Yoseikan Budo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Yoseikan Budoa (養正館武道) borroka-artea da, 1960ko hamarkadaren bukaera-aldean garatua eta 1975ean Hiroo Mochizuki japoniarrak ofizialki fundatua. Samurayen tradizioan txertatzen da Hiroo Mochizukiren lana, haien ondorengo zuzena baita. Hiroo fundatzailea Minoru Mochizuki maisuaren semea da, eta hari zor dio bere oinarrizko ezagutza. Jatorrizko metodoak agerian uzten du esku huska edo armatuta gauzatzen diren teknika desberdinek partekatzen duten logika: «uhin‑mugimendua» izeneko ardatz nagusia. Gorputz osoaren indarra biltzen da eta, jarraian, gorputz-adar batera helarazten da, uhin mugimendu baten bidez. Horrek mugimendu osoaren indarra eta eraginkortasuna optimizatzea ahalbidetzen du. Eduki tekniko eta pedagogikoa etengabe eboluzionatzen eta hobetzen ari denez, aukerak ia agortezinak dira, honako muga bakarrekin: irakaslearen sormena eta kirolarien osotasun fisikoa. Kirolarien jantzia jaka gurutzatu urdin ilunak eta banda urdindun galtza zuriek osatzen dute, eta guztiek —hasi berriek zein diziplinaren sortzaileak— gerriko zuri-urdin berdina daramate, Ying eta Yangen arteko batasunaren eta uhinaren printzipioaren adierazgarri.

Azterketa teknikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yoseikan Budoaren barruan ditugu kolpeak (oinez, belaunez, eskuz, ukondoz, buruz…), giltzak (artikulaziak bihurritu eta tiratzea), jaurtiketak, immobilizazioak, iratotzeak eta armak (tradizionalak edo apar-gomaz estaliak). Teknika desberdinen arteko lotura-sistema, nagusiki, «Yoseikan Happo» kataren bitartez erakusten eta baliatzen da, hori baita metodoaren funtsezko oinarria.

Irakaskuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Norberaren beharren eta gaitasunen arabera, teknika, kirol eta etikaren arloko ikasketa optimizatzeko helburua dauka. Pedagogia, beraz, kirolarien adinari eta gaitasun fisikoei egokitzen zaie. Bilakaera logiko baten arabera antolatzen da, kirol guztiei datxezkien muga biomekaniko eta psikologikoak errespetatuz.

Lehia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da berez helburutzat hartzen, gizabanakoaren eraikuntzan igaro beharreko etapatzat baizik. Hiroo Mochizuki maisuaren ustez, kirol-arloa garrantzitsua da kirolari baten garapenean, eta horregatik pertsonak borroka- zein kirol-alderdiak praktikatzera bultzatzen ditu. Nahiz eta goi-mailako atletentzako nazioarteko lehiarako aukera zabala eskaintzen den, maila guztietako ikasleek borroka-mota malguagoak, «elkarlaguntza» erakoak, praktikatzeko aukera dute ikastaroen barruan.

Yoseikan Budoaren praktika adinaren arabera :[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Haur txikientzat (3 – 6 urte): garapen psikomotorra lantzea, Yoseikan Budoarekiko sentikortzearen bidez, jolas hezitzaile gisa gauzatuta.
  • Haurrentzat (6 - 11 urte) : garapen psikomotorra lantzea, Yosikan Budoa jolas eta kirol gisa ikasiz.
  • Nerabeentzat (11 - 15 urte): eraikuntza fisiko eta soziala lantzea, Yoseikan Budoa eta bere balio moralak kirol gisa ikasiz.
  • Helduentzat (16 - 40 urte): Yoseikan Budoa ikasiz gaitasun fisikoari eutsi eta hobetzea. «Norbere burua» hobetzea, kode morala errespetatuz eta barneratuz.
  • Seniorrentzat (40 urtetik gora): kirola praktikatzeko modu leunak ikasiz, gaitasun fisikoari eustea, norberaren pertzepzioa hobetzeko eta pertsonaren autonomia luzatzeko helburuarekin.

Yoseikanaren nazioarteko antolaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2000. urtean, Hiroo Mochizuki maisuak Yoseikan Eskolako soke titulua (munduko Yoseikan dojo guztien zuzendaritza) jaso du ofizialki aita duen Minoru Mochizuki maisuaren eskutik. Diziplina bost kontinenteetako 40 herrialdetan praktikatzen da, eta eskola eta federazio guztiak Yoseikan World Federation izenekoaren tutoretzapean daude. Aipatu behar da "Yoseikan Aikido", "Aikido Mochizuki" eta "Yoseikan Karate" terminoak Minoru eta Hiroo Mochizuki maisuek Aikidoa edo Karatea irakasteko berariaz sortutako metodo bat izendatzeko erabiltzen direla batzuetan.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]