Stirling Crauford Moss
Stirling Crauford Moss britainiar auto-gidaria da (Londres, 1929). Mossen familia autoetara zaletua zen oso. Hamazazpi urte zituela hasi zen auto-lasterketetan. 1954an, Maserati etxean hasi zen, eta, handik urtebetera, Mercedes etxera aldatu zen. 1955ean, Formula 1eko Sari Handia irabazi zuen —sari hori irabazi zuen lehenengo britainiarra izan zen—. Mille Miglia lasterketa ere irabazi zuen, eta bigarrena izan zen (Fangioren atzetik) Formula 1eko auto-gidarien sailkapen orokorrean. 1957an eta 1958an, Vanwall britainiar etxearekin aritu zen, eta Munduko Auto-egileen Saria irabazi zuen etxe horrek hari esker. 1958an, gidarien sailkapenean bigarren gelditu zen berriz ere, Mike Hauthornen atzetik orduko hartan. Vanwall etxeak lasterketak utzi zituen 1958an, eta Cooper etxera joan behar izan zuen Mossek. Etxe horrekin, hirugarren izan zen 1959 eta 1960ko munduko txapelketetan. 1961ean, leku hori bera izan zuen, baina Lotus etxearekin. 1962an, istripu bat izan zuen, eta, horren ondorioz, nazioarteko txapelketak utzi egin behar izan zituen.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.