Sigismundo III.a Vasa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sigismundo I.a Suediakoa eta III.a Poloniakoa; Martin Kober-ek 1590 inguruan margotua

Sigismundo III.a Vasa edo Sigismundo Vasa (Mariefred, Suedia, 1566ko ekainaren 20a - Varsovia, Polonia, 1632ko apirilaren 30a) Poloniako errege izan zen 1587tik 1632ra bitartean Sigismundo III.a izenarekin. Suediako errege ere izan zen 1592-1599 denbora-tartean Sigismundo I.a izenarekin. Joan III.a Suediakoa erregearen eta Katalina Jagellon-en semea zen.

Sigismundok errege-boterea bi erresumatan lortu zuen: Polonia eta Suedia. Katoliko sutsua, eta ikuspegi espantsionista zuen agintaria zen. Haren agintaldia batez ere Polonian kokatu zen, eta handik saiatu zen Suedia gobernatzen. Ez zen oso agintari herrikoia; Suedian boteretik kendu zuten eta Polonian haren gobernu absolutistaren aurkako altxamenduak izan ziren, eta zapalduak izan ziren, eta Errusiar Tsarerrian hedatzeko ahalegina ere bertan behera geratu zen. Bi Nazioen Errepublikak (Polonia eta Lituaniaren arteko erkidegoak), ordea, denboraldi indartsu eta eragin politiko handikoa hasi zuen haren garaian.

1613an, Poloniaren eta Austriaren arteko aliantza formala sinatu zuen Sigismundok.

Sigismundo Vasa, zaldi gainean

Ezkontza eta seme-alabak

Ana Habsburgokoarekin, Karlos II.a Austriakoa artxidukearen eta Ana Maria Bavariakoaren alabarekin, ezkondu zen. 1598an, Ana emaztea hil egin zen, eta Sigismundo haren ahizpa zen Konstantza Habsburgokoarekin ezkondu zen, 1605ean. Bai lehenarekin eta bai bigarren emaztearekin hainbat seme-alaba izan zituen.


1632an hil zen Varsoviako gazteluan, eta Krakoviako katedralean dago hilobiratua.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sigismundo III.a Vasa Aldatu lotura Wikidatan