Edukira joan

Atari:Hezkuntza/Euskal Herriko historia 100 objektutan/Zarauzko nekropolia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zarauzko nekropoliko gorpuetako bat.

Zarauzko nekropolia X. mende inguruko hilerri bat da, Andre Mariaren Zeruratzearen parrokiaren eta bere dorrearen azpian aurkitu zena. Gertakari historiko garrantzitsu baten lekuko da. Erdi Aroaren hasieran, Antzinako Erroma erori ostean, kostaldeak leku ez-seguru bilakatu ziren. Etengabeak ziren erasoak, adibidez bikingoena. Horrela, euskal kostaldean bizi zirenak barnealdera joan ziren. Zarautzen eta Getarian Burdin Aroko eta erromatar garaiko aztarnak aurkitu dira, baina mende batzuetan Aia aldera mugitu ziren, erasoen beldur. VIII. mendean berriro finkatu ziren kostan, agian lehenago noizbehinka erabiltzen zen eremuaren gainean, eta lehenengo elizak eraiki ziren, egurrezkoak. Horren inguruan jendea lurperatzen hasi ziren, XI. mendera arte. Nafarroako Erresumak 1237an eman zion Zarautzi hiribildu titulua, baina aurretik jada gutxienez bi eliza eraiki ziren gaur egungoa dagoen lekuan.

Ezaugarri interesgarriak

[aldatu iturburu kodea]

Orain arte kontakizun nagusiak esaten zuen kostaldea guztiz hustu zela eta berriro botere politikoa berrezarri arte, arriskutsua zela. Baina Zarauzko nekropoliak esaten digu okupazioa, txikiagoa bazen ere, etengabea izan zela. Bertan aurkitutako gorpuak mendez mende joan dira pilatzen.

Andre Mariaren Zeruratzearen parrokiaren indusketa egin zenean aurkitu ziren elementu gehienak. Elizaren lurzorua gaur egun kristalezkoa da, eta alfonbra batekin estalita dago. Alfonbra kentzerakoan azpian dauden Burdin Aroko etxearen arrastoak (suaren arrastoak), Erromatarren garaiko elementuak, eta lehenengo eta bigarren tenpluko paretak daude. Bertan gorpuak aurkitu zirenez, kanporantz jarraitu zuten ikertzen, eta elizatik aparte dagoen kanpandorrearen azpian ere aurkitu ziren gorpuak. Horiek gaur egun bisita daitezke.

Nola heldu garen objekturaino

[aldatu iturburu kodea]

Beste nekropoli bat ere badugu zerrendan, Argiñetako Aczenari objektuarekin ordezkatua, lehen komunitate kristauena. Zarauzkoa antzeko garai batekoa izanda, agian errepikapena bada. Baina hemen kontatzen dena beste gauza bat da, kostaldeko okupazioa konstantea izan zela, eta Antzinako Erromaren boterea desagertu zenetik Erdi Aroaren amaierara arte herri batzuek jarraitu zutela.

Antzinako Erromako Via Marisarekin lotu daiteke (Higerko brontzeak). Parrokiaren erdian badago lurperatze garrantzitsu bat, uste da Zarauz leinuko kide batena. Leinu horrek "Zarautz baino lehen Zarauz" leloa erabiltzen zuen eta Ahaide Nagusien historiarekin lotu daiteke.