Artezketa
Mekanikan, pieza baten perdoi dimentsional eta geometriko, eta gainazal-perdoi zehatzak lortzeko egiten den azkeneko mekanizazio prozesuari artezketa deritzo.
Mekanizatuaren azken fasean, zehaztasun handia behar dituzten kotak artezgailu izeneko makinaren bitartez lantzen dira, gainazal-perdoi eta perdoi dimentsional onak lortuz. Makina honetan, harri urratzaile deituriko erreminta erabiltzen da materiala ebakitzeko. Gainerako mekanizazio prozesuetan sakonera handiagoak lantzen dira, eta material bigunagoko piezekin lan egiten da. Hau da, artezketan sakonera txikiak ebakitzen dira, mikren ingurukoak. Bestalde, material gogorrekin ere lan egin daiteke, esate baterako, altzairu gogortuak.
Prozesuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat artezketa mota daude, eta beraien artean aproposena aukeratzeko, piezaren forma, tamaina, ezaugarriak eta produkzio-abiadura kontuan izan behar dira. Hona hemen teknika erabilienak: gainazaleko artezketa, artezketa zilindrikoa eta creep-feed.
Gainazaleko artezketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gainazaleko artezketan harri urratzaile birakaria erabiltzen da materiala kentzeko eta gainazal laua sortzeko. Prozesu honen bidez lortzen diren perdoiak 5 μm-koak izan ohi dira material lauentzako, eta 8 μm-koak gainazal paraleloentzako.
Gainazaleko-artezgailuak honako elementuetaz osatuta daude: elektromagnetikoak edo xurgatzaileak izan daitezkeen amarratze eta mahaia, eta harri urratzailea.
Normalean artezten diren materialak burdinurtuak eta hainbat altzairu mota dira. Material hauek mahai elektromagnetikora erraztasunez elkartzen dira, eta ez dute harri urratzailea kamusten. Gutxiago artezten diren materialak aluminioa, altzairu herdoilgaitza, letoia eta plastikoak dira, harri urratzailea kamusten dutelako. Hala ere, teknika bereziekin posible da beraien artezketa gauzatzea.
Artezketa zilindrikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artezketa mota hau, gainazal zilindrikoak artezteko erabiltzen da. Arteztuko den pieza puntuen artean jartzen da bere biraketa ahalbidetzeko (kasu batzuetan txakurra deritzon brida baten laguntza behar du). Harri urratzailea eta pieza biratzeko, abiadura desberdinetan biratzen duten bi motor ezberdin erabili behar dira.
Artezketa honen bidez 13 μm-ko perdoiak lortzen dira diametroan, eta 2,5 μm-koak borobiltasunean.
Artezketa zilindrikoaren barruan bost mota daude: kanpo- eta barne-artezketa zilindrikoak eta plunge, creep-feed eta zentro gabeko artezketak.
Sakonerazko artezketa laua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sakonerazko artezketa laua (ingelesez, Creep-feed grinding (CFG)) Alemanian sortu zen 1950ko hamarkadan Edmund eta Gerhard Lang-en eskutik. Artezketa mota hau ez da artezketa arrunta, material asko kentzen duelako, hau da, fresaketa eta torneaketa prozesuekin konpara ditzakegu.
Artezketa mota honetan piezaren abiadura txikia izanez gero, 15 mm-ko sakonerak landu daitezke pasada bakar batean. Sakonera handiak lantzean, harri urratzaileak piezarekin kontaktuan duen azalera handia da. Ondorioz, txirbilaren irteera zailtzen da, eta gainera, lubrifikatzailearen eginkizuna garrantzitsuagoa izaten da. Hau guztiagatik, sakonerazko artezketa lauan harri urratzaileak egitura irekia izan behar du, eta ez da oso gogorra izan behar (hurrengo atalean azalduko dira harri urratzaileen ezaugarriak).[2]
Harri urratzailea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pieza baten artezketa egin ahal izateko, berebiziko garrantzia dauka erabiliko den harri urratzailearen aukeraketa egokia egiteak. Harri urratzailearen aukeraketa apropos bat egiteko, honako propietateak izan behar dira kontuan: arteztu nahi den piezaren materiala, eragiketa mota, neurrizko doitasuna eta gainazal-akabera, piezaren eta harriaren arteko gainazal kontaktua, harriaren abiadura, harri mota eta lan-baldintzak.
Hala nola, harri urratzaile bakoitzak bere identifikazio propioa du, non bere oinarrizko bost propietate definitzen diren; urratzaile mota, alearen tamaina, gradua, egitura eta aglomeratzailea.
Motei erreparatuz, harri urratzaileen artean, urratzaile naturalak eta artifizialak bereiztu daitezke. Naturalen artean ohikoenak hauek dira: esmerilezkoak, diamantezkoak, korindoi naturalezkoak eta kuartzozkoak. Artifizialetan berriz, CBN-ezkoak, korindoi artifizialezkoak eta silizio karburozkoak dira erabilienak.
Harri urratzailearen beste ezaugarri garrantzitsu bat ale-tamaina da. Ezaugarri hau zenbaki batekin definitzen da, ale-tamainaren zenbakia alegia. Zenbaki honek alea pasatzen den bahearen maila-kopurua hazbete lineal bakoitzeko definitzen du. Honela, arbastaketako eragiketak egin nahi badira, ale-tamaina handia duten harri urratzaileak erabiltzea gomendatzen da. Aitzitik, akaberako eragiketetan, ale-tamaina finezko harriak erabiltzea aholkatzen da.
Harriaren egiturari dagokionez, egitura irekia eta itxia desberdintzen dira. Ezaugarri honek harri urratzailearen porositatea definitzen du, hau da, aleen eta aglomeratzailearen arteko erlazioa. Hala nola, mekanizazioko arbastaketa eragiketentzako eta material bigunentzako egitura irekia duten harri urratzaileak erabiltzea gomendatzen da. Mekanizazioko akabera eragiketentzako eta material gogorrentzako berriz, egitura itxiko harri urratzaileak erabiltzea proposatzen da.
Harri urratzailearen gogortasuna bi parametroen araberakoa da: aglomeratzailearen erresistentzia eta aleak batzen dituen aglomeratzaile kopurua. Honela, arbastaketa eragiketentzako eta material gogorrentzako, harri bigunak erabiltzea kontseilatzen da. Akabera eragiketentzako eta material bigunentzako berriz, harri gogorrak.
Harri urratzaileen ezaugarriekin bukatzeko, aglomeratzailea ale urratzaileen bateraketa lortzen duen elementua da eta harri urratzailearen erresistentzian, malgutasunean eta gogortasunean zuzenean eragiten du. Gaur egun, gehien erabiltzen diren aglomeratzaile motak honako hauek dira: beiraztatuak (organikoak), erretxina motakoak (inorganikoak), metalikoak eta elastikoak.
Lubrifikazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artezketa prozesuan fluidoak erabiltzea beharrezkoa da, pieza eta harri urratzailea hozteko eta lubrifikatzeko, eta, bide batez, sortzen diren txinpartak deuseztatzeko. Normalean erabiltzen diren fluidoak uretan disolbatutakoak dira, hala nola, uretan disolbatutako olioak, olio sintetikoak eta petrolioan oinarritutako olioak. Fluidoaren isurketa artezketa ematen den gainazalera zuzenduta egon behar da, harri urratzailearen biraketa azkarraren ondorioz gerta daitekeen desbideratzea ekiditeko.
Pieza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artezketa-prozesuan piezaren heltze-moduak eta piezaren materialak eragin handia daukate artezketaren emaitzan.
Helduleku mota
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pieza bi alboetan puntuen artean helduta egonik, platerrak pieza biratuko du; eta kontaktu azalera txikia denez, txakur baten laguntza beharko du. Pieza eta harri urratzailearen biraketaren noranzkoak kontrakoak izango dira. Horren ondorioz, harri urratzailea pasatzerakoan piezaren materiala jango du. Kasu batzuetan, helduleku bereziak erabili behar dira ertzak arteztu ahal izateko. Helduleku motaren aukeraketa egokia oso garrantzitsua da, ekoizpen-denboran eragin zuzena duelako.
Piezen materiala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artezten diren material ohikoenak hurrengoak dira: aluminioa, letoia, plastikoa, burdinurtua, altzairu gozoa eta altzairu herdoilgaitza. Aipatutako lehenengo hiru materialak zailak dira artezteko, oso bigunak direlako eta harri urratzailea kamusten dutelako. Bestalde, burdinurtuekin eta altzairu gozoarekin lan egitean ezaugarri oso onak lortzen dira. Aldiz, altzairu herdoilgaitza zaila da artezteko, oso gogorra delako; nahiz eta posible izan harri urratzaile egokia aukeratuz gero.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ikus osoa https://en.wikipedia.org/wiki/Grinding_(abrasive_cutting)
- Ikus http://www.winterthurtechnology.com/en/group/solution-finder/grinding-process/creep-feed-grinding.html