Wikipedia, Entziklopedia askea

Bisigodoen Erresuma

Bisigodoen erresuma Alariko II.aren erregearekin

Bisigodoen erresumak gaur egungo Frantziaren hego-mendebaldea eta Iberiar penintsula okupatu zituen V. eta VIII. mendeen artean. Bisigodoak jatorriz Europako iparraldekoak ziren, eta antza denez, klima hoztu zenez, lur emankorragoen bila emigratu zuten. Erromatar Inperioari aurre egin zioten, baina azkenean, haien aliatu bihurtu ziren; V. mendearen hasieran, erromatar inperioak, indar militarra mantentzen jarraitu ahal izateko, barbaro deitutako herrien geroz eta behar handiagoa zuen. Horietako herri bat bisigodoak ziren.

Baina Erromaren eta bisigodoen arteko harremanak ez ziren errazak izan; bisigodoek Italia inbaditu zuten eta hainbat hiri erromatar arpilatu zituzten, haien artean, Erroma, 410. urtean, Alariko II.a buruzagiak aginduta. Beranduago, 418. urtetik aurrera, erromatarrek bisigodoei Galiaren hegoaldean finkatzen utzi zieten eta Hispaniako lurraldeak ere emango zizkietela promes egin zieten, V. mendearen hasieran penintsulan sartu ziren beste herri barbaro batzuk (sueboak, bandaloak eta alanoak) garaitzeko laguntzaren truke. Hala, bisigodoak Iberiar penintsulan hedatu ziren.

Bisigodoek erresuma bat sortu zuten Galiako hegoaldean eta Iberiar penintsulako zati handi batean, eta hiriburua gaur egungo Toulousen zegoen; erresuma horrek Erromaren menpe egoten jarraitzen zuen, baina geroz eta autonomia handiagoa zuen. Azkenean, Erromatar Inperioa 476. urtean desagertu zen, eta bisigodoen erresuma independentea bihurtu zen.

Hala ere, VI. mendearen hasieratik aurrera, erresuma horrek Galian zuen lurraldearen zati handi bat galdu zuen eta frankoen esku gelditu zen; beraz, bisigodoek hiriburua gaur egungo Toledora mugitu zuten, bandaloak, sueboak eta alanoak kanporatu zituzten, eta ia penintsula osoa konkistatu zuten, baskoien, asturen eta kantabriarren lurraldeak izan ezik. Beraz, bisigodoen erresumak erromatar inperioa ordezkatu zuen Iberiar penintsulan.

Hispanian, bisigodoak guztiz integratu ziren biztanle hispano-erromatarrekin; izan ere, euren berezko hizkuntza galdu zuten latina erabiltzeko, eta erromatar ohiturak nahiz erlijio kristaua bereganatu zituzten.

VII. mendean zehar, bisigodoen erresumak nobleziako taldeen arteko gerra zibil batzuk jasan zituen; talde horiek euren erregea inposatzeko borrokatzen ziren. Historialari batzuen ustez, horietako talde batzuek mendebaldeko Afrikako iparraldea konkistatu zuten musulmanen laguntza bilatu zuten, edo 711. urtean musulmanak penintsulan sartu zirela aprobetxatu zuten. Musulmanen etorrerak barne borrokek ahuldutako bisigodoen erresumaren desagerpena azkartu zuen. Hala, 5 urtean bakarrik, musulmanek ia penintsula osoa konkistatu ahal izan zuten, iparraldea izan ezik.

Andaluziaren gaur egungo izena «Al Andalus» izenetik dator, hau da, musulmanek Iberiar penintsulari eman zioten izenetik. Izen hori «bandalo» hitzetik omen dator, hau da, penintsularen hegoaldea okupatu zuen jatorri germaniarreko herritik.