Atristain auzia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Atristain auzia Xabier Atristain euskal herritarraren inguruko kasu penala da. Atristaini hamazazpi urteko espetxe zigorra ezarri zitzaion 2010ean. Atristain auzitegian kargurik gabe libre utzi zuten, baina berehala Guardia Zibilak berriz atxilotu zuen. Harrezkero, ia hamabi urte eman zituen giltzapeturik 2022ko otsail arte. Hain zuzen, orduantxe aske geratzeko arrazoia da defentsak helegitea jarri zuela Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian eta Xabier Atristainen alde ebatzi zuela urte hartako otsailean, epaiketan defentsa eskubide osoa ukatu zitzaiolakoan. Auziak oihartzun handia hartu zuen une horretan Hego Euskal Herrian.[1]

Europako auzitegi horren sententzia irmoa da, Espainiak helegite bat jarri ondoren.[2] Haatik, ebazpen hori eman eta gutxira, Espainiako Auzitegi Gorenak uko egin zion Giza Eskubideen Europako Auzitegiak egindako berrikuspena kontuan hartzeari, eta urte bereko ekainaren 2an Ertzaintzak kalean atxilotu zuen Atristain, Donostiako Parte Zaharrean zebilela. Martuteneko espetxera eraman zuten.[2] Espainiako auzitegi horretako zigor arloko salak adierazi zuen egindako adierazpenak kontuan hartu gabe ere "beste froga batzuek ondorio berera" zeramatela, eta Atristainen adierazpenik gabe ere ez zela, beraz, kondena aldatuko.[3] Europako Auzitegiak, berriz, adierazi zuen auzipetuaren defentsarako bermeen urraketak prozesu osoari eragin ziola.[4]

Donostiako Udalak kezka agertu zuen 2022ko ekainean Atristain berriz atxilotzearekin, eta "arbitrariotzat" jo zuen atxiloketa.[5]

Fiskaltzaren helegitea tramitera onartuz eta erabaki finkorik izan gabe kartzelara bidalita[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xabier Atristainen kasua eta gero, Espainiako fiskaltzak euskal preso politikoen aurkako antzeko egoera erabakiak hartu zituen. 2023ko martxoan Xabier Atristain eta Juan Manuel Inziarte preso donostiarrak Martutenen kartzelaratu zituzten berriz, hirugarren gradua kenduta, Fiskaltzaren helegitea tramitera onartuz eta erabaki finkorik izan gabe. Xabierren kasuan bigarren aldia zen[6].

2023ko urtarrilerako, 2021eko irailean Eusko Jaurlaritzak espetxe zaintzaren eskumenak eskuratu zituenetik Jaurlaritzak 450 preso baino gehiagori onartu zien hirugarren gradua, eta horietatik 33 euskal preso politikoak izan ziren. Jaurlaritzak adierazi zuen presoa gizarteratzeko modurik egokiena dela baimenekin kalera ateratzea, eta politika horrekin aurrera jarraituko duela, presoen arteko bereizketarik egin gabe.

Euskal preso politikoen kasuan, dena den, espetxe zaintzarako eskubideak Auzitegi Nazionalaren esku daude, eta handik oztopoak jartzen ari zaizkie Jaurlaritzak emandako hirugarren graduei. Sareren esanetan, aipatu 33 preso horietatik 23ri hirugarren gradua kentzeko helegiteak jarri dizkiete Auzitegi Nazionalean; horietatik zazpiri hirugarren gradua kendu diete eta ostera ere espetxera sartu[7].

2022ko amaieratik Auzitegi Nazionalak hainbatetan ezeztatu zituen Jaurlaritzak preso politikoei emandako hirugarren graduak. Fiskaltzak sistematikoki aurkeztu zituen hirugarren gradu horien kontrako helegiteak, eta, 2021etik, hamar eskaera onetsi zituen auzitegiak. 2023ko urtarilerarte Joseba Arregi, Aitor Esnaola, Mikel San Argimiro, Xabier Atristain, Gorka Martinez nahiz Iñaki Bilbao preso politikoei kendu zizkieten hirugarren graduak, berriz espetxeratzeko[8][9].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]