Maria Rosario de Cruz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria Rosario de Cruz
Bizitza
JaiotzaErmua1948ko azaroaren 10a (75 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Jarduerak
Jarduerakpilotaria

Maria Rosario de Cruz Molina (Ermua, Bizkaia, 1948ko azaroaren 10a[1]) erraketista profesionala izan zen, Chari izenarekin kantxaratu zen aurrelaria eta Madrid frontoia itxi zuteneko azken erraketista koadroko jokalaria.

Erraketistak

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ermuan jaio zen eta Sallabenteko frontoi ondora lekualdatu zen bere familia urtebeteko umetxoa zela. Oinez frontoian ikasi izana ohorea da beretzat, gerora kirol horrekiko izan zuen zaletasunaren nolabaiteko hazia.[2]

Eskuz eta palaz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pilotan auzoko mutilekin jokatzen zuen, frontoi ingurura haiek baino ez zirelako gerturatzen. Eskuz jokatzen zuten, babesik gabe eta eskuak puztuta zituelako, eskolan ezin izaten zuen idatzi, boligrafoa eskura ia lotu egin behar izateraino bere gogorapenez. Lixiban beheratzen jartzen zituen edo oin-azpian jarrita zapaldu, jokoaren ondoriozko hantura jaisteko ahaleginetan. Frontoi ondoko baserrikoek gogor jokatzen ikusten zuten eta behien oritza gordetzen zioten, txahal egin berriaren behiaren esne horixka horrek indarra ematen ziola irizten ziotelako. 14 urtera arte, eskuz jokatzen egon zen eta eskolako jira-birak amaituta, josten ikasten hasi zen Dioni Ardanzaren jostundegian. Baina atzamarrak puztuta, ezin zuen jostorratza hartu ere egin eta palan jokatzeari ekin zion.[2]

Charik jokatu zueneko partida baten Madrid pilotalekuko kartela.

Madrilen erraketista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urteetara Madrilera bizi izatera joan zen eta arma-denda bat jarri zuten senarrak eta biak. Madrid frontoian erraketistak behar zituztela jakinda, aurkeztu bertan, bere jokoaren froga bat egin eta bi egunetara egin zuen debuta, 1974ko urriaren 21ean.[2]

Madrid pilotalekuan zazpi urte eman zituen, hileko 25-30 partida jokatuz eta 350 pezeta kobratuz partiduko. Kategoriaz igo ahala, 1500 pezetako soldatara ailegatu zen.[2]

Aurrelaria zen, sake indartsukoa eta ezker-eskuin, biekin ematen zion gainera. Orduko prentsaren arabera Madrid frontoiko sakerik onena zuen, une horretan munduko sakerik onena esatea bezala.

Elikadura eta osasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goizetan dendan eta arratsaldez frontoira, egun bakoitzeko partida bi jokatuz. Lehen partidarekin galtzen zuen indarra berreskuratzeko, bigarrena hasi aurretik gibela edo okela erdi gordina jatea gomendatu zion sendagileak. Bere elikaduran odola kipularekin jatea ohikoa zen eta esnea franko edatea ere. Erretzea eta edatea, ostera, debekatuta zuten.

Orkatila eta eskumuturren bihurrituak ziren lesio ohikoenak eta mina zutenean eskuturrekoak jartzen zituzten, pomadekin igurtzi eta ura eta gatza zein ozpinetan beheratzen ipini. Hilekoarekin zeudenean, berdin jokatu behar izaten zuten, minbera egon arren ere. Sendagile bat zuten frontoian, egun horietako ondoeza arintzeko pilulatxo bat eskaintzen ziena. Gerora, Gizarte Segurantza lortu zutenean, sendagilea eta osasun-eskubide batzuk lortu zituzten.[3]

Auzitan enpresarekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Madrid pilotalekuko azken 20 erraketista taldean egon zen Chari, greba egin eta jabeak salatu zituen talde hartan, Gizarte Segurantza lortuz pilotariontzat. Telebistan, irratian eta prentsan eman zen beraien aldarrikapenen berri. Kantxara irten eta protesta gisa ez zuten jolasten. Frontoiko jabeak erraketista guztiak kaleratu zituen, Gizarte Segurantza demandatzeagatik; epaiketa irabazita berriro kontratatu behar izan zituen. Auzi eta negoziaketetan urteak eman zituzten eta aurretik aritutako erraketistei ez zitzaien inongo eskubiderik aitortu ez atzerapenik ordaindu.[3]

Kirolaren gainbeherak, entrenatzaile faltak eta atzeratutako zorrak ordaindu behar izateak Madrid frontoiaren itxiera bultzatu zuten. Berori izan zen aktibo mantendu zen azkena eta bertan ari zirenak Espainiako azken erraketista profesionalak.[3]

Pilotari agur esan zionean, Charik denboraldi luzez faltan bota zituen txaloak, ikuslegoaren berotasuna, kantxako adrenalina… Gerora harrotasunez gogoratu izan ditu beti erraketista zeneko sasoiak. Eskuz eta palaz jokatuz pilotara zaletu bazen ere, erraketan arituz pilotaria izateko ametsa bete ahal izan zuen.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Elkartea, Euskal Birusa. (2023-02-27). «Drogetenitturri, 319 zenbakia (2023ko otsaila) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2023-11-14).
  2. a b c d Elkartea, Euskal Birusa. (2023-02-27). «Drogetenitturri, 319 zenbakia (2023ko otsaila) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2023-04-21).
  3. a b c d Elkartea, Euskal Birusa. (2023-04-01). «Drogetenitturri, 320 zenbakia (2023ko martxoa) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2023-04-26).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]