Tropismo
Wikipedia(e)tik
Tropismoa estimulu edo kinada baten aurrean landareek burutzen duten mugimenduari deritzo. Tropismoa eragiten duten estimuluak anitzak izan daitezke (argia, grabitatearen indarra, gai kimikoak...) eta landareek antzematen dituzte, zentzumen-organoak ez izan arren.
Landareek burutzen duten higidura oso motela da, eta norabidearen arabera bi tropismo mota sortzen ditu:
- positiboa: landarea estimulurantz hazten denean
- negatiboa: landarea estimuluaren aurkako norabidean mugitzen denean
Bost tropismo mota daude:
- fototropismoa: tropismoa eragiten duena argia izaten da. Jakina denez, landareek argiaren beharra dute fotosintesia osatzeko. Argia eskuratzeko argi-iturrirantz hazten dira, hazkunde horretan auxina motako hormonek parte hartuz.
- geotropismoa: landarearen higidura baldintzatzen duena grabitatearen indarra da. Zurtoinak geotropismo negatiboa du, era erroek positiboa (grabitatearen norabidean mugitzen baitira)
- kimiotropismoa: landarearen erantzuna gai kimiko batek sortzen duenean
- hidrotropismoa: ura da tropismo mota hau eragiten duena. Erroek hidrotropismo positiboa dute
- tigmotropismoa: objektu solido batek landarearen higidura eragiten duenean. Esaterako, huntza bezalako landare igokariek hazkundea areagotzen dute solido batekin harremanetan jartzen direnean.