ABC analisi

Wikipedia, Entziklopedia askea

ABC analisia izakinen kudeaketarako tresna bat da, izakinak osatzen dituzten item edo artikulu mota ezberdinetarako kontrolerako lehentasunak ezartzen dituena. Paretoren printzipioan oinarritzen da, zeinaren arabera artikulu gutxi batzuk inbentarioaren balioaren zati gehiena hartzen duten eta artikulu askok inbentarioaren zati txiki bat hartzen duten[1][2]. ABC analisiak artikuluak hiru motako kategoriatan sailkatzen ditu (A, B eta C), eta horrela kategoria bakoitzeko artikuluei lehentasun ezberdineko kontrola ezartzen zaie:

  • A kategorian balio handiko artikulu kopuru txikia barneratzen da. A kategoriako artikuluei ezarri beharreko kontrola zorrotza izan behar da. Artikulu gutxi sartzen direnez, kategoria honetan, kontrol zorrotza ez da oso garestia izango eta kontrolari esker kostu murrizketa handia izango da.
  • B kategorian balio ertaineko artikulu kopuru ertaina barneratzen da. Kontrol sistermatiko eta aldirikoa behar duten artikuluak izango dira.
  • C kategorian balio txikiko artikulu ugariak barneratzen dira. Kontrol lasaia eta informala onartzen duten artikuluak dira.

A, B eta C kategorietarako mugarri zehatzak aldakorrak izaten dira eta izakinak kontrolatzeko aukera eta baliabideak zien diren hartuko da erabakia. Ohiko mugarri moduan, balioaren %50-%100 hartzen duten balio handieneko artikuluak A kategorian sartzen dira, balioaren %10-%50 hartzen dutenak B kategoriara bildu eta balio osoaren %10 baino gutxiago hartzen duten balio txikieneko artikuluak C kategorian sartuko dira azkenik. Beste sailkapen batzuek, ordea, sailkapen hau erabiltzen dute: A (%70-%100), B (%20-%50), C (<%20). Egun, ordea, ABC analisia baztertuz, izakinen kudeaketarako sistema informatiko zenbaitek kontrol uniformea ezartzen dute, artikuku guztietarako biltegiko kostuei buruzko parametro guztiak zorrotz kontrolatuz.

Adibidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Denda batean saltzen diren artikuluak, unitateko prezioak, unitate kopurua eta balio osoa zehaztu dira:

Artikulua Prezioa Kopurua Balioa Kopurua (%) Balioa (%)
f 15.00 100 1500.00 53 8
g 4.00 100 400.00 14 8
h 1.00 400 400.00 14 33
i 1.50 200 300.00 11 16
j 1.00 200 200.00 7 16
k 0.50 50 25.00 1 4
l 0.10 150 15.00 1 12
m 0.25 30 7.50 0 2
TOTALAK 1230 2847.50 100 100

Ikusten denez, artikuluak guztirako balioari buruz ordenatu behar dira. A(%50-%100)-B(%10-%50)-C(<%10) sailkapenari jarraiki, A kategoriara f artikulua eraman behar da (%53), B kategoriara g, h eta i (%14+%14+%11=%39) eta C kategoriara beste guztiak (j, k, l eta m, guztira %9ko balioarekin).

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Item guztietatik %20ek balio osoaren %80 hartzen dutela (eta beraz, %80ek balio osoaren %20 hartzen duela) aipatu da. Proportzio hauek gutxigorabeherakoak dira eta egoera zein den, balioak aldatu egiten dira.
  2. Paretoren printzipioa izakinetara ez ezik, beste arlo askotara aplikatzen da: familien arteko errenta banaketa, informazio fluxuaren azterketa, ...

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]