Wikipedia, Entziklopedia askea

Olentzero

Olentzero euskal mitologiako eta folkloreko pertsonaia bat da, Euskal Herrian Eguberria eta Jesus Nazaretekoaren jaiotza iragartzen dituena.
Ikazkin-itxurako jentila da Olentzero, buruan txapela eta oinetan abarkak jantzita dituena.
Abenduaren 24an, kalez kale eta etxez etxe eramaten dute Olentzero (panpina, batzuetan; eta mozorrotutako gizon bat besteetan), gabon-kantak abestuz.
Olentzerok, gaur egun, haurren gutunak jaso, eta opariak banatzen ditu.
XX. mendearen bukaeratik, Mari Domingi du lagun.

Olentzeroren kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen Olentzeroren kondairaren audioa

Olentzeroren inguruko kontakizun ezberdinak aurki ditzakegu eta horietako bat honako hau da: [1]

Esaten da Olentzero mendian bizi zen jentil bat zela. Pipa hortzetan izaten zuen besteak ez bezala. Mendian lan egiten zuen arren, nekatu egiten zen eta aspertuta ardoa edan eta arrautzak jaten zituen. Jentilen herrixkan ez zuten maite eta horregatik bakarrik egoten zen.

Gau batean, suzko bola batek zeharkatu zuen zerua eta Olentzerok jentil jakintsuenari kontatu zion. Honek suzko bola hori Kixmi zela esan zion eta handik alde egiteko ordua zela.

Hurrengo goizean jentil guztiek herrixkatik alde egin zuten. Guztiek, batek izan ezik. Olentzero ohartu gabe lo geratu zen, bakarrik herrian. Olentzero zer egin jakin gabe zebilela, berriro ere suzko bola bat ikusi zuen eta oraingo honetan herriko gizakiei abisu ematera joatea pentsatu zuen.

Herritarrei Kixmiren etorreraren berri ematean, hauek oso pozik jarri ziren eta festa bat antolatu zuten, non Olentzerori kantuak egiten hasi ziren. Olentzerok ez zekien ez nor zen Kixmi ezta zergatik abesten zioten ere, baina oso gustura zegoen.

Olentzero mendira ikatz egitera itzuli zen arren, astero jaisten zen herrixkara eta herritarrei esker ona agertzeko opariak egiten hasi zen eta Kixmiren etorreraren egunean banatzen zituen.

Irakaspena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingurukoak zaindu ezkero, haiek ere zu laguntzeko prest egongo dira.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Atxukarro Estomba, Bakarne. ([2015]). Euskal mitologia haurrentzako ipuinak : euskal ipuin herrikoien bilduma. Denonartean ISBN 9788415756774. PMC 920320217. (Noiz kontsultatua: 2019-10-24).