Bayerren izendapena

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bayerren izendapena izar izendapenerako sistema bat da, Johann Bayerrek XVII. mendearen hasieran, 1603an zehazki, Uranometria izeneko bere izar atlasean hasi zuena eta konstelazio bateko izarrik dizdiratsuenari α izena eta konstelazioaren izena ematen dizkiona, bigarren dizdiratsuenari β eta hala greziar alfabetoko gainontzeko hizkiekin jarraituz minuskulan idatziak konstelazioko izarrentzat, beti ere beherantz dihoazen irudizko magnitude edo dizdiretan.

Kasuren batzuetan, Bayerren jatorrizko izendapenaren ordena ez da zuzena, konstelazio bateko izarrik dizdiratsuenak ez baitu α izena jasotzen, edo, batzuetan, konstelazioen arteko egungo mugak ez datoz bat Bayerrenekin. Hala ere, Bayerren izendapena oso erabilia da.

Bayerren sistema izar gehiago izendatzeko ere zabaltzen da. Lehenik hizki latindarrak minuskuletan erabiliz eta jarraian hizki larrietan. Izendapen hauetako gehienak gutxi erabiltzen dira, salbuespen batzuekin, h Perseo eta P Cygni kasu. Bayerren izendapenean erabiltzen diren hizki latindar larriak sekula ez doaz Qtik aurrera. R Leporis edo W Ursae Majoris bezalako izenak Bayerren izendapenarekin inongo zerikusirik ez duten izar aldagarrien izendapenak dira.

Superindizeak ere erabiltzen dira hasiera batean Bayerren izendapen bakarra zuten izar bikoitzak ezberdintzeko, hau soilik izar bikoitzentzako erabiltzen ez den arren. Horren adibide π1, π2, π3, π4, π5 i π6 Orionis izarrek osatutako katea da.

Beranduago, John Flamsteedek zenbaki arabiarrak eman zizkien konstelazio bakoitzeko izarrei hauek identifikatu ahal izateko. Bi sistema hauetan, zenbaki edo hizkien ondoren konstelazioaren izen latindarra dator. Honela, Aldebaran eta Alnath, Bayerren izendapenari dagokionez Alfa (α) eta Beta (β) Tauri bezala ezagutzen dira, eta Flamsteeden izendapenean 87 eta 112 Tauri bezala.

Antzinaroan, soilik izar dizdiratsu gutxi batzuk jaso zuten izen propioa. Arabiarrek izen propioak beste askori eman zizkieten. Izarrek beste izen batzuk ere jaso ditzakete, bildu diren katalogo ezberdinen arabera, hauen zati direlarik. Honela, izar bakar batek izen ezberdinak jaso ditzake.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]