Biblia judu eta kristauen liburu sakratu bat da, erlijio horietako testu garrantzitsuenak biltzen dituena. Judu eta kristauen ustez, Biblian Jainkoaren hitza jakinarazten zaie gizakiei. Baina Bibliari buruzko desberdintasun batzuk daude judu eta kristauen artean; izan ere, Biblia bi zati nagusitan banatuta dago: Itun Zaharra eta Itun Berria.
Itun Zaharra delakoa kristauek juduen Bibliari ematen dioten izena da. Bertan, Jainkoak erlijio honen arabera mundua eta munduko izaki bizidun guztiak nola sortu zituen kontatzen da; esaterako, zerua, izarrak, Lurra eta lehendabiziko gizakien (Adan eta Eva) sorkuntzari buruz hitz egiten digu. Gainera, Israelgo herriaren historia zaharreko hainbat kontakizun eta fede edo erlijio horretako pertsonaia garrantzitsuenen bizitza eta irakaspenak ere sarturik daude Bibliaren zati honetan. Zati hau (Itun Zaharra kristauentzat edo Hebrearren Biblia juduentzat) bi erlijioentzat da sakratua. Jatorrizko testuak antzinako hebreeraz idatzi ziren, baina gero greziera eta latinera itzuli ziren.
Itun Berria, aldiz, bakarrik kristauentzat da Bibliaren zati bat; Jesu Kristoren jaiotza, bizitza, irakaspenak, heriotza eta piztuera eta kristau elizaren sorrera kontatzen dira bertan. Kristauek ez bezala, hebrearrek ez dute Jesus Nazaretekoa (Jesu Kristo) Jainkoaren semetzat aitortzen. Horregatik ez dute Itun Berria liburu sakratutzat onartzen. Itun Berria 27 atal edo liburuz osatuta dago, eta haien artean lau ebanjelioak dira garrantzitsuenak: Mateo, Markos, Lukas eta Joanen ebanjelioak. Itun Berriaren lehen testuak grezieraz idatzi ziren, eta geroago itzuli ziren latinera.
Biblia hitzak, hain zuzen, “liburu” esan nahi du grezieraz eta latinez.
1.500 urtetan zehar gutxi gorabehera 40 pertsonak hartu zuten parte liburu hau osatzeko orduan; haien artean erregeak, arrantzaleak, apaizak, gobernuko funtzionarioak, nekazariak, artzainak eta medikuak ere bai. Dena den, erlijio hauetako jende askok esaten du Bibliako testu guztiak Jainkoak "sortutakoak" direla, nolabait Jainkoak gizaki bati "xuxurlatu" balio bezala; horregatik, Jainkoaren hitzak direla sineste dute.
Biblia zergatik da hain garrantzitsua?
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat mende luzez, liburu sakratu bat izan delako munduko bi erlijiorik garrantzitsuenetako milioika fededun edo sinestedunentzat; adibidez, ez dago hizkuntza gehiagotara itzuli den beste libururik. Dena dela, denbora asko igaro zen greziera eta latinetik hizkuntza modernoetara egindako lehen itzulpenak egin ziren arte (Euskarazko lehen itzulpena 1571n egin zuen Joanes Leizarraga idazle eta apaiz kalbinistak). Gainera, artearen historiako artista garrantzitsu asko eta askoren lanek Bibliako kontakizunak erakusten dituzte.
Erlijio horietako fededunek Biblian kontatzen den guztia egia dela sinesten dute. Baina kontuan izan behar da Bibliako testu batzuk oso zaharrak direla, haietako batzuek 3.000 urte; eta, idatzi zirenean, garai hartakoek oso modu desberdinean ikusten zuten mundua, gure aldean. Biblian erlijio horien oinarriak ematen dira, baina ez daude idatzita gaur egungo zientziak munduaren edo unibertsoaren berri ematen duen moduan.