Baldintzazko perpaus

Wikipedia, Entziklopedia askea

Baldintzazko perpausa perpaus nagusiak adierazten duena benetakoa izan dadin bete behar den baldintza ezartzen duen perpaus txertatua da.

Baldintzazko perpausak: (BALDIN) BA- …[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baldintzazko perpausek baldintzazko periodoa osatzen dutela esan ohi da. Baldintzazko perpausek, perpaus adberbialek bezala, adizlagun baten lekua betetzen dute perpaus nagusian. Baina baldintzazkoek nortasun berezi samarra dute, perpaus nagusiko aditzaren eta baldintzazko perpausaren artean halako lotura berezia izan ohi baita sarritan, normalean bestelako perpausetan gertatzen ez dena:

  • Bihotz baten lekuan mila banitu, zuretzat izango lirateke.
  • Bihotz baten lekuan mila izan banitu, zuretzat izango ziren.

Baina

  • Bihotz baten lekuan mila baditu, niretzat izango dira.

Baldintzazko periodoa bikoitza izan ohi da: alde batetik, baldintza ezartzen duen perpausa (PROTASIA deritzona), eta, bestetik, baldintza hori betez gero gertatzen den ondorioa adierazten duen perpausa, APODOSIA edo ONDORIOA deritzona. Baldintzazko perpausek, gainerako perpaus txertatuek bezala, badute beren menderagailu berezia, alegia: BA-. Eta indartua ere ager daiteke, BALDIN morfema erantsita. Beste perpaus txertatuetan ez bezala, ez dute aditzari eransten zaion atzizki bat: (BALDIN) BA- aditz-aurrizki bat da.

Baldintza-motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baldintzak, edo baldintzazko periodoak, mota desberdinetakoak izan daitezke. Bi multzo nagusitan banatzen dira baldintzazko perpausak: alegiazkoak eta alegiazko ez direnak.

Baldintza alegiazkoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izenak adierazten duen bezala, ustezko, alegiazko zerbaitez ari den baldintza da, hiztuna ametsetan ariko balitz bezala, ez egiazki gertatu edo gertatuko den zerbaitez. Baldintza-mota honetan, alegiazko adizkiak erabiltzen dira:

  • a. Hori egia balitz, nik diodana ere egia litzateke.
  • b. Harri handi bat botako bazenu, zer gertatuko litzateke?

Goiko perpaus horietan ametsezko mundu batean bezala ari da hiztuna.

Alegiazko baldintzaren adizkiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Era honetako baldintzan, adizkiak lau motatakoak izan litezke berez:

Adizki trinkoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • a. Negar egingo luke nire amak baleki.
  • b. Asti pixka bat banu, pozik joango nintzateke.

Adizki hauetan ez da aspekturik markatzen.

(IZAN) + Alegiazko laguntzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • a. Txakurra garaiz ikusi (izan) banu, ez nuen harrapatuko.
  • b. Medikuari kontatu (izan) bazenio, ez zitzaizun arazoa larriago egingo.
  • c. Euskaraz, latinez edo frantsesez adina liburu egin balitz, haiek bezain aberats izango zen euskara ere.

Adizki perifrastikoetan lehenbiziko osagaiak aspektu burutua badu, iraganean gertatu ez den baldintza bat aipatzen da. Horregatik, era honetako baldintzak, BALDINTZA IRREALAK direla esaten da. Iraganeko zerbait aipatzen dute eta, horrenbestez, perpaus nagusian –baldintzaren ondorioan, alegia– iraganeko formak erabili ahalko dira. Aspektu burutuaren dela azpimarratzeko-edo, adizki perifrastikoaren bi osagaien artean IZAN laguntzailea ezar daiteke, aurreko adibideetan seinalatu den bezala. Nolanahi ere, IZAN hori aukerakoa da, ez nahitaezkoa. Horregatik ezarri da, hain zuzen, parentesi artean.

/ + Alegiazko laguntzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Formaz, egiten balu eta egingo balu, erortzen balitz eta erori balitz, desberdinak dira, baina baldintzazko perpausetan ez da bereizketarik egiten. Bereizketa euskalkien araberakoa da: ekialdean lehenengo forma erabiliko dute; mendebaldeko euskaldunek, berriz, bigarren forma nahiago. Teorian, bereizi beharko lirateke, baina ez da horrelakorik gertatzen. Bi formek iraganeko ez den alegiazko baldintza bati erreferentzia egiteko balio dute:

  • a. Txakurra ikusiko banu, korrika hasiko nintzateke.
  • b. Medikuari kontatuko bazenio, hark erremedioa bilatuko lioke zure gaitzari.
  • c. Euskaraz, latinez edo frantsesez adina liburu egingo balitz, haiek bezain aberats izango litzateke euskara ere.

Perpaus horiek aurreko atalekoekin konparatuz gero , berehala ikusten da zein den funtsezko diferentzia: aurreko atalekoek iraganari begira ezarritako baldintza aipatzen dute. Gertatu ez den zerbaitez ari dira. Horregatik deritze «irrealak». Amets huts direlako. Atal honetakoak, berriz, amets dira, bai, baina oraindik gertakizun den zerbaitez ari direnez, ez dira irrealak, gerta litezke.

«BALEDI» sailekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreko ataleko esamoldeen baliokide dira. Beraz, aurreko adibideak beste modu honetara ere eman daitezke:

  • a. Txakurra ikus baneza, korrika has ninteke ihesi.
  • b. Medikuari konta bazeniezaio, hark erremedioa bila liezaioke zure gaitzari.
  • c. Euskaraz, latinez edo frantsesez adina liburu egin baledi, haiek bezain aberats izan liteke euskara ere.

Baldintza ez-alegiazkoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alegiazko mundutik aparte ere osa daitezke baldintzazko periodoak. Adibidez:

  • a. Sukaldea ongi garbitzen ez bada, saguak azaltzen dira.
  • b. Erosi baduzu, zergatik ez duzu ordaindu nahi?
  • c. Musika jarri behar izaten du kontzentratuko bada.

Horrelako perpausak ez dira denak maiztasun berarekin erabiltzen. Azkenak (c), bereziki, oso adiera markatua du, beti ere obligazioa edo premiazko zerbait adierazten baitu. Nolanahi ere, argi dago oraingoan ez dagoela alegiazko mundurik, zerbait errealago bat baizik. (b)-n, adibidez, erosi duzula onartzen da eta horren ondorioa da perpaus nagusia. Iraganean ere joan daiteke laguntzailea:

  • a. Sukaldea ongi garbitzen ez bazen, saguak azaltzen ziren.
  • b. Erosi bazenuen, zergatik ez duzu (edo zenuen) ordaindu nahi?
  • c. Musika jarri behar izaten zuen kontzentratuko bazen.

Baldintza ebentualak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Formaz errealak diren baldintzazko periodoak EBENTUALAK ere izan daitezke:

  • a. Erortzen banaiz, altxatuko naiz.
  • b. Astia baduzu, idatzi, mesedez, gutun hau.

Halakoetan, gehienetan, baldintzaren ondorioko adizkiak salatzen du ebentual baten aurrean gaudela. Izan ere, adizki hori, gehienetan, geroaldian edo aginteran joan ohi da: altxatuko naiz, idatz(i) (ezazu). Baldintza ebentualek benetan gerta daitekeen zerbait adierazten dute. Horregatik, hizkera jasoan eta apur bat zaharkituan, *EDIN eta *EZAN laguntzaileen bidez osatutako adizkiak erabil litezke: IZAN edo EDUN saileko adizki perifrastikoen ordez badadi, badeza, sailekoak alegia:

  • c. Eror banadi, altxatuko naiz.
  • d. Makina berria eros badezazu, eska ezazu kalitate ziurtagiria.

Esan bezala, forma horiek ez dira hizkera arruntekoak. Eta gogoan izan: (a) eta (c) batetik, eta (b) eta (d) bestetik, zeharo baliokide dira.

BAZEN / BALITZ[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontzentratuko bazen eta kontzentratuko balitz bi adizki erabat desberdinak dira. Bata erreala da, bestea alegiazkoa. Hori argiro erakusten du laguntzaile desberdinak: bazen / balitz. Eta alegiazkoaren ordez ezin erabil daiteke forma erreala. Horrenbestez, honako esaldi honen antzekoetatik ihes egin behar da:

  • a. *Jakin banuen esango nizun.
  • b. *Aberats batekin ezkondu bazen, zoriontsuago izango zen.

Haien ordain zuzenak honako hauek dira:

  • a. Jakin (izan) banu esango nizun.
  • b. Aberats batekin ezkondu (izan) balitz, zoriontsuago izango zen.

Forma errealak oso testuinguru jakinetan erabiltzen dira:

  • a. Berri hori jakin banuen jakin nuen. Damutu ere ongi damutu nintzen.
  • b. Aberats batekin ezkondu bazen, nolatan hil zen hain pobre?

*BALITZATEKE eta *BANUKE modukoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste ohar bat ere egin behar da. Gorago adierazi da baldintzaren marka (BALDIN) BA- aurrizkia dela. Halaber adierazi da baldintzak periodo bat osatzen duela ondorioarekin eta bi adizkien artean lotura estu samarra dagoela, ezin dela nolanahiko adizkia erabili. Argi dago, dena den, baldintzaren marka BA- dela. Ondorioan, berriz, sarritan -KE-dun adizkiak agertuko dira, [+AHALA] ezaugarria dutenak. Hori goiko adibideetan ongi asko ikusten da. Baina baldintzan BA- eta -KE biak batera ezin dira ezarri, benetako ahalezko adizkia ez bada. Beraz, honako hauek ez dira zuzenak:

  • a. Bihotz baten lekuan mila *banituzke, zuretzat izango lirateke.
  • b. Zintzoagoa *balitzake, jendea pozago ibiliko litzateke.

Adibide horiek beste modu honetara egongo lirateke zuzenago:

  • a. Bihotz baten lekuan mila banitu, zuretzat izango lirateke.
  • b. Zintzoagoa balitz, jendea pozago ibiliko litzateke.

Baina, baldintza errealen artean, alegiazko ez diren adizkiak erabil badaitezke, esan nahi du ahalezko adizkiek ere osa ditzaketela baldintzazko perpausak:

  • a. Diru horrekin molda bazaitezke, ez eskatu inori.
  • b. Probetxuren bat atera badezakete, egon lasai, agertuko dira.

Baldintzaren ondorioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorago adierazi den moduan, baldintzan eta ondorioan agertzen diren adizkiek lotura berezia dute. Komunztadura berezia dutela esan ohi da. Izan ere, batean adizki bat ezarriz gero, bestean ezin da, sarritan, edozein adizki eman. Oro har, honako erregela hau eman liteke: Baldintza alegiazkoa bada, ondorioak ere alegiazkoa behar du.

Orainaldiaz edo geroaldiaz aritzean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orainaldiari eta geroaldiari erreferentzia egiten dioten baldintzekin ikusten da argien:

  • a. Nire amak baleki, negar egingo luke.
  • b. Gezurra esango balizu, zer egingo zenioke?
  • c. Diozuna gerta baledi, denak poztuko lirateke.

Iraganaz aritzean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baldintza iraganean kokatua badago, irreala bada alegia, orduan ondorioa iraganean joan ohi da gehienetan. Adibidez:

  • a. Lehenago etorri (izan) bazina, elkarrekin joango ginen.
  • b. Jakin (izan) banu, etxean geldituko nintzen.
  • c. Nik esandakoa egin bazenu, orain bi izango zenituen.

Horrelakoetan, argi dago kontua: ondorioan adizki perifrastikoa ageri da, adizki nagusia geroaldiko forman eta adizki laguntzailea IZAN edo EDUN-en iraganekoa. Haien ordez, [+AHAL] formak ere zilegi dira:

  • a. Lehenago etorri izan bazina, elkarrekin joango ginatekeen.
  • b. Jakin (izan) banu, etxean geldituko nintzatekeen.

Baldintza alegiazkoa ez denean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kasu honetan, debeku nagusia da ondorioko-adizkiak ez-alegiazkoa izan beharra:

  • a. Etorri bada, abisatuko digute.
  • b. Galtza merke batzuk ikusten badituzu, erosi mesedez.
  • c. Berak horrela nahi izan bazuen, errua berea da.
  • d. A esaten banuen, batzuk haserretzen ziren. B esaten banuen, beste batzuk.

Baldintza geroaldikoa bada, obligazio-kutsua hartzen du perpausak; horregatik, ondorioan aurkituko den adizkia ere halakoa izango da:

  • a. Milako bat eman behar izan nion, bakean utziko bagintuen.
  • b. Nola edo hala engainatu beharko duzu, isilduko bada.

Laburbilduz:

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]