, Naururen etorkizuna zehazteko helburuarekin. Elkarrizketa hauetan garrantzia berezia ematen zaio lur fosfatikoen gaiari; lurren birgaitzeari zein lurren etorkizuneko ustiapenari.

Azkenik, 1967an lurren ustiapenerako akordioa lortzen da, nahiz eta, lurren birgaitzeari ez zaion inongo erreferentziarik egiten. Akordioak zehazten du 3 urteko epean lur fosfatikoak ustiatzeko ahala Nauruk eskuratuko duela. 1967ko urriaren 24an Nazio Batuen erakundeari Naururen independentziaren berri ematen zaio. Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 2347 (XXII) ebazpenaren bitartez Naururen independentzia aitortzen da

Gatazka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1989ko maiatzaren 19an Nauruk Australiaren aurkako demanda tarteratu zuen Nazioarteko Justizia Auzitegiaren aurrean. Demandaren bitartez, Nauruk bere funtzioen kudeaketa txarra egotzi zioen Australiari, administrazio fiduziario bezala aritu zenean burututako egintzengatik. Australiak Nazio Batuen Gutuneko 76.artikuluak (administrazio fiduzioarioari buruzkoa) zehaztutako betebeharrak ez zituela bete sostengatzen zuen. Baita, Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 140 (II) ebazpena eta libre determinaziorako eskubidea urratu zituela Australiak.

Australia herrialdearen agintari izan zen garaian ustiatutako lur fosfatikoen birgaitzea ere eskatzen zuen Nauruk. Izan ere, honen ustez, Australiak bere papera egoki bete izanez gero, automatikoki ekin beharko zion kaltetutako lurren birgaitzeari.

Demandaren nondik norakoak ulertzeko, beharrezkoa da bi puntu garrantzitsu ebaztea edota ulertzea: batetik, demandatuaren izaera; eta, bestetik, demandaren garrantzia.

Aurreko atalean azaldu bezala, nahiz eta, Nauru Australiaren kargupean egon zen, beste bi herrialdek (Britainia Handia eta Zeelanda Berria) ere bazuten herrialdearen mandatuarekin lotura. Hau da, nahiz eta, teorian, Nauru hiru estaturen menpe zegoen, errealitatean estatu bakar batek egikaritzen zuen lurraldearen gaineko ahala. Modu berean, jurisprudentziak eta doktrinak hala erabaki zutelako, erantzukizuna ere herrialde bakar bati egokitu zitzaion. Bestela esanda, Britainia Handiaren eta Zeelanda Berriaren erantzukizuna “nuda obligation” bezala ulertu zen.[1]

Bestetik, azpimarratu beharrekoa da Nauruko bizitza estu lotuta zegoela lur fosfatikoekin, izan ere, nauruarren bizitza guztiz baldintzatzen zuten lur fosfatikoek. Lur fosfatikoak herrialdearen ekonomiaren ehuneko handi bat suposatzen zuten. Hortaz, hein handi batean, behin independentzia lortuta, Naururen etorkizuna bermatzeko, lur fosfatikoen papera beharrezkoa zen.

Auzitegiaren aurreko prozedura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1989ko uztailaren 18an prozesu judizialari ekin zitzaion. Idatzizko fasearen baitan, 1990ko apirilean Nauruk memoria bat aurkeztu zuen. Bertan, demandaren xehetasunak jasotzen ziren. Honen aurka, 1991ko urtarrilaren 16an dokumentu bat aurkeztu zuen Australiak. Demandatuak demanda baliozkoa ez zela, eta, hortaz, hau ez zuela onartuko adierazi zuen. Australiaren iritziz gorteak ez zuen eskumenik auzia aztertzeko. Ondoren, 1991ko uztailaren 17an Nauruk beste dokumentu bat aurkeztu zuen, Australiaren adierazpenei erantzun gisa. Bertan, Australiaren jarrera ez onartzea, eta funtsean, demanda onargarritzat antzematea edo aitortzea eskatzen zuen Nauruk. Azkenik, 1992ko ekainaren 26an Nazioarteko Justizia Auzitegiak erantzun bat eman zuen.

Epaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Epaia 4 zutabe edo ideia nagusiren inguruan aritzen da: Australiak aurkeztutako objekzioak, Auzitegiaren eskumena, demandaren edukia eta Britainia Handiaren eta Zeelanda Berriaren papera.

Gainera, Justizia Auzitegiaren epaia Shahabudden epailearen iritzi indibidualarekin eta Jennings, Oda, Ago eta Schwebbel epaileen iritzi disidenteekin osatzen da.

Auzitegiak, Australiak aurkeztutako objekzioak errefusatu edo atzera bota zituen orokorrean. Izan ere, Auzitegiak gehiengoz (9 boto alde eta 4 kontra) onartu zuen, auziaren gain erabakitzeko Auzitegiaren eskumena. Izan ere, nahiz eta, Nauru ez zen Nazio Batuen kide, eta, aldi berean, Justizia Auzitegiaren estatutuen parte ere ez zen, Nazio Batuen Gutuneko 9.3.artikuluak ahalbidetuta, irtenbidea eman zitzaion planteatutako arazoari. Hortaz, auziaren parte ziren bi estatuak Auzitegiaren estatutuko 36.artikuluak jasotako eskumen modalitateak onartzen zituztela ulertu zen. Bestalde, demanda eduki aldetik ere onargarria zela iritzi zuen Justizia Auzitegiak.

Bestetik, aurrerago azaldu bezala, Britainia Handiaren eta Zeelanda Berriaren papera erabat murriztuta geratu zen prozesu honetan. Izan ere, testuinguruak hala ahalbidetu zuelako, aipatutako bi herrialdeen erantzukizuna baliogabekoa izan zen.

Azkenik, auziari amaiera eman zitzaion, arlo pribatuko konponbide batekin. Bertan, hondatutako guneak birgaituko zirela eta sortutako hondakinak irlatik kanpo eramango zirela zehaztu zen.

Kasuaren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1992ko ekainaren 26ko epaiak herrien libre determinaziorako eskubidearen inguruan eta Nazio Batuen Erakundeak honen inguruan duen paperaren inguruan hausnartzen du. Horrela, nolabait esateko, bide edo norabide finkoak zehazten ditu antzeko kasuak ebazterako orduan. Kasua oso aberasgarria izan da deskolonizazio prozesuak eta administrazio fiduzioario pean kokatzen ziren herrialdeak nazioarteko jurisprudentziara egokitzerako orduan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. CORET, A. (1968). L’indépendance de l’ile Nauru. p.181.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

BADÍA, A. (1993). El asunto de Nauru contra Australia sobre la rehabilitación de la tierras fosfáticas. Sentencia del TIJ de 26 de junio de 1992.

CORET, A. (1968). L’indépendance de l’ile Nauru.

International Court of Justice (2023/01/06). Certain Phosphate Lands in Nauru (Nauru vs. Australia). https://www.icj-cij.org/en/case/80