Argiñetako Aczenari
Argiñetako Aczenari | |
---|---|
Jatorria | |
Sorrera-urtea | IX. mendea |
Aurkikuntza lekua | Argiñetako nekropolia |
Ezaugarriak | |
Materiala(k) | hareharria |
Dimentsioak | 35 () × 38 () × 8 () cm |
Kokapena | |
Lekua | Arkeologi Museoa |
Bilduma | Arkeologi Museoa |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Bilbo |
Aczenari Elorrioko Argiñetako nekropolian aurkitutako hilarri batean idatzitako euskal izena da. Egikera, ikonografia eta onomastika egiteko moduak nahiz epigrafiak aintzat hartuta, IX. eta X. mendeen artean egindako lan bat dela jotzen da. XVII. mendetik nekropoli horretako dozena bat ehorzketa elementu ezagutzen dira, baina pieza hau berezia da: izan ere, in situ, hau da, lekuan bertan aurkitu zen[1], ehorzketa lekua bera seinalatuz. Gaur egun Arkeologi Museoaren bilduman dago, Bilbon[2].
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hilarriak itsura lauangeluarra dauka; 35cm-ko altuera, 38cm-ko zabalera eta 8 cm-ko lodiera. Hala ere, hilarriaren jatorrizko forma ez zen laukizuzen hori. Izan ere, berriro zizelkatu zuten, berrerabili ahal izateko. Hilarriak disko itxura zeukan, eta ziurrenik trapezoide formako beste luzapen bat izango zuen euskarri gisa. Hilarriaren forma antropoide hori lurrean finkatzen zen.
Piezak bi aldeetan dauka greziar gurutze bat zizelkatuta, beso asimetrikoekin, behe-erliebean egindakoak. Aurrealdeko aurpegian, beso horizontalean inskripzio bat dago: ACZENARI
.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aczenari izena maiz agertu da Erdi Aroko kartularioetan, eta Azeari zein gaur egungo Aznar izen/abizenekin parekatu da. Zabalpen handia izan zuen euskal lurraldeetako ekialdean[3].
Hilobia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hilarria 30 urte bete baino lehen hil zen gizon baten hilobi baten burualdean aurkitu zen. Gizona Erdi Aroko kristau errituaren arabera ehortzi zuten: ahoz gora, eskuak sabelaren parean elkar zeharkatuta, hankak luzatuta, burua hilobiaren mendebaldeko aldean eta ehorzketa haturik gabe. Hala ere, gizabanako hau ez da Aczenari izeneko hura; hilarria berrerabilita baitago, eraldatuta eta buruz bera ipinita. Modu honetara inskripzioak jatorrizko esanahiarekin duen lotura hautsi nahi da.
Hilarriak, beraz, lehenago lurperatutako Aczenari izeneko norbait izendatzen zuen, ez dena hezurdura hori. Aczenari hori nor zen ezin da jakin, baina ziurrenik gizon bat izango zen, beharbada elizgizon bat edo Argiñetako komunitateko pertsona garrantzitsu bat.
Hilarriaren testuinguru estratigrafikoaren karbono 14 azterketak 1080±30 urteko data ematen du. Baina egikera, ikonografia eta onomastika egiteko moduak zein epigrafiak aukera gehiago ematen ditu jatorrian IX. eta X. mendeen artean egindako lan bat izateko[4]. Ondoren, XI. mendearen amaiera aldean berrerabili zen, beste pertsona baten hilobian. Aurreko mendeetako hilobiratzeak ez bezala[5], honakoa guztiz kristaua da.
Argiñeta
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Argiñetako herrixka etxe gutxi batzuek osatzen zuten. Bertoko familiek inguruko lurrak ustiatzen zituzten. Nekazaritza dibertsifikatu bat lantzen zuten, non garia, garagarra eta hurritza bezalako zuhaitzak ziren nagusi. Terraza artifizialetan lantzen zituzten produktu horiek, mendi magalak eta lurraren higadura murrizteko, horrela bere kalitatea handituz. Basa-landareak ere biltzen zituzten, eta behiak, ardiak, ahuntzak eta txerriak mantentzen zituzten. Animali hauek haragia, esnea, artilea eta bigarren mailako beste produktu batzuk ematen zituzten, eta gainera nekazaritzako lanetan ere erabiltzen ziren[6].
Herrixkan komunitatearen biziraupenerako beste jarduera batzuk ere egingo lirateke; hori ondorioztatu daiteke aurkitu diren etxe-sutondoetatik edo oihal-artisautzarekin zer ikusia duten orratzetatik eta zulagailuetatik ere. X. mende inguruan herritarrak gertuko auzo batera mugitu ziren, baina hilerria erabiltzen jarraitu zuten, herrixkaren gainean XI. mendean hilerri berria eraikiz, eta bertan berrerabili zituzten aurreko ehorzketetan erabilitako hilarria eta harriak. Aurkitutako beste idazkun bat 883. urtean datatu da[7][8]. XI. mendearen amaieran hilerria ere albo batera utzi zen[9].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ García Camino, Iñaki. (2020). «Arqueología Medieval en Bizkaia: entre la excavación y la investigación» (pdf) Kobie (20): 205-238. ISSN 0214-7971..
- ↑ El museo, pieza a pieza. Bizkaiko Arkeologi Museoa.
- ↑ «Azeari - Pertsona-izenak - EODA» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
- ↑ «Argiñetako Nekropolia» Elorrio Turismoa (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
- ↑ Azkarate Garai-Olaun, Agustin. (1984). Elementos de arqueología cristiana en la Vizcaya altomedieval. Sociedad de Estudios Vascos = Eusko Ikaskuntza ISBN 978-84-86240-09-7. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
- ↑ García Camino, Iñaki. (2020). «Argiñeta: Un lugar donde vivir hace 1200 años» Astola: ikerketa eta historia (14): 138–149. ISSN 1888-234X. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
- ↑ Azkarate Garai-Olaun, Agustin. (2003). «La arqueología y los intereses historiográficos. (De los postulados vascocantabristas a las necrópolis tardoantiguas de influencia nordpirenaica)» Bidebarrieta: Revista de humanidades y ciencias sociales de Bilbao (12): 27–60. ISSN 1137-4888. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).
- ↑ Gorostiaga, J. (1983). Dolmenes y sarcófagos misteriosos. In Piarres Laffiteri omenaldia (pp. 783-795). Euskaltzaindia.
- ↑ García Camino, Iñaki. (2001-10-05). «La aportación de la arqueología al estudio del tránsito entre la antigüedad y el medievo en Bizkaia» Arqueología y Territorio Medieval 8: 97–112. doi: . ISSN 2386-5423. (Noiz kontsultatua: 2024-11-11).