Txikipedia:Colpbol

Wikipedia, Entziklopedia askea

Colpbola Juanjo Bendicho Gorputz Hezkuntzako irakasleak sortutako kirol-modalitate berri bat da, azken 20 urteetan kirol-erreferente berri, berritzaile eta integratzaile gisa finkatu dena eta hezkuntza-ahalmen handiak dituena.[1]

Colpbola zazpi neska-mutilek osatutako bi talde lehian aritzen diren inbasiozko talde kirola da, eremu jakin batean jokatzen dena. Azken xedea baloia, eskuekin jota, aurkarien atean sartzea da.

Bere sorrera kirol tradizionalen hezkuntza mugak gaindituko dituen talde kirola bilatzean datza. Hau da, jokalari guztien ahalik eta parte-hartze handiena sustatuko duen talde kirol bat bilatzeko desiran agertu zen, jokalarien maila fisko-motorra eta baldintzak edozein izanik; gainera, banakako desberdintasunak ahalik eta gehien murrizten ditu eta ezinbesteko lankidetza eta komunikazio kolektiboa eskatzen du jokoaren azken helburua, gola, lortzeko; azken finean, benetako talde-jokoa.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1997. urtean Juanjo Bendicho gorputz-hezkuntzako irakasleak asmatu zuen Colpbola. Haren asmoa jolasaren oinarrizko helburu batzuk lantzea zen: hezkidetza, integrazioa, lankidetza, autoestimua, genero-berdintasuna eta ikasle guztien gozamena; Hori guztia kirol-jardueraren bitartez, eta azken finean, egiazko hezkuntza-ikuspegi batetik. Denbora gutxian, Copbolaren jakin-mina piztu zen inguruko maisu/maistra eta gorputz hezkuntzako profesionalen artean. Pixkanaka, ikastetxe, herri eta hezkuntza-maila askotan zabaltzen hasi zen.

90eko hamarkadaren bukaeran izan zuen bultzadarik handiena, “trobades del Colpbol”en sorrerarekin. Herrien eta ikastetxeen arteko txapelketak ziren horiek. Horrekin batera, Araudi Ofiziala sortu zen, jokoaren elementu nagusiak arautu zituena: arauak, kideak, aurkariak, baloia, zelaiaren ezaugarriak… Urtez urte parte hartzaileen kopuruak gora egin zuen. Eskoletan gorputz-hezkuntzako beste eduki baten moduan txertatzen joan zen gorakada horrekin batera.

2005. urtean Colpbolaren aurkezpen ofiziala izan zen; maisu eta gorputz hezkuntzako profesionalen, komunikabideen eta publikoaren aurrean. Valentziako Generalitatearen eta Valencia FC-ren  laguntza izan zuen. Hedabideetan agertu izana Valentziako erkidegoan jokoa zabaltzeko  bigarren bultzada izan zen.

Ez dugu ahaztu behar Colpbolak valentziar konnotazioez beterik dagoela: Valentzian sortu, valentziar batek asmatu eta izena valentzieratik dator. Teknikak ere bertako jolas autoktono batekin, pilotarekin, lotura du.

Gaur egun gora egiten ari da Colpbolaren jarraitzaileen eta parte hartzaileen kopurua. Mugak gainditu, eta beste eskualde eta lurralde batzuetan indartzen ari da. Euskal Herrian ez du oihartzun handirik, baina eskoletan ari da pixkanaka presentzia hartzen, irakaslearentzat tresna egokia baita.[2]

Jokoaren arauak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Colpbolaren trebetasun nagusia jokoaren muina baloia jotzea da. Baloia bakarrik jo daiteke eskuez, besoez edo gerritik gorako gorputz atalez. Gainera, jokalariak ezin du inoiz baloia bi aldiz jarraian jo (jokoaren oinarrizko araua).

Debekatuta dago:

  • Bi bider segidan jotzea.
  • Hanka edo oinekin baloia nahita jotzea.
  • Ukabila itxita baloia jotzea.
  • Baloia bi eskuz edo batez atxikitzea edo jaurtitzea.
  • Aurkaria heltzea edo bultzatzea.
  • Sakeetan distantzia ez errespetatzea.

Arau-hauste horien ondorioa falta da: falta egin den lekutik hurbilen dagoen alboko marratik egin beharko du sakea beste taldeak. Atezainak  baloia hankaz jo dezake, baldin eta gola saihesteko bada. Segidan eskuz bitan edota hankaz jotzeari buruzko  arau berezia: epaileak erabakiko du kasuan kasu nahita edo nahi gabe egin diren. Nahita eginak izanez gero falta adieraziko du; eta nahi gabe izan bada, epaileak “jarraitu” oihukatuko du.

Sakeak:

  • Faltak: alboko marratik aterako dira.
  • Baloia albotik ateratzen bada: alboko sakea.
  • Ate-eremuko marratik ateratzen bada: kornerra edo ateko sakea. Ateko sakea egitean, ateko eremuaren barnean gehienez atezaina eta jokalari bat egon daitezke.
  • Erdiko sakea: gola sartzen denean.
  • Epailearen sakea: norgehiagoka hastean, edo jokoa gelditu ondorenean.

Sake guztiak baloia joz  egiten dira, eta gainerako jokalari guztiak gutxienez hiru metrora kokatzen dira.

Beste arau batzuk:

  • Ez dago penaltirik. Ate eremuaren barnean egindako faltak alboko marratik aterako dira.
  • Zelaia: jokorako lekua hogei metro zabal eta berrogei metro luze duen zelaia da. Alde bakoitzean hiru zutoinek osatutako ate bat dago. Zelaia bi zatitan banatzen da eta ateen aurrean area  bana dago.
  • Baloia: baloia esferikoa da; plastikozkoa izan behar du eta gehienez 72 cm-ko zirkunferentzia bat izango du eta gutxienez  65 cm-koa.
  • Jokalari kopurua: zazpi jokalari (6 eta atezaina) zelai barruan. Taldeek mistoak izan behar dute. Taldea gehienez hamabi lagunek osatzen dute.
  • Hemezortzi urtetik gorakoentzat partidak hogeita bost minutuko bi denbora ditu, eta denboren artean hamar minutuko atsedenaldia dago. Hamahiru eta hemezortzi urte bitartekoentzat  hogei minutuko bi denbora ditu. Zortzi eta hamabi urte bitartean hamabi minutuko bi denbora ditu. Azken bi kasu horietan bost minutuko atsedena dago.
  • Alboko marrako sakeetan ezin da gola sartu. Aldiz, atezainak saketik zuzenean sar dezake gola.

Parte hartzea nahitaezkoa da. Gogotsu eta aktibo mantendu behar dugu jokoak irauten duen bitartean. Joko garbia erabiliko dugu beti, eta taldekideak, aurkakoak, epailea eta jokoaren arauak errespetatu. Indarkeriaren erabilera ez da onartzen.

Jokoaren oinarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Colpbolaren oinarrizko bi zutabeak lankidetza (kolpe bakarreko jokoa baita) eta hezkidetza (taldeak beti mistoak baitira) dira. Colpbolaren oinarriak honako hauek dira:

Talde-izaera nabarmentzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Colpbolak desberdintasunak leundu, eta talde-izaera indartzen du. Lankidetza bultzatzen du, eta beste kiroletako indibidualismoa apaltzen du.

Oinarrizko xede horretatik sortuko da Colpbola gainerako inbasio-kiroletatik bereizten duen araurik berezko eta funtsezkoena: pilota ezin da ez harrapatu ezta atxiki ere, jo egin daiteke soilik; eta, batez ere, jokalari batek ezin du pilota bi aldiz jarraian jo.

Horrela, jokalari batek ezin du berak bakarrik jokoa sortu, bere taldekideen laguntza behar du.

Hezkidetza eta genero-berdintasuna. Integrazioa. Kirola guztiontzat.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezkidetza Colpbolaren zutabeetako bat da. Taldeak, beti, neskez eta mutilez osatuko dira, beraz elkarketa hori modu naturalean emango da.

Horrekin batera, integrazioa bultzatzen du, jokalari guztiek parte hartu behar dutelako gaitasun maila kontutan izan gabe (jokalari bakar baten joko ona ez da nahiko irabazteko, taldekide guztien laguntza beharko du helburua lortzeko).

Estereotipoak gainditzea.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirol honetan estereotipoak gainditzen dira, bai teknikoak baita jarrerazkoak ere. Errendimenduzko kiroletan ez bezala, Colpbolean ez dago kopiatzeko eredurik (jarrera desegokiak, keinu tekniko okerrak...); horrela jokalariek sormena erabiliko dute sortzen zaizkien arazoen aurrean.

Aukera-berdintasuna.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirol berria denez, parte hartzaile guztiek zerotik abiatzen dira. Ezagunak diren kiroletan sortzen diren desberdintasunak (aurretik dituzten jakintza edo praktikengatik) Colpbolean ez dira gertatzen, denentzat berria baita.

Arrakasta eta autoestimua.[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jokoan arrakasta motor asko izaten dira. Colpbola baloia jotzeko abilezian oinarritzen denez, eta abilezia hori denok berezkoa dugunez, ekintza arrakastatsuak ohikoak dira. Horrekin batera, arrakasta ez dute soilik gola sartzean lortzen, baizik eta, pase on bat egitean, defentsan baloia moztu edota aldentzean... Ekintza horiek guztiak modu egokian indartuz parte-hartzaileen autoestimua eta autokontzeptua handitzen da.

Bizitasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso dinamikoa da, jokalari guztien gozamena bermatu eta jarduera fisiko osoa eskaintzen die. Jokoaren dinamikan baloia ezin da atxiki edo gelditu, horrela intentsitate maila handitzen da eta. Oso motibagarria da eta normalean praktikatzen dutenek eskola eremutik harago ere aritzen dira.

Aberastasun motorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Motore aldetik oso kirol aberatsa da. Baloia airetik nahiz lurretik jotzeko aukera dagoenez, baloia jotzean oinarritutako keinu zein mugimendu tekniko askotarikoak ahalbidetzen ditu. Hori guztia, orokorrean, eskuekin egiten da, baina gorputzeko beste atalak  ere erabil daitezke, hala nola, besoak, burua edota gorputz-enborra. Beste oinarrizko trebetasun-motorrak ahaztu gabe: korrika egitea, jauziak, birak...

Erraztasuna. Aniztasunaren trataera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arautegi ulerterraza da colpbolaren beste oinarrietako bat. Horrela, ulermen aldetik sor daitezkeen gatazkak ekidin eta gaztetxoen nahiz gizarte-egoera ahuleko taldeei edo behar bereziak dituzten pertsonei parte hartzeko aukera ematen die.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «MAKILARIAK: COLPBOL JOLASA SOINKETAN» MAKILARIAK 2018-02-15 (Noiz kontsultatua: 2021-04-02).
  2. «Colpbol - Pàgina Oficial» www.colpbol.es (Noiz kontsultatua: 2021-04-02).