Lehen Mundu Gerra
| Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Lehen Mundu Gerra 1914ko udatik 1918ko azaro arte izandako gerra handi izan zen, batik bat Europan egina. Ondoriotzat, 20 milioi lagun hil ziren. 60 milioi gudari europar baino gehiago mobilizatu zituzten 1914 eta 1918 urte bitartean. Gatazka hura potentzia inperialisten arteko lehiarengatik sortu zen Europan, eta planetako beste toki askotara hedatu zen. Bere garaian, historiako gatazka odoltsuena izan zen. Bigarren Mundu Gerra hasi baino lehen, gerra hari Gerra Handia, Gerren Gerra, Gerra Guztien Ama edo Gerra Guztiak amaituko zituen Gerra esaten zioten.
Euskal Herriari ere sekulako hondamendia eragin zion: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan «belaunaldi oso bat desagertu zen», Iñaki Egaña historialariak dioenez.[1]
Gudaldi hartan 32 herrialde borrokatu ziren, parte hartzaile nagusiak hauek izanik:
- Lehen Mundu Gerrako Aliatuen aldetik: Frantzia, Bretainiar Inperioa, Errusiar Inperioa, Estatu Batuak, Italia (1915etik aurrera) eta Serbia.
- Erdialdeko Potentzien aldetik: Alemaniar Inperioa, Austria-Hungariako Inperioa, Turkiar Inperioa eta Bulgaria.
Eduki-taula |
[aldatu] Gatazkari hasiera eman zion txinparta
Gatazkari hasiera eman zion gertakaria honako hau izan zen: 1914ko ekainaren 28an Sarajevon Gavrilo Princip serbiar ikasle gazte nazionalistak Austria-Hungariako Inperioaren tronurako Franz Joseph I.aren oinordekoa zen Franz Ferdinand printzea eta bere emaztea erail izana.
Franz Ferdinand Austria-Ekialdeko Artxiduke (1863ko abenduaren 18an jaio eta 1914ko ekainean zendu zen), Austriako Artxiduke, Austriako Printze Inperiala, Hungaria eta Bohemiako Erret Printzea, eta 1896tik bere heriotza arte autria-hungariako tronuaren oinordekoa zen. Sarajevoko bere erahilketak Austriak Serbiaren aurkako guda aldarrikapena eragin zuen eta honek ondorio bezala Lehen Mundu Gerra ekarri zuen.
1914ko ekainaren 28an, goizeko hamaikak inguruan, austria-hungariako probintzia zen Bosnia-Herzegovinako Sarajevo hiriburuan Gavrilo Principek Franz Ferdinand eta bere emaztea erahil zituen.
Princip "Bosnia Gaztea" serbiar taldeko kide zen, azken hau "Esku Beltza" talde nazionalistak maneiatzen zuen eta bere helburua Bosnia eta Serbiaren arteko batasuna zen.
Austria-Hungariako Inperioak, Alemaniar Inperioaren laguntzaz, serbiar lurraldean behar ziren ikerketak burutzea exijitu zuen, Esku Beltza talde paneslaviarrak lurralde horretako zerbitzu sekretuekin loturak zituelako ustetan. Ekainaren 28an Austria-Hungariako Inperioak ultimatuma eman zion Serbiari baina Serbiak ez zituen baldintza guztiak onartu. Austriahungariar erasoak aurreko urteetatik antolatuta zeuden aliantzen sistemaren xedapen guztiak aktibatu edo eragin zituen.
Historialariek beste zenbait zergati ere bazeudela ihardukitzen dute, adibidez guda gatazkak nazioarteko neurria har zezan eragin izan zuten herrialdeen arteko aliantzak (Entente Hirukoitza eta Aliantza Hirukoitza). Gainera 1890 eta 1914 bitartean europar herrialdeek beren aurrerakontuak ikaragarri puztu eta handitu zituzten Bake Armatua bezala ezagutzen zen lasterketa armamentistikorako nagusitasuna bilatu nahian.
[aldatu] Historia
Lehenengo guda modernoa izan zen, armamentu berria erabili zuten, hau da, lubakiak, tankeak, hegazkinak, gargailuak, gas-maskarak eta artilleria.
Estatu asko hartu zuten parte. Europar estatu guztiak Espainia, Suitza, Holanda eta Eskandinabia izan ezik, bai eta Ameriketako Estatu Batuak (AEB), Inperio Otomandarra eta Japonia.
Borroka handiak piztu ziren Europan mende hasieratik, Balkanetako bi guduetan Turkiarren aurka aurrena eta hari irabazitakoaren banaketan gero. Lehen Mundu Gerratean lehengai-iturriak eta kolonietako banaketaren kontrolengatik borrokatu zen batez ere. Sarajevon, Franz Ferdinand artxidukea, Austria-Hungariako tronuaren jaraunslea, eta haren emaztea hil zituen Bosniako serbiar batek 1914ko ekainaren 28an. Horrek gerra piztu zuen Europako potentzien artean: batetik, Europako erdialdeko potentziak — Alemania, Austria-Hungaria, Turkia eta Bulgaria—; eta bestetik, aliatuak — Frantzia, Ingalaterra, Errusia, Belgika, Serbia, Japonia, Italia, Errumania, Grezia, Portugal eta beste zenbait estatu. Aliantza-sistemen bidez, gatazka berehala zabaldu zen. Abuztuaren 1ean, Alemaniak Errusiari gerra deklaratu zion eta 3an Frantziari; 2 eta 3an Belgika inbaditu zuenean, Erresuma Batuak gerla deklaratu zion 4an eta Japoniak 23an. Handik gutxira, Turkia inperio zentralekin aliatu zen. Alemaniarrak Paris hartzen ahalegindu ziren, baina írailaren 9an Marne-n gelditu zituzten eta, ia gerla amaitu arte, mendebaldeko frontea geldirik egon zen. 1914an hasitako guda, guda azkarra izango zela pentsatu zuten, baina uste baino gehiago luzatu zen.
1915ean, Bulgaria Alemaniarekin elkartu zen eta Italia aliatuekin. Ekialdean, errusiarrek guda asko galdu zituzten. Verdun-go eraso handian (1916) porrot egin zuen Alemaniak eta aliatuek Somme-n kontraerasoa egin. 1917an, AEBak gerran aliatuen alde sartu izanak gerraren amaiera erabaki zuen. Boltxebikeek Errusia menderatu zuten eta 1918ko martxoaren 3an Alemaniarekin Brest-Litvsk-eko ituna izenpetutakoan, Errusia gerratik irten zen eta Errumania ere errenditu. Horrek alemaniarrak indarberritu zituen eta berriro Parisen sartzen saiatu ziren, baina Marneko bigarren batailan Foch-en armada aliatuak geldiarazi zituen. Inperio austrohungariarra ahuldu zen eta Alemaniak armistizioa izenpetu.
Ekialde hurbilean otomandarrek hasieran Suezeko kanalera hurbildu ziren.
Afrika beltzan Alemaniak koloniak galdu zituen Britainiar Inperioa eta Frantziaren soldatu aurrean, ekialdean ez ezik; Ekialdeko Alemaniar Afrikan aliatuek ez zuen alemaniar soldatuak menperatu gerrra amaiera arte. Ekialde urrutian Japoniak Alemaniari Mikronesiako irla geheinak eta Txinako lekua kendu zizkion. Besta koloniak Britainiar Inperioak berganatu zituen.
[aldatu] Ondorioak
Gerraren ondorioz, zortzi milioi lagun inguru hil ziren.
Alemaniak bere koloniak galdu zituen, gehiengoak Frantzia eta Britainiar Inperioarentzat eta beste zatiak Japonia eta Belgikentzat; Europan Alsazia-Lorena Frantziara itzuli zen, herrialde batzuk Belgikara, eta ekialdeko lurralde asko Poloniak, berriz jaioa, lortu zituen. Alemaniako monarkiak desagertu ziren eta errepublika jaio zen.
Austria-Hungria estatu batzuetan desegina zen: Austria, Hungaria, Txekoslovakia, eta Polonia, Errumania eta Jugoslaviako zati handiak. Habsburgoak tronurik gabe geratu ziren.
Otomandar Inperioa ere desagertu zen; bere lekuan Turkia, Britainia Handia eta Frantziarako zenbait "mandatuak" (Irak, Palestina eta Siria-Libano) eta Arabian herrialde independienteak geratu ziren.
Bulgariak lurralde zerbait galdu zituen (haien artean Egeo itsasoan zuen irteera).
Errusiak, guda zibilean, Finlandia, Estonia, Letonia, Lituania eta Poloniako zati handia galdu zuen, baita Besarabia Errumaniarako.
[aldatu] Ipar Euskal Herria: frantsestu eta gizonez hustu
Euskal Herriari ere sekulako hondamendia eragin zion Lehen Mundu Gerrak: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan «belaunaldi oso bat desagertu zen», Iñaki Egaña historialariak dioenez. Soldadu joan behar izan zuten euskal herritarretatik, 6.000 hil ziren.[1]
Gainera, ipar euskalerritarrak frantsestu zituen: Frantziaren propaganda mezuak barreneraino sartu ziren Ipar Euskal Herrian, eta hildakoak ohoratzen zituzten, «aberriaren alde» hil zirelakoan. Frantziako herri gehienetan —eta Ipar Euskal Herriko gehienetan ere— jarri zituzten «combattants morts pour la patrie» (aberriaren alde hildako gudariak) zioten plakak, gerran hil ziren herritarren zerrendarekin. Eta, 1918an gerra hura bukatu zenez geroztik, urtero-urtero ekitaldia egiten da hildakoen monumentuen aurrean, Frantziako bandera, himno, armadaren desfile eta guzti.[2]
Hubert Peres historialariak hildakoen monumentuak eta ospakizunak aztertu ditu, hainbat ikerlan, liburu eta artikulutan. Haren ustez, gerran hildakoak omentzeaz harago, hildako horien izenak harri berean eta herriz herri jartzeak kolektibotasun bat ematen die hil horiei. Helburu komun baten alde hil zirela azpimarratzen dute, hots, Frantziaren alde hil zirela. Urrats kualitatiboa izan zen hori, Frantzia «batzeko». Lehen Mundu Gerrak bihurgune handia markatu zuen Frantziaren historian, «frantses nazioa eraikitzeko» bidean, Peio Etxeberri-Aintxart historialariaren arabera. 18 eta 45 urte arteko gizon guztiak gerrara deituak izan ziren, eta Ipar Euskal Herriko herriak eta baserriak laneko on ziren gizonez hustu ziren. Armak hartu zituzten, eta Frantziaren eta Alemaniaren arteko mugara igorri zituzten, lubakietan borrokatzera.[2]
Baina ez zen frantses armada edo Frantziako Gobernuaren ordezkaritza mezu hori zabaltzen zuen bakarra. Ipar Euskal Herriko euskaldunak, apaizak eta apaizen ingurukoak, etengabe ari ziren, euskara hutsez, Frantzia goraipatzen, eta «herriaren alde» hil zirenak omentzen. Eskualduna astekariak modu horretan idazten zituen gerran hildakoen berriak. Lubakietatik berriak igortzen zituzten euskaldunen artikuluak ere argitaratzen zituen Eskualdunak. Gerraren gogortasuna ez zuten aise erakusten, zentsura zela bitarteko. Aldiz, gerrarako motibazioa, alemanak hiltzeko gogoa eta Frantziaren goraipatzea nabari gelditzen ziren. Ipar Euskal Herriko baserrietan bakarrik gelditu ziren emazteen lekukotasunak ere agertzen ziren batzuetan. Laborantza gizonen laguntzarik gabe sufritzen zutenen sakrifizioa ere goraipatzen zuen, eta «Frantziaren alde alargun izateko prest» ziren emazteak txalotzen.[2]
Gerra hark frantses sentiarazi zituen Ipar Euskal Herriko euskaldun gehienak. Anitzek desertore izateko bidea hautatu zuten; Nafarroako mugatik hurbil zirenek, bereziki. Baina gehienek gerra egin zuten, eta haiek biziki frantses itzuli ziren lubakietatik. Gainera, euskaldun anitz frantsesa ez jakiteagatik hil ziren, aginduak ez zituztelako ulertzen. Ondorioz, euskara jakitea «kaltegarria» zela pentsatu zuten. Horrek ere euskaldunen frantsestea erraztu zuen. Gauza bera jasan zuten bretainiarrek eta korsikarrek ere.[2]
Geroztik, euskararen transmisioan etenaldi luze bat izan zen Ipar Euskal Herrian. Ez bakarrik gerraren ondorioz, baina euskaldun izatea zama gisa bizi izan zuten anitzek.[2] Lehen Mundu Gerrak Frantziako Iraultzak baino eragin handiagoa izan zuen euskal nortasunaren zutabeetan.[1]
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ a b c (Euskaraz) Iñaki EGAÑA: «Mort pour la patrie», Berria, 2011-11-06.
- ↑ a b c d e Eneko BIDEGAIN: «Euskaldunak frantsestu zituen gerla», Berria, 2008-11-11.