Wikipedia, Entziklopedia askea
👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
3.755.251
🔎
Azalera
891,12 km²
🌄
Altuera
34 metro
📷
Argazkiak
ikusi
Telebista dorrea eta Brandenburgoko Atea Berlin erdialdean. Tiergarten parkearen inguruan kokatuta daude. Tiergarten 200 futbol zelai bezain handia den parkea da.

Berlin Europako hiri bat da, Alemaniako hiriburua eta hiririk handiena; baina Alemaniako estatu federatu baten izena ere bada. Hiriak, 2011ko datuen arabera 3.400.000 (3,4 milioi) biztanle ditu, eta, horrenbestez, Alemaniako hiririk handiena da. Alemaniako ekialdean kokatuta dago eta Brandenburgoko estatu federatuak inguratzen du alde guztietatik.

Klima epela du eta hiria nahiko laua da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Charlottenburg jauregia gauez. Berlinen eta bere inguruetan topatzen dugun gazteluetako bat da. Prusiako erregeen aginduz eraiki zuten jauregietako bat da. Gaur egun museo bat da.

1307an sortu zen hiri hau, duela 800 urte. Garai batean, Prusia izeneko herrialde bateko hiriburua izan zen, eta Alemania herrialdea sortu zenean, 1871n, Alemaniako hiriburu bihurtu zen. Une hartatik aurrera, hiria oso azkar handitu zen, lantegi asko eraiki zirelako eta jende asko joan zelako hirian bizi eta lan egitera. Gainera, Berlinen Alemaniako lehen aldirietako trenak eta lehen metroak eraiki ziren.

Bigarren Mundu Gerran Berlinen zati handi bat suntsituta geratu zen. Alemaniak galdu zuen gerra, eta irabazleek Berlin zatitu zuten: mendebaldea Britainia Handiak, Frantziak eta AEBk okupatu zuten, ekialdea berriz Sobietar Batasunak. 1949an, Alemania bi herrialdetan banatuta geratu zen: batetik, Alemaniako Errepublika Federala mendebaldean, gobernu demokratikoarekin, eta hiriburua Bonn hirian; eta, bestetik, Alemaniako Errepublika Demokratikoa ekialdean, gobernu komunistarekin eta hiriburua Berlinen. Baina, gainera, Berlin hiria bera ere zati bitan banatuta geratu zen: Ekialdeko Berlin, sobietarren eta komunisten kontrolpean, eta Mendebaldeko Berlin, gerrako irabazleen kontrolpean; hau da, Estatu Batuen, Frantziaren eta Britainia Handiaren kontrolpean. Sobietar eta komunisten kontrolpean zegoen zatian bizi ziren askok geroz eta gehiago egiten zuten ihes mendebaldera, eta, horregatik, komunisten agintariek hiriko bi zatiak banatzeko harresi luze bat eraiki zuten 1961ean, Berlingo Harresi ospetsua. Harresi horren eraginez, Berlin hiriko bi zatietako biztanleak banatuta bizi izan ziren 28 urtez, harresia 1989an "erori" zen arte. Egiatan gertatu zena izan zen Sobiet Batasuna eta komunismoa desagertu zirela eta, horren ondorioz, komunisten kontrolik gabe, harresia bota ahal izan zutela. Mundu osoan ospatu zen Berlingo Harresia 1989an botatzea eta bi zatiak berriz elkartzea. Geroago, azkenik, bi Alemaniak batu ahal izan ziren, eta Berlin da geroztik Alemaniako hiriburu bakarra.

Zeintzuk dira egun Berlinek dituen berezitasunak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, Alemaniako beste tokietan eta munduko beste herrialdeetan jaiotako jende asko bizi da hirian. Beraz, Berlin bere auzo desberdinekin kontraste handiko hiria da, leku batzuetan jendea kale estuetan dauden etxe garaietan pilatuta bizi da, eta aldiriek, aldiz, ia herri txiki baten itxura dute. Hainbat parke, baso eta laku ditu, hala nola Wannsee lakua mendebaldean eta Müggelsee ekialdean; gainera, bi ibai igarotzen dira hiritik: Spree ibaia ekialdean eta Havel ibaia mendebaldean.

Berlinera turista asko joan ohi dira. Izan ere, Berlin oso handia da, eta museo eta leku interesgarri asko ditu, adibidez, Brandeburgoko Atea, Reichstag delakoaren eraikina, telebista dorrea edo zoologikoa. Berlingo Harresiaren zeinbat zati ere geratzen dira ikusgai. Gainera, Berlinen Alemaniako historiari buruz asko ikasi daiteke. Telebista kate, aldizkari eta enpresa ugarik Berlinen dute egoitza, eta, horretaz gain, unibertsitate asko daude.

Kirol hiria ere bada Berlin. Futbol, eskubaloi, saskibaloi eta izotz-hockey talde ezagun asko daude; gainera, urtero txirrindularitza lasterketa handi bat antolatzen da, astebete irauten duena. Udako atletismo jaialdi ezagunera mundu osoko jende asko joan ohi da.

Irudi batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]