Aiantz haize-errota torloju paladuna

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aiantz haize-errota torloju paladuna

1606an Jeronimo Aiantz Beaumontek Aiantz haize-errota torloju paladuna patentatu zuen. Haize-errotak, ardatzaren bidez, haizearen indarra biraketa momentua bihurtzen du. Aiantzek 1606an patentatu zuen haize-errota hori, ardatz bertikaleko beste haize-errota batekin batera. Bi haize-errotak, jatorriz, hainbat erabileratarako sortu ziren: zereal alea ehotzeko, ureztatzeko, hauspoei eta gabiei eragiteko, edo, patentean azaltzen den bezala, beste gauza batzuei eragiteko [1] [2] [3].

Funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpimarratu behar da patentearen marrazkiak haize-errotaren zeharkako ebaki moduko bat irudikatzen duela. Haizeak hartzen duen norabidearen arabera, airea axialki sartuko litzateke errotako ardatz horizontalera, eskuinetik edo ezkerretik, edozein albotatik.

Airea danbor edo itxitura moduko batetik bideratuko litzateke, zeinak errotaren pala helikoidalak edo torloju formakoak besarkatzen baititu. Airea eskuinetik sartzen bada, alde bereko pala helikoidalek ezkerrekoekin batera biratuko dute, guztiak norantza berean. Berdin gertatuko da airea ezkerretik sartzen bada, hegal helikoide guztiek norabide berean biratuko lukete batera. Airea, gurutzeen bidez igaro ahala, energia galtzen doa, eta, beraz, abiadura. Horrela, aireak mugitzen dituen lehen palek azkenek baino energia gehiago sortzen dute, azkenetan haizea ahulago iristen baita. Airea itxituratik sartzen denean eta gurutze helikoidalak solidarioki lotuta dauden ardatz horizontalarekin batera birarazten dituenean, biraketa horizontala ardatz bertikalera transmititzen da, errotaren erdian dagoen transmisio-sistema baten bidez. Azkenik, ardatz bertikalak beheko aldean dagoen errotarriari eragingo dio, edo, esaterako, ura mugitzeko ponpa bati, eta agindutako lan praktikoa egingo du. Patentetik interpretatzen denez, pala- eta itxitura-multzo osoa erdiko ardatz bertikalaren gainean bira daiteke, eta, beraz, haizeak jotzen duen norabidera bidera daiteke [4].

Ardatz horizontalean oinarriturik funtzionatzen duen haize-errotak helikoide formako zenbait pala-etapa ditu, eta gaur egungo turbina axialen bertsio primitibo gisa interpreta daiteke. Esan liteke funtzionatzeko oinarrizko printzipioa bera dela, bai eta haren funtzionamendua deskribatzen duen fisika eta aerodinamika ere.

Nabarmentzekoa da haize-errotaren funtzionamendua zein xehetasunak hainbat interpretazioren mende egon daitezkeela.

Asmakuntzaren alderdi aipagarrienak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Morfologiaren ikuspegitik, agian lehen analisi batean gehien nabarmentzen dena da Aiantzek torloju moduko pala batzuk proposatu zituela, edo, gaur egun esango genukeen bezala, itxura helikoidalekoak. Ez dago inolako ebidentzia dokumentalik lehenago inork haize-errota batean pala helikoidalak erabili zituela egiaztatzeko [4] [5].

Aiantzek patentatutako errotaren ezaugarri nabarmena da palen formaren inguruan egindako asmakizuna, hegalak ardatz berean seriean jartzearekin batera, eta airearen fluxua hobetzeko itxitura eroale baten barruan kokatzearekin batera. Aipagarria da haize-errota horrek gaur egun erabiltzen diren turbina, ontzien helize eta turbo-makina axial ugari gogorarazten dizkigula [4].

Horrela, esan liteke Aiantz haize-errota torloju paladuna gaur egun turbina axial esaten zaionaren jatorrizkoa dela. Lehen esan bezala, ez dakigu Aiantzek egindakoaren antzeko asmakuntzarik erakusten duen ebidentzia dokumentalik dagoen (ardatz berean zehar ondoz ondoko hainbat etapatan jarritako gurutze helikoidalak, itxitura baten barruan kokatuta) [4].

Aipagarria da, halaber, patentean Aiantzek aireari buruz hitz egiteko «hauspoak» esaten duela. Horrek esan nahi du, haizerik ez zebilenean, errotari airea eskuzko hauspoen bidez emateko aukera aurreikusten zuela, eta haize-errota mugitzea lor zezakeela zegokion lanerako (ura igo, alea eho, etab.). Nabarmendu behar, da haize-errotari airea eremu txiki samarreko sekzio batetik sartzen zitzaionez, modu kontzentratuan eta axialki, helizeak lotuta zituen ardatz horizontalarekiko, oso litekeena dela pertsona batek edo gehiagok eragindako hauspo baten bidez errotaren lana egiteko adina indar egitea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. García Tapia, Nicolás (1990). Patentes de invención españolas en el siglo de oro. Madrid. Editado por la oficina española de patentes y marcas.
  2. García Tapia, Nicolás (2004). Privilegios de invención, en El Renacimiento / coord. Por Manuel Silva Suárez. ISBN 84-7820-742-2, págs. 545-576.
  3. García Tapia, Nicolás (2010). Jerónimo de Ayanz y Beamount, un inventor navarro (1553-1613). Pamplona. Universidad Pública de Navarra. ISBN: 9788497692601.
  4. a b c d Abad, Gonzalo; Penalba, Markel; Zarketa-Astigarraga, Ander. (diciembre de 2021). Molinos de viento patentados por Jerónimo de Ayanz y Beaumont en el año 1606; un análisis conceptual desde una perspectiva ingenieril del año 2021. .
  5. Presentación del molino: https://www.youtube.com/watch?v=pwQUD278k0E&t=97s.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]