Peter Singer

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Peter Singerren erretratua

Peter Albert David Singer (Melbourne, 1946ko uztailaren 6a ) australiar filosofoa. Melbourneko eta Oxfordeko (Ingalaterra) unibertsitateetan egin zituen ikasketak. 1971-1973 bitartean Oxfordeko irakasle izan zen, eta harrezkero zenbait fakultatetan lan egin du Estatu Batuetan eta Italian; 1977an filosofiako irakasle izendatu zuten Melbourneko Monash Unibertsitatean. 1987-1991 bitartean Monasheko Giza Bioetikako Zentroko zuzendari izan zen, eta hango zuzendari-laguntzaile da 1992az gero. Singer XX. mendeko arrazionalistatzat hartua da; arrazoian oinarrituriko sistema filosofiko baten aldekoa da, alde batera utzirik sentimendua, norberaren interesa edo gizarte-baldintzak. Umekien esperimentazioarekin, ingeniaritza genetikoarekin, abortuarekin eta abarrekin zerikusia duten arazo etikoez dihardu. Bere ustez, etikoki zuzentzat jo behar da ekintza bat baldin eta ekintza horrek ahalik eta jende gehienentzat ahalik eta ondorio onuragarri gehien ekarriko badu. Singerren liburuen artean azpimarratzekoak dira Animalien askapena (1975), Etika praktikoa (1979) eta Nola biziko gara? (1993). Bere argitalpenen eskubideak nazioarteko laguntzarako erakundeei eta animalien askapenaren aldeko mugimenduei ematen dizkie eta irabazien % 10-20 pobreei, aberatsek behartsuei laguntzeko betebehar etikoa baitute bere ustez.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Peter Singer Aldatu lotura Wikidatan