Afinitate elektroniko
Afinitate elektronikoa (Eea) gas egoera neutroan eta energia maila baxuenean dagoen atomo orok elektroi bat bereganatzean askatzen duen energia da. Bestela esanda, afinitate elektronikoak atomo batek elektroiak bereganatzeko duen joera eta ahalmena adierazten digu. Elektroia bereganatzean, noski, ioi mononegatibo bihurtzen da. Jarraian azalpen matematikoa:
Erradio atomikoan eta ionizazio-potentzialean ez bezala, afinitate elektronikoak ez du patroi zehatzik elementuek taulan duten kokapenari dagokionean. Hala ere, orokorrean, elementuek taulan duten kokapenaren arabera, joera jakin bat dute.
Periodo bereko elementuen afinitate elektronikoari buruz mintzatuz gero, hauek zenbat eta eskuinalderago eta gorago kokatu, orduan eta afinitate elektroniko altuagoa izan ohi dute. Honek badu logikarik; periodo bereko elementuen artean, eskuinalderago daudenek zenbaki atomiko altuagoa dute, baina geruza kopuru (energia maila) berdina, beraz, protoiek indar handiagoz erakarriko dituzte atomoaren mende ez dagoen kanpoaldeko elektroi oro.
Goialdean kokatuta daudenek behealdekoek baino afinitate elektroniko altuagoa dutela azaltzeko, aurrekoaren antzeko argudioa baliatu dezakegu; goialdeko elementuek protoi kopuru gutxiago dute bai, baina geruza gutxiago dituzte, beraz, elektroi berria menderatzerakoan elkarrekintza handiagoa edukiko luke honek nukleoarekin. Azken finean, geruzak nukleotik hurbilago egonik, kanpo elektroia hurbileko orbital batean atxikiko da, nukleoarekin elkarrekintza handiagoa izango du erradio atomiko handia duten atomoetan baino, energia gehiago askatuz menperatua izatean.