Txantiloi:2013-8 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Fitxategi:1.9. Ekonomia, erromatarren garaian 0.0 3.jpg

Erromatarrek aldaketa sakonak eragin zituzten Euskal Herriko ekonomian. Haien aurretik ere saltus (mendialdea) eta ager (ordokialdea) bereizten baziren ere, jarduera ekonomiko aski desberdinekin, hiriak bereziki mendi gailurretan ziren, arrazoi defentsiboengatik batik bat. Erromatarrak iristean gauzak errotik aldatu ziren. Hiriak ordokietan eraikitzen hasi ziren, eta nekazaritza areagotu egin zen fundi izeneko ustiapen sailetan. Meategiak ere ustiatu zituzten iritsi berriek eta bide berrietako komunikazioari esker merkataritza indartu zen. Erromatarren eraginaren ondorio gisa dirua egiten hasi zen, eta eremu honetan aurkitu diren hainbat altxorri esker, garai hartako diruaren zirkulazioaren nondik norakoa ezagutu ahal izan da. Altxor horietako batzuek lur hauetan egin ziren operazio politikoak eta militarrak islatzen dituzte.

Hiri eta fundi direlakoen funtzionamendu sistemak bere horretan jarraitu zuen, gutxi asko, III. mendera arte. Garai horretatik aurrera, krisia zabaldu zen hirietan, txikiagotu egin ziren tamainaz, eta harresiz inguratu zituzten. Merkataritzak ere behinolako indarra galdu zuen, eta eten egin ziren esportazioak. IV. mendearen bukaeran eta V. mendearen hasieran areagotu egin zen gainbehera, batez ere germaniarren inbasioengatik eta, V. mendearen erdialdean, bagauden sorreragatik. Mugimendu horrek segurtasun falta ekarri zuen eta, horren ondorioz, kobazuloetara jo zuen jendeak, eta haietan gorde zituen bere altxorrak.