Wikipedia, Entziklopedia askea
Ibai karramarro arrunta

Ibai-karramarro arrunta (Austropotamobius pallipes), edo hanka zuriko karramarroa, hamar hanka dituen animalia ornogabea da. Zehazki artropodoen taldeko krustazeoa da, Astazidoen familiakoa. Balkanetako penintsulatik (Eslovenia, Bosnia-Herzegovina, Kroazia,...) Iberiar penintsulara (Espainia, Portugal, Gibraltar,...) hedatzen eta Britania Handiko uharteetara iristen da. Sakonera txikiko ibai, erreka (non harri eta enborren azpian ezkutatzen den) eta lakuetan bizi da. 30 milioi urte baino gehiagoko ibai-karramarroen erregistro fosilak arraroak dira, baina fosildutako gordelekuak aurkitu dira Goi Paleozoikoa edo Behe Mesozoikoa bezalako antzinako estratuetan.

Bestetik aipatu beharra dago, nekazaritza-, abeltzaintza- eta baso-inguruneetan erriberako landaredia suntsitzeak espeziearen biziraupen-aukerak murrizten ditu. Baita, ibaietan egiten diren obrek ere eragin berezia dute karramarro autoktonoan.

Nolakoak dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

   Ba al dakizu   

Gaztetan, kolore marroi berdexka eta beixa dute eta hazi ahala gorputzaren azpian kolore gorri iluna izatera iristen dira, tonalitate argi eta nabarragoekin.

Karramarroa artropodoa denez, oskol (exoeskeleto) gogor batez estalitako gorputza du. Haren gorputza bi zatitan banatu daiteke: zefalotoraxa izeneko lehenagoko atala eta beherago sabelaldea izenekoa. Zefalotoraxean burua eta toraxa kokatzen dira. Oskolaren aurreko aldeak aurpegira ematen du, non begiak zein ahoa dauden, hankaz inguraturik.

Gure ibaietako karramarro autoktonoak 5 hanka pare ditu, hau da, guztira 10, horregatik dekapodoa dela esaten da, eta zefalotoraxaren alboetan txertatuta daude. Lehen hanka pareak pintza oso garatuak ditu, eta elikagaiak harrapatzeko erabiltzen dira. Gainera, hanka hauek, ahotik irentsi behar dituen elikagaiak gidatzen eta bereizten laguntzen diote.

Ibai-karramarroaren morfologia.

Hurrengo bi hanka pareek ere pintza batzuk dituzte, baina askoz txikiagoak, eta azken bi hanka pareek azazkal bakarra dute. Lehenengo parea izan ezik, gainerako hanka guztiak batez ere mugitzeko erabiltzen dituzte.

Aurpegiaren amaieran, aurreko aldean, luzeagoak diren antenak eta laburragoak diren antenulak kokatzen dira, eta oreka mantentzeko erabiltzen dute.

Karramarroek arnas egiten dute brankien bitartez. Hauek zefalotoraxaren barnealdearen bi alboetan dauden bi ganberatan kokatzen dira. Beste aldetik, digestio-aparatua sabelalde atzealdean dagoen uzki batean amaitzen da.

Sexu-zuloen kokapenak, arren eta emeen arteko aldea markatzen du. Arren kasuan mugitzeko balio duten hanken eremu basalean daude eta emeen kasuan, mugitzeko balio duten hirugarren hanka parean. Tamainak ere sexuak bereizteko laguntzen du, arrak emeak baino handiagoak baitira.

Ibai-karramarroa aurrerantz ibiltzen da eta igerian soilik egiten du atzeraka, isatsa gorputz azpian indartsuki uzkurtuz. Kolorea berriz, aldakorra izan daiteke, beti ere oliba ilunak edo arre-berdeskak nagusitzen direlarik. Gainera, bataz beste, ibai karramarroek 17,5 cm luzera izan ohi dute.

Non bizi dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

   Ba al dakizu   

Animalia hauen presentzia garrantzitsua da ibaietan dauden zabor-hondarrak kontsumitzen dituztelako, mantentze-funtzioa betez eta inguruneari kalte handiagoa egitea saihestuz.

Kontinente guztietako ur gezetan bizi dira, baldin eta neguan hondotik hurbil izozten ez badira. Karramarroen presentzia uraren kalitatearen adierazle ona da, nahiz eta ez diren oso zorrotzak alderdi horretan. Korronte azkarretatik ihes egiten dute eta animalia gautarrak dira. Beste era batera esanda, argitik ihes egiten duen animalia da, eta, beraz, ibaiertzeko landarediaren artean ezkutatzen da, ibaiertzetako paretetan eta harrien azpian zulatutako zuloetan. Horren ondorioz, jarduerarik handiena gauez izaten da, eta udaberritik udazkenera arte egoten da aktibo. Neguan aldiz, hibernatzen du.

Nola elikatzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aske bizi badira, gure inguruko edozein ibaitan, animaliez eta landarez elikatuko dira (makroornogabeak, anfibioen larbak, arrain txikiak, uretako landareak, algak), baita sarraskiz ere, beraz, karramarroak orojaleak eta sarraskijaleak dira. Aldiz, maskota izanez gero, ganba edo barazki bolatxoak erosi ahal ditzakegu, baina pintzekin harrapatu ditzaketen arrain janaria eta algak ere onartzen dituzte.

Ibai-karramarroa emearen arrautzak
Ibai-karramarro emearen arrautzak

Nola ugaltzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sexu harremanen aurretik arra eta emearen arteko borroka bat dago, batzuetan zauri hilgarriekin. Arrak emea estaltzea lortzen duenean, hazia sabelaldeko hanka faltsuen (pleopodoak) oinarritik kanporatzen du. Ugalketa prozesua 15 minutura arte iraun dezake eta 60 egun (hilabete bat) igaro ondoren, emeak 900 arrautza inguru jarriko ditu.

Karramarro berrien eklosioak (jaiotzak) hiru astera arte irauten du. Amarekin 15 egunez egoten dira, eta gero harengandik urruntzen dira, haien garapen osoa 3 urterekin osatuz. Bestetik, ibai-karramarroak 8 hilabete behar ditu sexualki guztiz heltzeko.

Zein aldaketa prozesu egiten dute?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibai karramarro arruntak egokitzapena egiten du. Prozesu honetan, ibai karramarroak oskola galtzen du. Oskola ez dutenean bakarrik hazi daitezke, hurrengo maskorra eratu arte. Denbora-tarte hori larritasun handikoa izaten da karramarroarentzat, biguna eta babesik gabe egoten baita. Maskor zaharra erantzi eta berria eratu arte, egun gutxi igarotzen dira eta 48 ordu inguru behar izaten ditu gogortzeko.

Kaltzioa dela eta, ur alkalinoetan askoz errazago egiten dute oskol aldaketa. Estalkiaren aldaketak dirauen bitartean eta arriskuak saihesteko asmoz, ez da elikatzera irtengo. Lehen urtean, 5-7 aldiz aldatuko du maskorra eta helduek urtean bitan: udaberrian eta udazkenean. Hazkuntza motel samarreko espeziea da eta 3-4 urte beharko ditu heldutasun sexualera iristeko.

Arriskuan al dago?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpoko espezieen (espezie aloktonoen) sarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibai karramarro arrunta mehatxatzen duen kanpoko espeziea (Amerikar karramarro gorria, Procambarus clarkii).

Mendebaldeko Europako jatorria ez duten karramarroak sartzea ibai-karramarroaren mehatxu nagusia da. Karramarro horiek bertako espeziearentzat hilgarria zen onddo bat ekarri zuten, eta horrek bertako karramarroak gaixotu zituen. Gaixotasun izena afanomikosia da eta heriotza masiboak ekarri zituen. Karramarro amerikarrek ere bertako karramarroaren habitatera oso ondo egokitu zirenez, azken hauek kanporatu zituen iparraldeko eta mendiko ibaietara.

Habitataren aldaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hondakin urek edo abeltzaintzako ustiategietako isurketek ibaiak eta putzuak kutsatzeak uren kalitatea kaltetzen dute. Era berean, muturreko lehorteek (naturalak edo erreken kanalizazioen ondoriozkoak) eta landaredia kentzeak karramarroen habitata ere kaltetzen dute

Zaindu dezagun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garrantzitsua da ibai-karramarroak bizi diren uretako habitatak zaintzea, uraren kutsadura saihestuz eta eremu naturalak babestuz. Horrek bermatzen du ingurune naturalean modu osasungarrian bizitzen jarraitu ahal izango dutela. Hau da, ur gezetako ekosistemen oreka eta garbitasuna orekatzen laguntzen du.