Batez besteko heltze-aro

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Enpresaren ekonomian, batez besteko heltze-aroa enpresa baten ustiapen zikloaren iraupena da, enpresak lehengai baten unitatea ekoizpen prozesuan baliatzen duenetik bezero batengandik produktu bukatu baten trukean egindako ordainketa jasotzen duenera arte luzatzen den denbora, alegia. Labur esanda, dirua-izakinak-ekoizpena-salmenta-kobratzea-dirua ziklo osoaren iraupena, jarduera ekonomikoan dirua inbertitzen denetik kobratzen denera arteko denbora alegia. Oro har, heltze-aroa ahalik eta laburren izatea komeni da, enpresak bere ustiapen zikloan inbertiturik dituen aktibo zirkulatzaileak ahalik eta txikienak izan eta horrela bere finantza beharrak murrizteko. Horrela, maniobra-fondoarekin lotura estua duen kontzeptua da: heltze-aroa luzea denean, heltze-aro osoko aktibo zirkulatzailea nolabait finantzatu beharreko maniobra-fondo handia beharko du enpresak.

Heltze-aro ekonomikoa lau zikloen baturaz sortzen da: enpresa industrialen kasuan, biltegiko denbora, ekoizpen denbora, salmenta denbora eta kobratze-denbora gehituz kalkulatzen da; merkataritza-enpresen kasuan berriz, heltze-aroa salmenta-denborak eta kobratze-denborak osatzen dute. Heltze-aro finantzarioa kalkulatzeko berriz, hornitzaileei hornikuntzak ordaintzeko denbora kendu behar zaio heltze-aro ekonomikoari, lehengaiak eta enpresak darabiltzan beste izakinak enpresak jasotzen dituen unean hornitzaileei ordaintzen ez zaizkienean, beranduago baizik.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]